"Hezkuntza Sailaren erabakiak alde bakarrekoak eta bat-batekoak dira"
Hezkuntza Sailaren ezagutza eza, sakoneko informazioa ez ematea eta erabakiak hartzeko hezkuntza komunitate osoaren iritziak eta proposamenak ez jasotzea salatu ditu Steilasek.
Hezkuntza komunitatea, zuen sektorea zelan harrapatu du egoera honek?
Ezustean harrapatu gaitu, batez ere Araban. Haiek izan zirelako lehenengoak. Ikusten genuen bazetorrela, baina ez genekien zelako dimentsioa izango zuen. Hasteko, erabakia horrela hartu behar bazuten ere, erabakia alde bakarrekoa izan zen. Hau da, Hezkuntza Sailak ez zuen kontuan hartu hezkuntza komunitatea, ez sindikatuak, ez inor. Egun batetik bestera erabaki zuten ikastetxeak itxi behar zirela. Eta bere momentuan erabaki zuten irakasle guztiak zentroetan egon behar zirela lanak bideratzeko, nahiz eta ikaslerik ez egon. Ezarritako neurriekin jendea kutsatzea saihestu nahi zuten, baina ez zeukan zentzurik langileak ikastetxeetara joatea. Eta gure kezka hori zen. Horren ostean erabaki zuten telelana egitea, eta hori egiteko hartutako neurri batzuk hainbat tokitan ezinezkoa da aurrera eramatea.
Hezkuntza sistema prestatuta zegoen halako egoera bati aurre egiteko?
Guk salatu duguna izan da, batez ere, beti bezala, halako neurri unibertsalak hartu izana, adibidez, telelana egitea. Zentro askotan, eta batez ere, eskola publikoan eta egoera zailagoan dauden ikastetxeetan, horrelako neurriekin hainbat familiek ezin dute aurrera egin. Ez da bakarrik Interneta ez daukatelako. Orain planteatzen ari da Interneta doakoa izatea, baina hainbat etxetan familiek ez daukate ezta ordenagailurik ere. Horrez gain, irakasleok ere ez dugu denborarik eduki planifikazio bat egiteko. Bat-batean eskatu zaigu era horretara lan egiteko, tresnak, baliabideak eta kasu batzuetan formazio egokia izan barik.
Beraz, arazoak daude telelana egiteko?
Irakasleak autodidakta moduan ari dira lan egiten, ikasten doaz praktikatzen ari diren bitartean. Ez da bakarrik guk esaten duguna. Aurreko egunean, Isabel Celaak esan zuen ikasleen %12 galduta dagoela. Momentu honetan ez dakigu non dauden, ez daudelako inon konektatuta. %12 kopuru handia da, baina, beti bezala, kopuru hori suposatzen dugu hainbat tokitan eta ikastetxetan %80 edo gehiago ere izan daitekeela. Badakigu askok eta askok ez daukatela baliabide teknologikorik honi aurre egiteko, ezta komunikatzeko ere. %12 hori ikuskaritzetatik egindako azterketen batez bestekoa da, baina batez bestekoak nahikoa engainagarriak izaten dira.
Non edo zertan galdu dira?
Galduta daude ikasketa mailan eta baita jantoki zerbitzua bertan behera utzi dutelako ere. Orain badirudi kudeatzen ari direla moldatzeko. Baina bi astez zerbitzu hori ez dute eduki, eta familia askorentzat oso garrantzitsua da. Pentsatzen dugu ez dutela lehen momentuan fokua detektatu, eta esperientziak erakusten zigun zernolako urratsak eman beharko ziren. Uste dugu erabakiak oso bat-batean hartu direla.
“Familia askok ez dute badiabide teknologikorik, ezta komunikatzeko ere”
Aitatu duzu aldea dagoela bai familiei eta baita ikastetxeei dagokienez ere. Zergatik?
Egia da hainbat ikastetxetan halako lanak teknologia berriekin egiteko prestatuago zeudela beste batzuetan baino. Hori da salatu duguna; baita honi zelako erabilera eman dioten. Adibidez, telebista ikusita, bazirudien ikastetxe guztietan denak primeran funtzionatzen zuela. Baina prentsa oharra zabalduta salatu genuen krisi sanitario hau hasi zenetik ETBk berak atera dituen ikastetxe guztiak izan direla pribatu-itunpekoak, ‘eliteagoak’ direnak, eta ez egoera latzagoan daudenak. Ez zaio elkarrizketa bat bera egin ikastetxe publikoetako inori. Normaltasuna adierazi nahi izan dute, baina hori ez da errealitatea.
Arrakala zentzu edo alor askotan dagoela salatu duzue.
Irakasle, familia eta hainbat kolektibogaz harremana daukagu. Kezkatuta daude, eta gu kezkatuta gaude ez daukatelako ezta materialik ere. Egun batetik bestera erabaki zen ikasleei eskolak emateari uztea, eta horrek suposatu du familia batzuek material falta edukitzea (motxilak, kuadernoak, arkatzak, boligrafoak). Agian, ez gara ohartzen inor egoera horretan egon daitekeenik, baina hainbat familia dira egoera horretan daudenak.
Arazo eta oztopo horiei zelan ari dira aurre egiten?
Hainbat zentrotan gauza dira lanak era telematikoan egiteko, baina irakasle asko eta asko ari dira fotokopiak prestatzen lana bideratzeko, ahal duten neurrian lan egiten dabiltza. Kudeaketa zuzena ezin denez egin, banaketa zuzena kontaktuz ezin dutenez egin, bada zenbait kasutan sakeleko telefonoak erabilita, argazkien bidez ari dira ariketak bidaltzen eta gero ikasleek ere argazkiz bueltatzen dizkiete eginda. Sekulako esfortzua eta lana egiten ari dira hainbat langile eta ikasle. Egia da ikasturtea galdutzat emateko erabakia ezin dela hala-nola hartu, eta lana kontrolatu behar da. Baina pentsatzen dugu berez aurretik zegoen arrakala handitu egin dela. Beti salatu izan dugu segregazioa, eta desberdintasuna gero eta handiagoa dela batzuen eta besteen artean. Arrakala digital honek eta oraingo krisi sanitarioak arrakala hau are handiagoa egingo duela pentsatzen dugu. Hainbat ikasle geratu dira jada nahikoa atzean, berez baliabideak ez dituztelako eta inork ez duelako pentsatu zelan egin aurre egoera horri.
Ez dute kanpotik inolako laguntzarik?
Adibidez, ijitoen kolektiboan boluntarioekin sare bat osatu dute eta etxeetara eskolako materiala eta elikagaiak eramaten dizkiete. Herri eta auzo askotan zaintza sareak ere sortu dira, eta saiatuko gara horien bitartez bideratzen. Hezkuntza Sailari exijituko diogu erantzun bat emateko familia eta ikasle horiei. Ezin zaie muga bat jarri; ikasle guztiak ez dira berdinak. Hori da Hezkuntza Sailak daukan ohitura, ikasle guztiak berdin tratatzea. Baina desberdinak berdin tratatzea ez da justua. Egoera desberdinetan dauden ikasleei trataera bera ematen badiezu, batzuk ailegatuko dira, baina beste asko ez.
“Behar berezien ikasleen arretaz ez du inork ezer esan,
eta kezkatuta gaude”
Dituzuen kezkak asko eta askotarikoak dira.
Bai, hala da. Kezka handiak ditugu hainbat kolektiborengan eta hainbat ikaslerengan, noski. Esaterako, oso kezkatuta gaude behar berezietako ikasleen arretagaz. Horretaz ez du inork ezer esan. Adibidez, asko daude gela egonkorretan. Hau da, aniztasun funtzional handiak dituzte, eta momentu honetan inolako arreta jaso gabe daude. Besteren artean, horiekin egunero estimulazioa lantzea oso garrantzitsua da, eta horretarako profesionalak behar dira. Era berean, badira logopedak behar dituzten beste ikasle asko.
Behar bereziak aitatu dituzu, eta horregaz batera, asko dira laguntza gehiago behar dutenak ere. Horiek kontuan hartu dira erabakiak hartzerakoan?
Tamalez ez, eta horientzat zailagoa da egoera, oztopo gehiago dauzkate lanak egiteko. Oso kezkatuta gaude. Ume gehienak baliabide onak izanda, gauza dira jarraitzeko. Horrek erakusten du klase presentzialak ere oso beharrezkoak direla. Curriculuma betetzea helburu bat da, baina eskolak beste gauza asko eskaintzen ditu. Eskola espazio bezala aipatzen denean, ikasle askorentzat eskola espazio seguru bat da. Etxe batzuetan jende edo familia asko bizi dira, etxeak garestiak direlako eta ez dutelako baliabide nahikorik, edo pobrezia energetikoagatik. Eskolak espazio eroso eta seguru bat ematen die askori: neguan leku beroa delako, kirola egin ahal dutelako, gutxienez jatordu egoki bat bermatuta daukatelako, garbiketa… Eskola ez da bakarrik curriculuma betetzea, askoz gauza eta zerbitzu gehiago eskaintzen ditu.
Eta orain, hori dena falta dute.
Bai, eta inork ez du planteatu zer egin horren aurrean. Kexei esker, planteatu dute familiek bekaren dirua eskuragarri izatea. Normalean, adibidez, janarirako bekaren dirua zuzenean doa ikastetxeetara; familiek ez dute esku hartzen. Horren aurrean zerbait egin beharko da janari edo bekaren diru hori familiek eskuratzeko. Oso zaila da denengana heltzea, familia askok ez daukatelako ezta kontu korronte zenbakirik. Alde bakarreko erabakiak hartzen ari da Hezkuntza Saila, eta daukaten ezagutza falta agerian geratzen ari da. Batzuetan ematen du sailak berak ez duela ezagutzen benetako errealitatea. Eskola jantokien harira, Cristina Uriartek esan zuen familiei ez zaiela kuota pasatuko. Ez daki nola funtzionatzen duen eskola publikoetako jantokien kudeaketak; bekadun familiek ez dute kuotaren dirua jasotzen, diru hori zuzenean doa eskolako kontura. Egoera larri horretan dauden familiak dira diru hori jasotzen ez dutenak. Batzuetan, agintariek ematen duten informazioagaz ematen du zuzentzen duten sail hori ere ez dutela ondo ezagutzen.
“Batzuetan ematen du Hezkuntza Sailak
ez duela ezagutzen benetako errealitatea”
Beraz, ikasketaz haratago doazen beharrizanak ageriago utzi ditu ezohiko egoerak honek.
Hezkuntza Sailak planteatu du garrantzitsuena curriculumagaz aurrera jarraitzea dela. Baina, agian, momentu honetan justu hori ez da garrantzitsuena. Ikasgai zerrendek garrantzia dute, noski, baina aitatu moduan, beste gauza asko ere badaude. Uste dut balioan jarri behar dugula eskola presentzialen garrantzia.
Eta langileen egoera ere agerian geratu da.
Lan eskubideak urratuta geratu dira. Gainera, martxoren 12tik ordezkagune zerbitzua bertan behera utzi dute. Ondorioz, ordezko asko lanik gabe geratu dira, eta ez dakigu hau zenbat luzatuko den, ez dakigu noiz arte ez duten lan egiteko aukerarik edukiko. Lanik gabe, soldata gabe eta puntuak pilatu barik daude. Batzuek ezin izango dute uda kobratu, horretarako gutxieneko egun kopuru bat lan egin behar delako. Eta orain lanean dagoen irakasle bat gaixotu eta gaixoaldia hartzen badu, bere taldeak ez ditu eskolak telematikoki jasoko, ez direlako ordezkapenak betetzen ari. Ikasleek ez dute arreta bermatuta edukiko. Horri ez zaio ERTEa deitu, baina ERTE moduko bat da.
Irakasleak ahal izan duten moduan egokitu dira egoera berri honetara. Nola bizi dute? Presioa edo estresa areagotu zaie?
Autodidakta egin dira, eta norberaren baliabideak erabiliz ari dira. Arretagaz jarraitu behar dute, baina askok etxean ere umeak dituzte. Telelana eta zaintza uztartu behar dituzte. Egoera onean dauden etxeetan ere, arazoak izan ditzakete. Etxe denetan ez daude lauzpabost ordenagailu, eta askotan ez dira senide asko familian. Guraso asko telelanean edo kanpoan lanean daude. Hainbat familia eta guraso ere autodidakta bihurtu dira. Bestalde, guraso batzuk lanean daude, eta ume batzuek ez dute norekin geratu. Zaintza arazoen aurrean, aukera eman dute pertsona bat etxean geratzeko, eta diru laguntza jasoko dute, baina uste dugu, berriro ere, halako neurriak emakumeok gure gain hartu ditugula. Berriro ere zaintza emakumeongan geratu da. Krisi sanitarioa da, baina baita klase krisia eta zaintza krisia ere.
Irakasleek erabili beharreko programa edota metodologien kudeaketa edota antolaketan koordinazioarik egon da?
Hasiera batean, ikastetxeak moldatu dira; autonomia eman zaie antolatzeko. Badaude metodologia batzuk halako egoeretan erabiltzeko oso zailak direnak. Adibidez, ikasketa komunitateak eta halako metodologiak ematen dituzten zentroetan, metodologia klasikoetetara pasatu behar izan dira. Metodologia kolektibo horiek, aurrerakoiagoak eta berrikuntza pedagogikoaren ingurukoak, ezin dira aurrera eraman momentu honetan. Baina, hala ere, ez dago araudirik; Hezkuntza Sailetik ez da eman irizpiderik. Proposamen metodologikorik ez da egon. Irakasleei eskatzen zaiena da erregistratzea zenbat denbora egon diren konektatuta eta zelako edukiak landu dituzten. Hori zuzendaritza taldekoek osatu behar dute egunero.
“Krisi sanitarioa da, baina baita klase krisia eta
zaintza krisia ere”
Gainera, irakasle asko lana egiteaz gain, ekaineko oposaketak prestatzen ari dira. Une egokia al da azterketa egiteko?
Gure kezketako bat da; ezohiko egoera baten aurrean, ezohiko neurriak hartu beharko dira. Atzeratzea aipatu da, baina gure eskaera da datorren ikasturteari begira planteatzea, 2021ean egitea. Datorren urterako ez dago beste OPErik aurreikusita, beraz, alde horretatik posible da ez duelako besterik oztopatuko. Beste erkidego batzuetan hori erabaki dute jada. Katalunian eta hemen falta da erabakia hartzea. Hemen aurreikusi bezala ekainaren 20an egitea zaila izango da, eta uztailean izango dira? Ez da momentu egokia lana eta ikasketak era egokian egiteko. Cristina Uriartek esan zuen 2020an egiten saiatuko direla. Irailean izan daiteke. Baina ikasturtea behin hasiz gero, zaila ikusten dugu hori aurrera eraman ahal izatea. Batez ere, eskatzen duguna da zerbait esatea, ezjakintasun honekin ez segitzea. Oso zaila da esatea ekainean edo uztailean egin ahal izango diren, ez dakigulako honek zelako eboluzioa edukiko duen. Data horretan era normal batean egitea ez da bermatzen. 2021era atzeratzea irakasle askorentzat arnasgune bat izango dela pentsatzen dugu, jendea lasaitzeko. Nahikoa lan zama ari da izaten eurentzat hau guzti hau kudeatzea, eta nola jarriko dute euren burua OPE baten aurrean. Langileak ahalik-eta era duinenean tratatu behar dira.
Zurrumurru asko entzuten dira azken asteotan. Askok diote ikasturte hau galduta dagoela. Aste Santu ostean zentroetara bueltatzea posible izango da?
Horri buruz balorazio bat egitea oso zaila da guretzat. Ez dakigu COVID-19ak zelako eboluzioa edukiko duen. Baina egia da guztiok dugun susmoa dela apirilaren 11rako hau ez dela normalizatuko. Aditu askok diote ordurako ez dela egoera konponduko, nola egingo dugun buelta. Imajinatzen dugu ezingo garela guztiok batera ikastetxeetara joan; ez dakigu progresiboa izango den edo ez. Ez dakigu buelta hori nola planteatu eta kudeatuko duten. Baina zaila ikusten dugu ikasturtea normaltasunez amaitzea. Zurrumurru pila bat zabaltzen ari dira. Gure kezka hori da, eta Hezkuntza Sailari informazioa exijitu diogun arren, nahikoa berandu ematen dute. Selektibitatea eta oposaketak ere hor daude. Erabaki guztiak alde bakarrekoak ari dira izaten. Hezkuntza komunitateagaz eta langileen ordezkariokin sailak ez du inolako kontakturik izan, ezohiko egoera honen aurrean ezohiko neurriak hartu edota zerbait adosteko. Informazioa jasotzen dugu komunikabideen bidez edo sailak bere webgunean jartzen dituen oharren bidez. Adibidez, Nafarroan Hezkuntza Sailagaz telebilera bat eduki zuten barikuan, OPEari buruzko iritziak eta proposamenak jasotzeko. Momentuz, EAEn ez dugu inolako deialdirik jaso edozein gai aztertzeko.
Eta irakasleek zelan ebaluatuko dituzte ikasleak?
Adin batzuetan ebaluazioa behaketa zuzena da, ume txikiekin. Ez dakigu nola ebaluatuko duten. Egia da eta ikusten ari gara itzelezko aldeak daudela ikastetxe batzuetatik beste batzuetara, egin dezaketen jarraipenari eta eman ahal duten formazioari edo ikasketa mailari dagokienez. Eta ikasle batzuek etxean badituzte tresnak eta laguntzak, eta beste batzuek, justu, horiek eskolan dituzte, eta ez etxean. Ezin ditugu guztiak berdin ebaluatu, arrakala edo segregazioa gehiago handituko litzatekeelako. Zaila da, horren inguruan ere ez da ezer erabaki. Ea asteon informazio gehiago daukagun. Esaterako, LHko 6. mailan eta DBHko 4. mailan diagnostiko ebaluazioak ez egitea erabaki zuten aurreko astean.
Aurreko astean iragarri zuten unibertsitatera sartzeko probaren bi deialdiak uztailean izango direla. Zer uste duzue?
Gure zalantza da ea selektibitean zer sartuko duten eta zelako planteamendu berezia egingo duten. Krisi hau hasi arte, hau da, martxora arte eman dutena kontuan hartuta eta egoera berezi honetan emandakoa kontuan hartu gabe, edo zelan egingo dute? Esan duten bakarra da ikasleak ez zigortzeko azterketak izango direla. Baina zer esan nahi du horrek? Hori esatea eta ezer ez esatea gauza bera da. Gure kezka eta salaketa hori da: gauzak aipatzen eta iragartzen dituzte, baina sakoneko informaziorik ez dago. Berriak modu inprobisatuan ematen dituzte, eta gauzak definitu barik. Bat-bateko erantzunak ematen eta neurriak hartzen ari direnaren sentsazioa daukagu, eta batzuetan balorazio edo ebaluazio egokia egin gabe eta beste eragileekin kontrastatu gabe. Baliabideak eta benetako informazioa eta formazioa izatea da eskatzen duguna. Elkarrekin iritziak partekatu ahal izatea nahi dugu. Guk aurretik informazioa ezagutzeko aukerarik ez daukagu. Gugaz adostasunik ez dute bilatu. Sindikatura etengabe deitzen dute langileek erantzun eske, eta ez dakigu ezer. Batzuetan informazio zehatza eman beharrean, ditugun sentsazioak esaten ditugu. Ia egunero daude berriak, zurrumurruak eta informazio nahasiak, eta egia da guretzat ere hau kudeatzea zaila izaten ari dela. Langileei eta gure jendeari ezin diegu eman behar duten arreta, ez daukagulako informaziorik. Hezkuntza Sailaren departamentuetan dauden langile askok ere ez daukate informaziorik.