Baserriko produktuak, sarean
Azokak itxita, baserritarrek euren produktuen salerosketarako alternatiba bat bilatu dute. Baserriko plaza izeneko ekimena eta webgunea jarri dituzte martxan.
Baserriko ortuariak, barazkiak, arrautzak, esnekiak, frutak… saltzeko eta erosteko azoka digitala da baserrikoplaza.eus. Euskal Herriko baserritarrak batu eta sarea osatuta, sarean ipini dituzte euren produktuak. Horrela, merkatu plazetan eta azoketan modura, ekoizleek eta bezeroek harreman zuzena daukate, baina, hori bai, era birtualean.
Izan ere, koronabirusaren ondorioz, Euskal Herriko merkatu eta azoka asko itxi dituzte udalek hala erabakita. Baserriko plaza ekimena osatzen dutenak ez datoz bat erabaki horregaz: “Bizkaian batez ere, udal askok erabaki dute hori, adibidez, Gernikan, Durangon eta Elorrion”, azaldu du Atxondoko Aner Garitaonaindia baserritarrak.
Horrek kaltetu ditu, haserre daude, eta beste irtenbide batzuk topatu nahian dabiltza: “Alarma dekretu honek ez du esaten merkatu plazak itxi behar direnik. Kalean egiten diren salmentak edo merkatu plazak itxuran bai debekatzen ditu. Baina, adibidez, Oñatiko Udalak kalean egiten zuten merkatua kiroldegira pasatu du”. Irtenbideak badaudelako, borondatea jartzea dela kontua nabarmendu du: “Politikarien eta herri mailan dabiltzan antolatzaileen borondatea zein da? Jendea supermerkatuetara joatea eta merkatuak eta denda txikiak ixtea nahi dute, edo apustu bat egingo dute? Betiko historia da. Betiko borroka. Uste dut polikariek beldurra ere badaukatela, kritikak jaso edota botoak galtzeko”.
Axpen bizi da Garitaoaindia, eta hamahiru bat urte daramatza lehen sektorean beharrean. Barazki poltsak edo otzarak egin, eta Markina-Xemeinen, Durangon, Berrizen eta Elorrion dituen kontsumo taldeei banatzen dizkie. Arrautza ekologikoen Euskal Herriko ekoizle txikiena da, gainera, eta Durangoko eta Elorrioko kontsumo talde banatara eroaten ditu arrautzak.
Zapaturo Durangoko merkatuan egoten da, baina, orain, hura ere etenda dago. “Emaztea markina-xemeindarra da, eta gure lehen bezeroak hangoak izan ziren. Baserritar ekologikoak edo txikiak garenok asko mugitzen gara merkatu plazetan eta otarren bidezko banaketan. Ez gara joaten supermerkatuetara elikagaiak eroatera. Haiek beste mundu batean daude; prezio oso merkeetan erosi eta errentagarritasun handia atera nahi dute”.
Tokikoa tokikoentzat
Hain zuzen ere, kontsumo taldeen antzerako funtzionamendua dauka Baserriko plazak. Herri, eskualde edo eremu bereko ekoizle eta bezeroen arteko salerosketan oinarrituta dago: “Nik ez dut eskatuko Enkarterrietako okela, edo Tolosako babarruna. Bezero moduan, inguruan ditudan baserritarrak identifikatu, horiek salgai dituzten produktuak ikusi eta erosteko da. Bakoitzak inguruan daukaguna erosteko, ez hemendik 50 kilometrora daudenak. Porru txorta eta hiru letxuga erosi nahi baditut ez dizkiot Elgoibarko bati eskatuko, Durangaldeko bati eskatuko dizkiot”.
Batez ere merkatura joaten diren eta supermerkatuei elikagaiak saltzen ez dizkieten baserritar txikientzat irtenbide egokia dela uste dute sustatzaileek.
Gainera, ekoizle batzuek ostalaritzara ere bideratzen dituzte produktu freskoak, eta orain ez daukate aukera hori. Halaber, herrietako janari dendak ere ixten dabiltza jabeen erabakiz. “Adibidez, ganaduzaleek eta behi esnea ekoizten dutenak dendetara eroaten dituzte euren produktuak eta denda batzuk ixten ari dira. Batzuei esnea alferrik galtzen ari zitzaien, bota beharra eduki zuten. Barazkientzat oso sasoi txarra da orain, ortuetan ez dago barazki askorik, beraz, dagoen apurra jendeak erraz saltzea lortzen du. Baina gaztak, esnekiak, arrautzak eta halako elikagai freskoekin dabiltzanak arazoak izan ditzakete saltzeko”.
Banaketari dagokionez, herrietan sortu diren zaintza edo laguntza sareen bidez egin gura dituzte banaketa batzuk. “Eskaintza eta eskaria dagoen bitartean, herriko zaintza taldeekin harremanetan jarriko gara. Herri bakoitzean talde bat dago; denen arteko koordinazioa oraindik ez dago oso ondo bideratuta. Eta zaila da. Baina herri batzuetan badabiltza, batez ere, Gipuzkoan. Bestetik, adibidez, hemen Durangaldean baserritar batzuk prest daude beste batzuen produktuak mugitzeko”.
EHKOlektiboa
Software librearen munduan dabiltzan bi emakume informatikariren ideia izan zen webgunea sortzea. Alarma egoerak merkatuetan saltzen zuten baserritarrei zelan eragingo zien hausnartu, eta alternatiba hau bururatu zitzaien: “Batez ere herri txiki askotan merkatuak ixten zebiltzala eta jendea supermerkatu handietara joaten zela ikusita, baserritarrek ezingo zutela saldu eta zer egin ahal zen pentsatu zuten. Eta EHKOlektiboko kideokin harremanetan jarri ziren”, dio Garitaonaindiak. Hori dela eta, webgunea elkarlanean sortu zuten.
Webguneko edukiak eguneratzea, antolaketa, kudeaketa, koordinazioa, banaketa… Sarea osatzeak eta bideratzeak lana dauka. Baserritarrek euren produktuengatik dirua jasoko dute, baina ekimena gauzatzeko beste jardun denak boluntarioak dira. Hasiera batean uste zutena baino lan gehiago ekarri die dena antolatu eta kudeatzeak. “Konturatu gara itzelezko beharra dela halako gauza bat martxan ipintzea. Jendea laguntzen ari zaigu, baina gauza handia da halako gauza bat egitea, eta guk pentsatzen genuena baino astiroago gabiltza. Batez ere, parte logistikoa oso zaila egiten ari zaigu”.
Baina zailtasunak zailtasun eta oztopoak oztopo, aurrera doaz, eta bezeroei pazientzia eskatu diete: “Ehunka dei eta mezu elektroniko jaso ditugu; jendeak erosi gura du. Baina kudeaketan ari gara, eta astiro-astiro proiektua aurrera doa, eta borobilduko dugu”.
Boluntario ari dira lanean asko, tartean informatikariak. “Lan asko dago atzetik; hiruzpalau informatikari laguntzen ari zaizkigu, baina, itxura denez, ez da nahikoa. Beraz, orain etxean dauden informatika ikasleak animatu eta lagundu gura badigute, aukera daukate”.
Saretzen eta zabaltzen
Euskal Herrian agroekologia lantzen eta bultzatzen duen baserritar eta herritarren kolektiboa da EHKOlektiboa. Baserrietatik, eta jendarteagaz batera, denentzako elikadura osasuntsua eta eskuragarria egitea dute helburu; “lurra, abere eta pertsonen errespetuan oinarriturik”.
Agroekologiaren lanketa teoriko eta batez ere praktikoa bultzatzen dute; herrigintzaren ikuspegitik eta elkarlanetik. 250 bat bazkide dira (baserritarrak, herritarrak, elkarteak…), eta horietatik ia 100 dira baserritarrak.
Azpimarratu dute, baina, Baserriko plaza zabalik dagoen plataforma dela. Ez da zertan izan behar kolektibokoa edo produktu ekologikoak saltzen dituena; “nekazaritzan jarduten duen edozein profesionalentzako” tresna da. Beraz, produktuak saltzeko aukerarik ez dutenek edo arazoak dituztenek baserrikoplaza@gmail.com helbide elektronikora mezua idatzi dezakete edo 688 86 70 20ra deitu.
“Orain dator produktu batzuen sasoia, eta jendeak ezingo du dena saldu, bideratu. Horregatik, batez ere baserritarrei plataforman alta emateko esan nahi diet. Eman dezatela alta, eta bideratuko dugu. Ez dakigu zelan egingo dugun, baina egingo dugu”.