Kaltzada egoitzako langileak bertan konfinatuko dira, "arriskuak gutxitzeko"
Nagusiak babesteko neurririk zorrotzena baina eraginkorrena hartu dutela diote
Gernika-Lumoko Kaltzada egoitzako langileek konfinamendua bertan egitea erabaki dute, «kutsatzeko arriskua gutxitu asmoz». Hala adierazi dute ohar bidez, eta, martitzenean hasita, hamabost egunez egoitzan bertan biziko dira. 47 dira egoitzan bertan geratu diren langileak, eta beste 12 beraien etxean daude, laguntza-guardia egiten. Kaltzada egoitzan bizi diren adinekoen osasuna zaintzea dute helburu. Adierazi dutenez, «oraingoz egoitza honetako pertsona bat ere ez da gaixotu koronabirusaren ondorioz».
Etxean geratzen naiz, nire beste familiarekin leloa da hartu duten erabakiaren berri emateko erabili dutena. «Martxo hasieran koronabirusaren arriskua areagotzen hasi zenean, babes-neurriak hartzen hasi ginen, birus horren aurrean zaurgarrienak diren talde batekin lan egiten dugularen kontzientziarekin. Erabaki horietako batzuk instituzioetatik aholkatutakoak izan dira, eta beste batzuk guk geuk hartu ditugu», azaldu dute.
Kaltzada egoitzako nagusiak zaintzen dituzten langileak kontziente dira profesionalak eurak izan daitezkeela birusaren transmisoreak. Hori dela deta, nagusiak babesteko neurririk zorrotzena baina eraginkorrena hartu dute, egoitzan gelditzearena.
Oraingoz egoitza honetako pertsona bat ere ez da gaixotu koronabirusaren ondorioz”
Gizartearekiko keinua. Langileek diotenez, hartu duten erabakiak ez ditu kaltzada egoitzan bizi diren nagusiak babesten bakarrik, «gizartearekiko dugun konpromisoaren erakusle ere bada, kasuak gutxitzeko eta osasun sistemari arnasa emateko». Jakitun dira hamabost egunetan ez dela mehatxua guztiz desagertuko, «baina hauek dira egun kritikoenak eta hartu dugun erabakiarekin denbora irabaztea da gure asmoa, birusaren aurrean».
Beraien «keinua» nagusiekiko duten arduragatik datorrela diote, «eta egunero umiltasunez eta maitasunarekin zaintzen ditugu». Konfinamenduan, eta baita ostean ere, birusaren aurkako babes-neurriekin jarraituko dutela esan dute, «ezin gara lasaitu».
Zuzendaritzak eta langileek hartutako erabakiaren jakitun dira familiak, eta haien esker ona dutela esan dute. Izan ere, konfinamenduak iraun bitartean, Kaltzadan bizi direnen familiekin harreman zuzena izango dute.