Hileta prozeduren protokolo berria ezarri du Espainiako Gobernuak
Neurriek alarma egoerarako balio dituzte eta guztiei eragingo die, heriotzaren arrazoia edozein delarik ere. Heriotzaren arrazoia COVID-19a izan bada, neurriak zorrotzagoak dira. Ehorztetxeen jarduna ere erregulatu dute.
Alarma egoera martxoaren 14ko dekretuagaz indarrean sartu bazen ere, hiletak egitarakoan jarraitu beharreko protokoloa zein den martxoaren 29ko dekretuak ekarri du (SND/298/2020). Horri jarraituz, eta herritarren zein ehorztetxeetako langileen segurtasuna eta osasuna bermatze aldera, hainbat neurri ezarri dira.
Alde batetik, hilbeilak, elizkizunak edo hileta zibilak debekatuegin dituzte, eremu pribatuan zein publikoan egin; alarma egoera kendu eta gero egin beharko dira, atzerapenagaz. “Izan ere, horietan ezin da bermatu norbanakoen arteko gutxieneko metro bat baino gehiagoko tartea”, dio dekretuak. Neurri horrek heriotza guztiei eragiten die, arrazoia edozein delarik ere.
Heriotzaren arrazoia COVID-19a ez bada eta gorpua lurperatu nahi bada, lurperatzeko ekitaldi horretan gehienez ere hildakoaren hiru senidekedo hurbilekok parte hartu ahalko dute. Hau da, hilerrira gehienez ere hildakoaren inguruko hiru pertsona sartu ahalko dira. “Eta horien artean ere gutxieneko tartea mantendu beharko da”. Aldiz, heriotzaren arrazoia COVID-19a bada eta gorpua lurperatu nahi bada, ekitaldi horretan ezingo du inork parte hartu. Horrez gain, hildakoari ezingo zaizkio egin tanatoestetika, tanatopraxia edota erlijio arrazoiengatiko bestelako praktikak.
Ehortetxeen prezioak.Dekretuak ehortetxeek gehiago ez kobratzeko neurriak ere zehazten ditu. “Ehorztetxeek ezingo dute zerbitzuagatik gehiago kobratu. Martxoaren 14a baino lehen kobratzen zutena mantendu beharko dute, asko jota”. Gehiago kobratu dietenen kasuan, horiek alarma egoera amaitu eta gero sei hilabeteko epea edukiko dute erreklamazioak aurkezteko. Dena dela, ehorztetxeak derrigortuta daude zerbitzua eman baino lehen aurrekontu bat ematera; aurrekontuan xehetasun guztiak agertu behar dira. “Zerbitzuaren barruan dekretuak debekatzen duen eta bezeroak aprobetxatu ezin duen ekintzarik/materialik kobratzen bada, zenbateko hori itzuli egin beharko da”