Azken orduetan lau positibo gehiago zenbatu dituzte Busturialdean
Bizkai, Araba eta Gipuzkoan 15.953 proba egin dituzte. Atzo izan zen proba gehien egin zituzten egunetako bat; %30ak positibo eman zuen.
Gorantza doa Busturialdean koronabirus familiako COVID-19 birusa dutenen kasu egiaztatuak. Azken orduetan, lau kasu gehitu dira, eta gaur 94 kasu daude konfirmatuta eskualdean, atzo baino lau gehiago, hain zuzen ere. Lau horietako hiru Bermeokoak dira (50 positibo) eta bat gehiago dago Elantxoben (2 positibo).
Datuok egunero egin modura Nekane Murga Nekane Murga Osasun sailburuak eman ditu gaurko agerraldian. Jakinarazi duenez, Euskal Autonomia Erkidegoan 263 kasu berri izan dira azken orduotan. Hala, denetara, 6.320 pertsonak eman dute positibo; horietatik, 2.011 ospitaleetan daude. 325 euskal herritar hil dira gaixotasunaren ondorioz (azken orduetan 28 hil dira), eta osatutakoak, berriz, 1.796 dira.
Lurraldeka, honela hurrengoa da kutsatutakoen kopurua:
- BIZKAIA. 3.102 positibo (horietatik 1.255 ospitaleetan)
- ARABA. 2.105 positibo (horietatik, 379 ospitaleetan)
- GIPUZKOA. 1.113 positibo (horietatik 377 ospitaleetan)
Nekane Murga Osasun sailburuak prentsaurrekoan esan du gaur gaurkoz ez dituztela test azkarrak jaso; hala ere, Bizkai, Araba eta Gipuzkoan 15.953 proba egin dituztela gaineratu du. Azaldu duenez, atzo izan zen proba gehien egin zituzten egunetako bat; %30ek positibo eman zuen.
“Joera aldaketa bat” dagoela nabarmendu du osasun sailburuak, eta dioenez, datuek “hobekuntza bat” erakusten dute: “Ezin liteke, hala ere, gorakada bat baztertu, gauden egoeran aurrikuspenak egitea arriskutsua baita”.
Horrez gain, Murgak azpimarratu du ZIUko oheen betetze maila altua bada ere, osasun sareak “eskariari erantzuteko eta pertsona guztiak baldintza onetan artatzeko ahalmena” izaten jarraitzen duela.
Josu Erkoreka bozeramailea Nekane Murgagaz egon da gaurko agerraldian, Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan. Koronabirusaren pandemia Euskadin hedatzen jarraitzea eragozteko Eusko Jaurlaritzak erabaki asko hartu dituela esan du, betiere, hiru lehentasun kontuan hartuta: osasun publikoa babestea eta birusa zabaltzen eragoztea, ezohiko krisialdi honetan egoerarik okerrenean daudenei laguntzea eta osasun krisi hau gainditu bezain laster ekonomia eta enplegua leheneratu ahal izateko oinarriak jartzea.
Erkorekak balioan jarri du Osakidetza eskaintzen ari den erantzuna, “inoiz ez bezalakoa eta guztiz konplexua den proba honi erantzun duina emateko gai izan baita”. Osakidetzak erakutsi du “arintasunez jarduteko, egokitzeko eta erantzun iraunkorra emateko gai dela”.
Bestalde, euskal gizartearen konpromiso kolektiboa ere azpimarratu du: “Ekimen solidarioen bitartez erakusten ari dira konpromisoa”.
Era berean, krisi honek industrian, enpresa txiki eta ertainetan, autonomoengan edo merkataritzan izango dituen ondorioei aurre egiteko talka-planaren berri eman du, eta iragarri du neurri horiez gain, gaur, Gobernu Kontseiluak Euskadiko enpresak finantzatzeko ELKARGIrekin eta finantza erakundeekin 500 milioi euroko finantzazio lerro berri bat onartu duela.