Natxituarren leiho zabala
Natxituar lagun talde batek euren herriari buruzko bloga eta facebooka sortu zituen 2013.urtean, eta orain, berriz, natxitua.eus webgunea jarri dute martxan.
Herrian gertatzen dena mundu zabalean ezagutzeko aukera ematen duen leihoa da natxitua.eus webgunea. Martxan jarri berri badute ere, orain dela zazpi bat urte hasitako bidean dauka oinarria.
2013an lagun artean bururatu zitzaien Natxituarrak izeneko bloga egitea. Herriko jaietako argazki eta kontuak biltzen hasi ziren. “Noizean behin notiziren bat igotzen genuen edo baten batek zerbai egiten baldin bazuen haren erreferentzia eta abar”, azaldu du Sabino Beaskoetxea webgunearen sortzaileak. Egiten zuten horrek erantzuna zeukala ikusi zuten: “Estatistiketan konturatu ginen jendeak ikusten zuela, eta ez bakarrik ehemendik, baizik eta munduko herrialde desberdinetatik, Ameriketatik, adibidez”. Urte berean Natxitua Bizkaia facebook orrialdea ere sortu zuten. Gero eta lagun gehiago batzen joan dira bertan, eta azken urtean gorakada nabarmena eduki dute: “Ehun eta pikutik gaur egun 600 ingurura pasatu gara. Kanpoak bizi den jendeak hemengo gauzak, paisaiak erakustea eskatzen dituela ikusten joan gara”.
Herri biziaren erakusgarri
Natxitu eta natxituarren berri emateko bide on bat izan zitekela eta herrian burutzen ziren aktibitateak jakinarazteko bide on bat zela uste zutelako jaio zen bloga, eta gerora, kanpoan ziren pertsona askorentzat ere zerbait baliagarria zela konturatu zirenez, “guztientzako informazio eta erreferentzia gune batean” bilakatu nahi izan zuten. Herriko ondarea, ekintzak, agenda, ibilbideak eta argazkiak biltzen ditu web orrialdeak; testuak euskaraz eta gazteleraz daude.
Natxituan gauza asko egin dira, herri bizia izan da eta bada gaur egun. Esaterako, Lapatzako Igoera egiten dute jaietan, eta hari buruzko informazioa jasota dute. 1.992ko udan egin zuten lehenengoz. Inguruko zenbait herritan halako herri lasterketak burutzen ziren, Aulestin Santa Eufemiako Igoera edo Ereñoko San Migueleko Igoera, esaterako, eta Natxitun antzeko gauzaren bat egin ahal zela ikusi zuten, “Lapatzako malda gogorragaz herri lasterketa polit eta erakargarria” izan zitekeela pentsatu zuten. 1994tik San Isidro jaietan egiten duten txirrindulari lasterketak bere txokoa dauka, eta zelan ez, bertako ibilbideei buruzko informazioa ere agertzen da.
Beaskoetxeak nabarmendu duenez, ez bakarrik bertakoek, kanpoan bizi den jende askok jarraitzen eta eskatzen die informazioa, eta bereziki argazkiak. “Adibidez, Natxituko familia bat Kanadan bizi da eta horiek gauzak komentatzen dituzte”.
Edukiak, denen artean
“Herriko jaien antolatzaileek eta beste hainbat norbanakok pasatutakoak dira eduki eta argazki batzuk”. Natxituako lehengo eta oraingo argazkiekin bilduma osatu gura dute; jendeak argazkiak utzi, eta denen artean askotariko irudiekin herriko historia eta istoriak islatzea da daukaten helburuetako bat. Hori da orain Beaskoetxearen erronka, eta laster gauzatu ahal izatea espero du. “Ardura ematen dit. Datuen babeserako legea, umeak agertzea edo ez… gauza asko kontrolatu beha dira. Edozein argazki ezin daiteke igo. Agian, paisaia edota ekitaldiekin hasiko gara”. Argazki galeria horretan bere aletxoa jarri gura dutenek natxituarrak@gmail.com posta elektronikora bidali ditzakete; webgunean jaso dituzte baldintzak.
Argazkiak bakarrik ez, webguneko edukia osatzen ere parte hartu dezakete herritarrek. “Edonork idatzi dezake, gai bat aukeratu eta egitura bat mantenduz. Adibidez, pentsionista eta jubilatuen borrokan sartuta dagoen norbaitek horri buruz hitz egin nahi badu egin dezake”.
Natxitua.eus udan jaiotzea zen euren asmoa, baina erditzea aurreratzea erabaki dute: “Udan jendeari jakinaraztea zen asmoa, baina egoera zein den ikusita, aurreko astean egin genuen publiko. Jendea etxean dago telebistari begira, datuak jarraitzen, eta txipa aldatzeko balio du”. Faceboken eman zuten webgunearen berri. “Batek berehala bidali zuen Natxituko baserri baten 1950eko argazki bat, izena eta hango familia zehaztuz. Argazki bilduma bat konkretuki historikoa egin dezakegu, agian. Atalen garapena eta edonork idaztearena epe ertaineko gauza izango da; behar bezala forma ematen ari gara”.
Ikus-entzunezko bat zabaldu dute, wegbunearen aurkezpen gisa. “Solasaldi giroan aurkeztea zen asmoa eta horretarako prestatu nuen bideoa, baina ez digu denborarik eman jendaurreko aurkezpena egiteko”.