Alarma egoera apirilaren 12ra arte luzatzea onartu dute Kongresuan
Aldeko 321 botogaz babestu du Kongresuak Sanchezen gobernuaren erabakia. EH Bildu, ERC, JxCat, CUP eta BNG abstenitu egin dira, beharrezkoa ez den jarduera ekonomiko oro geratu behar dela uste dutelako.
Pedro Sanchez Espainiako presidenteak iragarritako alarma egoeraren luzapenagaz bat egin du Diputatuen Kongresuak. Apirilaren 12ra arte lutzatea onartu zuten atzo, aldeko 321 botogaz. Aurreko asteko osoko bilkuran modura, diptatu gutxi batzuk bertaratu ziren; 350 diputatuetatik 307k telematikoki eman zuten botoa.
02.00etan bozkatu zuten. EH Bildu, ERC, JxCat, CUP eta BNG alderdi independentistak abstenitu egin ziren. Euskal koalizio abertzaleak beharrezkoak ez diren jarduera ekonomiko guztiak geldiarazteko eskatu zuen, pertsonen osasuna eta bizitza lehentasuna direla uste dutelako, eta hori gertatu ez zenez, abstenitu egin ziren bertako diputatuak.
“Koronabirusaren hedapenari aurre egiteko, funtsezkoak ez diren jarduera ekonomiko guztiak eteteko eskatu dugu. Ezinbestekoak ez diren aurrez aurreko lan guztiak gelditu egin behar dira, eta langileek etxean geratu behar dute. Ez du zentzurik milaka pertsona egunero lanera atera behar izateak norberaren eta taldearen osasuna arriskuan jarriz. Erabateko konfinamendua da lehentasuna, ezin dugu herritarren osasunagaz jolastu. Gure herria zaintzeko, gure herria geratu behar dugu”, esan zuen Mertxe Aizpurua EH Bilduren bozeramaileak.
Zazpi ebazpen-proposamen aurkeztu zizkioten gobernu espainiarrari. Vox, Ciudadanos, ERC, Plural, BNG eta EH Bilduren proposamenak atzera bota zituzten, eta EAJrenak, Ganberaren babesa jaso zuen. Horren bidez, xedapen gehigarri bat gehitu dute Gobernuak astero neurri horien gauzatzeari buruzko informazioa bidal dezan.
Kongresuan ordezkaritza daukaten talde batzuek proposamen zehatzak helarazi zizkioten Sanchezi. Esate baterako, EAJk babes sozial eta ekonomikorako neurri batzuk proposatu zituen, “ekonomia eta gizarte arloan kalteak ahalik-eta txikienak izan daitezen”. Besteren artean, “berme publikoko errenta ezartzeko” eskatu dio Gobernu espainiarrari, osasun krisi egoera honen ondorio sozial eta ekonomikoak jasaten ari direnen artean beharrizan gehien daukatenei laguntzeko, “etxez etxeko langileei zaintzaileei, adibidez”. Bederatzi neurri proposatu ditu talde jeltzaleak, eta horietako asko enpresa txiki eta ertainei laguntzeko dira.
Orain arte adostutako neurri, plan eta jarduerak zehaztu zituen Sanchezek, eta hainbat aldiz eskatu zuen “denbora, leialtasuna eta ekintza batasuna”, bai alderdiei eta baita gizarteari, “garai kritiko eta ezezagun” honi aurre egiteko. Osasun sistema egokitzeko eta koronabirusarentzat txertoa garatzeko denbora eskatu zuen. Krisi honen iraun bitartean, Osasun batzorde parlamentarioa koronabirusaren jarraipen batzorde bihurtzea proposatu zuen, krisi batzordearen etengabeko informazioarekin eta Salvador Illa ministroaren asteroko agerraldiekin. Oposizioak aurkeztutako zuzenketa eta ebazpen guztiak aztertuko zituela adierazi zuen.
Bost errege lege-dekretu. Alarma egoeraren luzapena bozkatu aurretik, bost errege lege-dekretu eztabaidatu eta bozkatu zituzten. Lehenengo, Yolanda Diaz Lan ministroak lanera ez joateagatiko kaleratzeak indargabetzen dituen errege lege-dekretua defendatu zuen, eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura ministro Luis Planasek, berriz, nekazaritzaren eta elikaduraren arloan premiazko neurriak hartzen dituen errege lege-dekretua.
Jarraian, koronabirusaren hedapenak eragindako osasun larrialdiari aurre egiteko lanean onartutako hiru errege lege-dekretuak eztabaidatu eta bozkatu zituzten: Ekonomia arloko eta osasun publikoa babesteko premiazko neurriei buruzko Errege Lege Dekretua, COVID-19aren inpaktu ekonomikoari erantzuteko premiazko neurriak ezartzen dituen Errege Lege Dekretua eta COVID-19aren inpaktu ekonomiko eta sozialari aurre egiteko ezohiko premiazko neurrien Errege Lege Dekretua.