Uztailaren 6tik 8ra egingo dute selektibitatearen lehen deialdia
Bigarren deialdia uztailaren 20tik 22ra izango da. Gaur hartu dute erabakia Espainiako eta autonomia erkidegoetako hezkuntza alorreko agintariek.
Espainiako Gobernuaren Hezkuntza sailburu den Isabel Celaagaz bilera telematikoan batu dira gaur autonomia erkidegoetako hezkuntza sailetako ordezkariak, ( tartean Cristina Uriarte Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua) eta hezkuntzan egin beharreko hainbat azterketa izan dituzte hizpide. Besteren artean, selektibitatea egiteko datak adostu dituzte. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan uztailaren 6tik 8ra izango da unibertsitatera sartzeko probaren lehen deialdia eta bigarren deialdia, berriz, uztailaren 20tik 22ra.
Unibertsitatera sartzeko probak ekainaren 22tik uztailaren 10era bitartean egingo dituzte autonomia erkidegoetan ohiko deialdian, eta irailaren 10a baino lehen ezohikoan.
Azterketa eredua salbuespen egoerara egokitzea adostu dute, “horrek ikasleei ez eragiteko”. Espainiako Hezkuntza Ministerioak eman du albistearen berri, ohar batean, eta jakinarazi du Lehen Hezkuntzako hirugarren eta seigarren mailetan eta DBHko laugarren mailan egin ohi diren ebaluazio diagnostikoko probak bertan behera utzi dituztela.
Jaurlaritzatik azaldu dutenez, bere eskumen berezitasunagatik definitutako eskumen eremuan oinarrituta, “Euskadi arduratuko da egungo probak egokitzeaz, ebaluazio irizpideak berrikusteaz edo proba mota malgutzeaz”. Lan hori Euskal Herriko Unibertsitatearekin koordinatuta egingo dute. Uriartek esan du “oso garrantzitsua” dela data zehaztea, hezkuntza komunitateak lanak antolatzeko.