Gernikako Gurutze Gorrikoek orain arteko zerbitzuak mantendu eta indartuko dituzte
Konfinamendu egoera honetan, beste hainbat zerbitzu ere eskainiko dituzte.
Jose Maria Elordui Gernika-Lumoko Gurutze Gorriko presidenteak eta Ainhoa Unzueta Gernika-Lumoko Gurutze Gorriko esku-hartze sozialeko teknikariak prentsaurrekoa eman dute gaur goizean. “Argi” utzi gura izan dute, Gernika-Lumoko Gurutze Gorriak orain arte eman dituen zerbitzuak mantendu eta indartu egingo dituztela.
Horiek albo batera utzi barik, konfinamendu egoera honetan, beste hainbat zerbitzu ere eskainiko dituztela iragarri dute; denak Gernika-Lumoko Udalagaz, mankomunitateagaz, Bizkaiko Foru Aldundiagaz eta Eusko Jaurlaritzagaz elkarlanean.
Hortaz, jakinarazi dutenez, etxez etxeko laguntza eskainiko dute elikagaiak eta sendagaiak eroateko. Kasuz kasu beharrizanak aztertuko dituztela azaldu dute. Bestalde, adinekoei eta dibertsitate funtzionala daukatenei deiak egingo dizkiete jarraipena egiteko. Azkenik, koronabirusagatik medikuaren aginduz etxean egon beharra daukatenek Gurutze Gorrira deitu ahalko dutela esan du Elorduik, eta egoera bakoitza aztertuko dutela gaineratu du, “behar den moduan jokatzeko”.
Gurutze Gorrikoek eskaintzen dituzten zerbitzu horien beharra daukatenek 94-522 22 22 telefono zenbakira deitu beharko dute. Gernika-Lumoko Gurutze Gorriaren telefono zenbakiak, berriz, honakoak dira: 94- 625 19 88 eta 696 92 50 47.
Zerbitzu horiek guztiak Gernika-Lumoko Gurutze Gorriaren boluntarioei esker eskainiko dituztela jakinarazi dute. Laguntzeko prest daudenentzako lekua dago, eta hortaz, gura dutenek deitu baino ez dutela egin behar diote. Laguntza behar dutenei ere deia egin diete.
Agerraldia aprobetxatu dute osasun arloan lan egiten duten guztiei eskerrak emateko.
“Elkarrekin egoera honetatik aterako gara, batez ere, denok eginbeharrak ondo betetzen baditugu. Ez zaitezte arriskuan jarri eta etxean geratu. Hasieran uste genuena baino serioagoa da, hortaz, mesedez, etxean geratu”, esan du Elorduik.