Apopilorik barik noiz arte?
Hotel, ostatu, aterpetxe, landetxe eta apartametu turistikoak ixtea iragarri zuen Pedro Sanchez Espainiako presidenteak aurreko astean. Horien egoeraren bertoko bi adibide jaso ditu HITZAk.
Sanchezek eurei dagokien agindua jakinarazi aurretik, martxoaren 14an itxi zuten Mutrikuko Arbe Hotela, eta Hemingway Kanala House landetxetik 15 goizean irten ziren azken bezeroak. Ateak itxita daude, eta ez dakite noiz arte. Euren egoera “oso larria” dela azpimarratu dute.
Arbe Hoteleko Iñaki Arinek dioenez, enpresa munduarekin lan asko egiten dute, eta duela hiru astetik haien dei bakoitza erreserba baliogabetzeko izan da: “Hau ikusten zen eta harremanetan jarri nintzen ostalaritzarekin, Debagesarekin, udalarekin, turismoko arduradun batzukien… baina ez da inongo erantzunik izan. Bakoitza bere etxean sartu da, eta hor konpon”.
Itxi aurreko egunetan bezero bakan batzuk eduki zituzten; gainera zer zetorkien antzeman zuten. Orain lanik barik daude, eta udara begira zalantzak ditu Arinek: “Uda ikusiko dugu. Krisi sanitarioak krisi soziala sortu behar duela uste dut. Jendeak beldurra dauka eta egoera ekonomiko nahiko larrian egongo da. Honek eragina izango du. Ikusten da gizarte sozial baten alde baino gehiago daudela produktibitatea bizirik mantentzearen alde. Enpresa handi batzuetan langileak lanera joatera behartu dituzte. Eusko Jaurlaritzaren Lan Ikuskaritza. Zer lehenesten da?”
“Krisi ekonomikoa handia izango da. Eta horri zeinek emango dio buelta?”
Txinan bezala hemen ere hurrengo pausoa enpresak ixtea izango dela pentsatzen du Jon Gorroño Hemingway Kanala House landetxekoak. “Eskualdeko enpresak apurka-apurka ixten joango dira. Hori ekonomiarentzat geldialdi handia da. Ekonomia geratzen bada dena geratzen da: kontsumoa, turismoa…”.
Bideragarritasuna kolokan
Gorroñok azaldu du azken egunetan erreserbak baliogabetzeko kudeaketa lanetan dabiltzala. Bezeroei abisatzen aritu dira eta Espedia, Booking eta halako plataformetatik dituzten bezeroen kasuan, horiekin bideratu dute eurek bezeroei helarazteko. Dioenez, egoera “oso kritikoa eta ez ulertzekoa” da. Espero dute ahalik eta arinen hau zuzentzea, hilabete askotan ezin dutelako horrela jarraitu. Irailera bitartean erreserbak baliogabetzen ari zaizkie: “Egoera benetan latza da. Bi banketxegaz ditugun prestamoak hile amaieran horiek ez dituzte barkatuko. Ezin dugu gure jardunagaz jarraitu, eta banketxeekin eta hornitzaileekin obligazioak ditugu. Horri erantzuna emateko zabalik egon behar dugu, eta ezin badugu nork ordaindu behar ditu? Denak itxi behar dugula esatea erraza da, baina guzti hau nork ordaindu behar du? Zelan?”
Arduraz bizi dute egoera. Astelehenetik ERTEan daude: “Gutxienez, gizarte segurantza %70 gobernuak ordaintzen du, baina galera ekonomikoa hain handia denez, ez da nahikoa. Ulertzen dut ezinezkoa izango dela galera guzti hauek ordaintzea”.
Euren etorkizunagatik arduratuta daude: “Honek luzaroan jarraitzen badu, zer gertatuko da? Bi hilabete horrela egon gaitezke, baina ez sei hilabete, eta ikusten denez hau luzarorako da; ez da hamabost egunetan konponduko. Hilero 4.500 bat euro behar ditugu negozioagaz aurrera jarraitzeko, ez badago aktibitaterik, norbere poltsikotik jarri behar dugu. Hile batean jarri ahal duzu, baina betirako ezin zara horrela egon; bideragarria ez den momentua helduko da”.
“Honek luzaroan jarraitzen badu, zer gertatuko da? Bi hilabete horrela egon gaitezke, baina ez sei hilabete, eta ikusten denez hau luzarorako da”
Negozio bat bideragarria eta jasangarria izateko urte osoko jarduera ekonomikoa izan behar dutela argi dute Arinek eta Gorroñok. “Gure helburua urte osoan zabalik egotea da. Neguan %50era bagaude, Aste Santuan eta udan landetxea beteta egoten da. Orain, dena dator bata bestearen atzetik: San Joseko zubia, Aste Santua eta Pazko Astea, Eurokopa, Makina erreminta azoka… Dena gelditu da”, azaldu du Gorroñok.
Arbe Hotelean Aste Santuan enpresetakoak baino gehiago izaten dituzte oporretara datozenak. “Baina gure oinarria enpresa mundua da”. Herrialde guztietako enpresetatik etortzen zaizkie: alemanak, suitzarrak, holandarrak, txinatarrak, japoniarrak, amerikarrak…
Egungo egoerak “eragin handia” daukala nabarmendu du Arinek. Zer gertatuko den beldur dira eta urduri daude: “Aste Santua galduta dago. Uda? Krisi sanitario honen eragina da krisi ekonomikoa handia izango dela. Eta horri zeinek emango dio buelta? Ahal duenak. Eta zoritxarrez, dirua daukan jende asko orain ere dirua egiten ari da. Supermerkatu kateetan jendea behar ez duena erosten ari da”.
Jendeak beldurra hartu duela gaineratu du Gorroñok. Adibidez, amerikarrek abuztuko eta iraileko erreserba asko bertan behera utzi dizkizkiete eta dirua bueltatu behar diete: “Diru horregaz kontatzen genuen aktibitatea aurrera eroateko. Uste dut denok gaudela egoera berean. Ez dago bueltarik; ea ahalik eta arinen egoera hau zuzentzen den”.
Eurena bezalako negozioentzat laguntzarik ez dela ailegatuko uste du Arinek: “Argia, gasa, ura… ordaindu behar ditugu. Inork esan du egoera hau mantendu bitartean hau dena ez dugula ordaindu behar? Banketxeek agian esango digute hilabete hau ez ordaintzeko, baina deskuidatuz gero, agian hurrengo hilean interes eta guzti kobratuko digute. Laguntzarik ez da egongo. Laguntza enpresa handiek eta hotel handiek edukiko dute. Banketxera deitu nuen zer egoeratan gauden eta zer egin behar dugun galdetzen eta lasai egoteko esan zidaten, laguntzak aterako direla-eta. Baina ze izango da beste prestamo bat? Beste zulo baten sartu beharko gara?”.
Arinen iritziz, informazio eza nagusi da. Herritarrek hasieratik erantzukizunez jokatu dutela deritzo: “Egoera beltzean gaude, baina ze informazio daukagu? Uste dut informazioa ezkutatu egiten dutela, eta horrek ematen dizu beldura. Ze egoera da hau? Ze gizartetan bizi gara? Arduraz jokatu behar dugula esaten zaigu. Baina zeinek jokatu du arduraz? Guk jokatu dugu arduraz, herriko jende normalak hartu du ardura, eta boletinean ateratzerako neurriak hartuta eta itxita genituen gure negozio eta aktibitateak. Eta eurek ze ardura eduki dute? Ikusten da osasun zentroetan ez daukatela materialik. Ze prebizio eduki dute? Arretaz jokatu eta etxean gaude. Baina kontraesana da gu etxean egotea eta gure familikoak lanera joatera behartuta egotea. Zer pentsatua ematen duten gauzak dira”.
“Konfiantza eta baikortasuna berreskuratu behar ditugu”
Normaltasunera itzultzearen beharra
Xarma elkartean dago Hemingway Kanala House eta bertako sei hotel eta landetxeak egoera berdintsuan daudela zehaztu du Gorroñok. Laster ateak zabaldu ahal izatea espero dute eta behin zabalduta, denak normaltasunera itzultzearen garrantziaz mintzo da. “Eguneroko bizitza normaltasunez ez badugu egiten, jendea beldurtu egiten da, eta sikosi eta beldur itxura ematen diogu munduari. Horrek jendea geldiaraziko du. Egoera honi noiz eta nola buelta emango diogun ez dakigunez, beldurtu egiten gara”.
Beldurra etsai handia dela azpimarratu du: “Denontzat egoera gogorra da, gaixotasun larri bat dago, baina normaltasunera ez bagara itzultzen, mundua gelditu egiten da, eta daukagun sistema ekonomikoagaz, mundua ezin da geratu. Mundua geratzen bada, sistema gelditzen da, eta gure sistemak ez du balio honetarako. Etengabe aktibitatea egoteko balio du, horrela jarraitzen duelako martxan sistemak”.
Lasaitasuna transmititu behar dutela dio Gorroñok, eta aurrera egiteko baikortasuna berreskuratu: “Ez gara urduri ipini behar. Eguneroko bizitza arruntera bueltatzen saiatu behar gara denok. Hori da egin behar dugun borroka. Baikortasunagaz begiratu behar ditugu gauzak; beste era batera ikusi. Konfiantza berreskuratzen badugu, irten, gauzak egin… horrek dena suspertuko du. Hori espero dugu. Ezin gara sartu pesimismoan. Bizimoduagaz aurrera jarraitu behar da, eta aurrera begiratu. Ezin dugu etxean geratu eta blokeo egoeran jarraitu. Konfiantza eta baikortasuna berreskuratu behar ditugu”.