"Konfinamendu egoeran ere errutinak mantentzea izango litzateke egokiena"
Psikopedagogo muxikarrak azaldu duenez, zientifikoki ez dago konfinamenduak izan ditzakeen ondorioen ikerketarik eginda; hala eta guztiz ere, giza jokabidea ikertuko balitz, posible litzateke ondorioren bat ateratzea.
Larrialdi egoera ezarri eta agintariek etxean geratzeko agindua eman zutenetik, baimendutako egoeretan bakarrik atera daitezke herritarrak kalera edota lantokietara. Ezohiko egoera horrek sor ditzakeen ondorioak asko dira, eta ahalik eta ondoren jasateko aukerak azaldu ditu Begoña Enbeita psikopedagogo eta irakasleak. Seme-alabengan izan dezakeen eragina da gurasoen kezka nagusietakoa, eta Enbeitaren berbetan, “umeengan ez du oihartzun psikologiko larririk izango epe luzera begira”.
Konfinamendu egoera honek zelan eragiten digu danori? Eta umeei?
Bizitzen ari garen egoera hau berria da guztiontzat, ume zein nagusientzat. Hitz batean esatearren, urduritasuna eragiten digu. Umeak esponja batzuk dira, beraz, gurasoak urduri ikusten baldin badituzte, beraiek ere urduri jarriko dira.
Osasuntsua al da gizartearen osotasuna konfinatuta edukitzea hainbat denbora?
Izatez gizaki sozialak garen heinean, batez ere, oreka psikikoan eragiten du konfinamenduak. Bakarrik bizi den jendearengan izan dezake, gainera, eragin handiagoa. Eguneko 24 orduak bakarrik egoteak ez du batere erraza izan behar, nahiz eta gaur egun esaten den gizakia gero eta indibidualistagoa edo bakartiagoa dela. Hala ere, naturalki taldean bizitzeko joera daukagula esango nuke.
Haurrengan ez du oihartzun psikologiko larririk izango epe luzera begira
Umeei beste ume batzuekin harremanik barik egoteak eragin egingo die?
Bai, noski eragingo diela. Adin batekoentzat, gainera, oso negatiboa izan daiteke beraien lagun taldetik isolatzea. Ez hori bakarrik, oraingoan beraien eguneroko errutinak egun batetik bestera apurtu dira. Hala eta guztiz ere, umeak dira egoera berrietara errazen moldatzen direnak. Haurrengan ez du oihartzun psikologiko larririk izango epe luzera begira; momentukoa baino ez da izango, eta konfinamendua amaitzen denean ahaztuko dute. Ondorioak konfinamendu oso luzeak direnean egoten direla uste da; adibidez, kasu bat aipatzekotan, gerrillen batek haurrak bahitu eta denbora luzez gatibu izatekotan. Eragina murrizteko, errutinak mantentzea izango litzateke egokiena, bestela arazoak sortu daitezke. Haurrentzako errutinak dira gakoa, helduentzako baino gehiago.
Etenaren ostean, zein ondorio izan ditzake nagusiengan zein umeengan gatibutza antzeko zerbait bizitzeak?
Ez dakit, eta pentsatze hutsak beldurra ematen dit! Zientifikoki ez dago konfinamenduak izan ditzakeen ondorioen ikerketarik eginda; giza jokabidea ikertuko bagenu, ondorioren bat atera genezakeen arren. Honek guztiak gogoeta bat egiteko balio beharko liguke. Aurrerantzean orain ikasten ari garen elkartasun baloreak, komunitatearen zentzuak… balioko digutela pentsatu gurako nuke.
Gurasoak seme-alaben osasun fisiko zein psikologikoari buruz kezkatuta daude. Kezkatzeko arrazoirik al dago?
Nik uste dut gurasoak behar baino kezkatuago eta urduriago daudela.
Flexibilitate baten barruan ordutegi bat finkatzea ondo legoke. Ordutegi horrek eskolako lanak egiteko denboraz gain, ondo pasatzeko eta aisialdirako orduak izan behar ditu
Arreta berezia (autistak, asperger, hiperaktiboak…) behar duten umeei zelan eragiten die?
Horientzako egunerokotasuna zailagoa izan daiteke bai, baina horiek, kasu batzuetan, kalean paseatzeko aukera daukate, Espainiako Gobernuak hala onartuta. Hori oso positiboa dela uste dut bai haurrentzako eta bai haur horien gurasoentzako ere. Egoera delikatu hauetan gurasoen egoera ere kontuan hartzekoa dela uste dut, gurasoak ondo baldin badaude, seme-alabak ondo egongo dira.
Etxean egoteko pautak eman behar zaizkie umeei?
Beharrezkoa dela uste dut. Errutinak mantendu behar dira, batez ere, gizakia ohituretan oinarritzen delako. Helduek errutinak behar ditugu, baina umeek are gehiago. Flexibilitate baten barruan ordutegi bat finkatzea ondo legoke. Ordutegi horrek eskolako lanak egiteko denboraz gain, ondo pasatzeko eta aisialdirako orduak izan behar ditu. Bestalde, aste osoa berdina izatea ekidin behar dugu. Gauza desberdinak egitea komeni da astegunetan eta asteburuetan. Asteburuetan errutinak erlaxatu beharko genituzke. Asteak dituen zazpi egunak berdinak ez izatea oso garrantzitsua da.
Ahalegindu behar gara gauzak ahalik-eta hoberen egiten, baina kontuan izan ezin dugula perfektuak izan.
Bizi dugun egoeraren berri eduki behar dute umeek?
Seme-alabei egoera hau naturaltasunez azaldu behar diegu. Adingabeek ulertu egin behar dute zer den gertatzen ari dena. Modu horretan lortuko da horiek izan dezaketen antsietatea jaistea. Beraz, garrantzitsua da krisiaren garapena azaltzea eta zergatik konfinamendua luzatzen ari den azaltzea. Garrantzitsua da, gainera, euren harremanak mantentzea. Ahal den neurrian, ondo legoke euren eskolako lagunekin deiak bideokonferentzia bidez egin ahal izatea. Beraien lagun binkuloak ez galtzeko balio du horrek. Ariketa fisikoa egitea ere garrantzitsua da. Era erregular batean seme alabekin ariketa fisikoak egitea gomendagarria ere bada. Gurasoek, bestalde, jakin behar dute euren espektatibak ahultzen. Ezingo dugu guztia oso ondo egin; etxea ezin hobe eduki, lanak bikain egin… dena ezingo da %100 egin. Ahalegindu behar gara gauzak ahalik-eta hoberen egiten, baina kontuan izan ezin dugula perfektuak izan. Bestela, gu, gurosook zoratu egingo gara!
Eta egoera honetan posible al da gomendagarria den errutina horrekin aurrera egitea?
Ahal den neurrian egokiena litzateke errutina mantentzea, bai.
Bi astez luzatu dute alarma egoera, hala ere, ezjakintasuna da nagusi. Ezjakintasun horrek eta denbora luzatze horrek ze ondorio dakar?
Ezjakintasuna da ikusten dudan arazorik handiena. Ez dugu egoera kontrolatzen, eta horrek urduri jartzen gaitu eta antsietate handia sortzen du pertsona askorengan. Gainera, egoera honen gainean ez daukagu aurrekari historikorik, eta, beraz, dena da ezjakintasuna; ez gaude ezertaz seguru, dena hipotesiak dira. Gizakiok beharrezkoak ditugu pauta batzuk eta iturri sendo batzuk lasaiago egoteko.
Hainbeste informazio, desinformazio, jendea saturatuta dago. Zelan kudeatu daiteke? Ze alternatiba daukagu burua sano mantentzeko hainbeste kaos artean?
Egia esan, ez da erraza! Gaur egun informazio iturri asko dauzkagu; batzuk fidagarriak dira, eta beste batzuk, berriz, ez horren fidagarriak. Hala ere, horiek guztiak erabiltzen ditugu, eta askotan gure kalterako dira. Egoera hau estresagarria da benetan! Ez dakigu bihar zer gertatuko den. Baina alternatibarik hoberena gure buruagaz ariketa desberdinak egitea da; erlajazioa, adibidez, ona izan daiteke buruko saturazioa arintzeko. Ariketa fisikoa egitea ere ona da estresari aurre egiteko.
Ezjakintasuna da ikusten dudan arazorik handiena. Ez dugu egoera kontrolatzen, eta horrek urduri jartzen gaitu eta antsietate handia sortzen du pertsona askorengan
Telelana alternatiba daukate enpresa askotan. Baina horrek zenbaitengan presioa eta estresa areagotu ditu. Zer egin egoera hori hobeto eroateko?
Alternatiba ona da telelana egitea, baina etxean seme-alabak baldin badituzu ez da batere erraza. Nola edo ala, bakoitzak norberarentzako denbora apur bat atera behar duela uste dut, hori baita denentzako sanoena.
Psikologoa zaren heinean, ze mezu edo gomendio ematen duzu une hauetan?
Alde batetik lasaitzeko, egoera hau ez dago gure esku eta. Egin genezakeen gauzarik onena etxean gelditzea da; hori baita une honetan gure aldetik egin dezakegun ekarpenik garrantzitsuena. Haurrekin errutinak ezartzea egokia da, baina bakarrik bizi denarentzat ere bai. Hala ere, beldurra izatea ere normalaren barruan dago.