Muruetako kontsultategiko kontsulta telefonikoak mantendu eta indartu egin dituzte
Muruetako alkate Julen Karrionek herritarrak egunotan egiten ari diren esfortzua eskertu gura izan du. Bando bidez zabaldu du mezua, bai eta bideoz ere.
Egoera “larri” baten aurrean bagaude ere, “lasaitasunez eta arduraz” jokatu beharra dagoela esan du; “etxean geratuz eta agintarien jarraibideak betez”. Herritarrak egunotan egiten ari diren esfortzua eskertu gura izan du Muruetako alkate Julen Karrionek. Mezua, bandoz zabaldu du eta bideo batean ere grabatu du.
Udaletik hartu dituzten neurrien berri eman du. Frontoia, eskola, Aldai Etxea, Udalbarri aretoa eta zabuak zarratu dituzte, eta zelan ez, gainontzeko herrietan egin modura, udalak antolatzen dituen jarduera eta ekintza guztiak bertan behera geratu dira.
Muruetako kontsultategia ere zarratu egin dute, hala ere, kontsulta telefonikoak mantendu eta indartu egin dituztela azaldu du. Aurrez aurre joateko beharrizana daukaten herritarrei jakinarazi die, Gernikako Ospitaleko lehenengo solairura joan beharko dutela.
Bestalde, herrian dauden edukiontziak desinfektatzen ari direla jakinarazi du.
Udalak martxan jarraitzen du nahiz eta jendaurreko arretarik ez duen ematen; telefonoz edo posta elektronikoz ematen dute zerbitzua. Laguntzeko daudela eta, edozer behar izanez gero, udalarekin harremanetan jartzeko deia egin du alkateak.
“Denongan pentsatu beharra daukagu, bakoitzaren erabakiek denongon eragina dutelako”, esan du Karrionek.