Informaziorako eskubidea, osasun eskubideak zainduta
HITZAk herritarrak informatuta edukitzeko konpromisoa hartu du; hori dela eta, larrialdi egoerak iraun bitartean egunkaria PDF formatuan irakurtzeko aukera emango du.
Etxean gelditu. Baina etxean gelditzeak ez du esan nahi kanpoan gertatzen denaren berri ez izatea. Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitzak herritarrak informatuta edukitzeko konpromisoa hartu du, eta, posible den bitartean, egunkaria egunero ateratzeko hautua egin du.
Gure herrietan gertatzen denaren berri emateaz gain, koronabirusak gizartean, ekonomian, hezkuntzan, lan arloan, osasunean eta abarrean eragin dituenak bildu ditu HITZAk egunotan. Aurrerantzean ere horretan jarraitu nahi du lantaldeak. Informazio guzti hori, gainera, etxe denetara heltzea da eskualdeotako euskarazko komunikabidearen asmoa. Horretarako, eguneroko egunkaria webguneetara igoko du, PDF formatuan, jendeak jaitsi eta irakurri dezan. www.busturialdea.hitza.eus eta www.lea-artibaietamutriku.hitza.eus webguneetan egongo dira eguneko egunkariak ikusgai, eskumaldean ipinitako banner gorrixka batean. Goian klikatuta, azala deskargatuko da, eta ‘Hartu Hitza’ botoiaren gainean sakatuta, egunkari osoa.
Harpidedunei etxeetara. Etxez etxeko banaketa ez du eten egunkariak, eta harpidedun direnei etxera helduko zaie, egoerak baimendu bitartean. Martitzenetik barikura aterako du HITZAk paperekoa, orain arte bezala, baina larrialdi egoerak iraun bitartean, barikuetako egunkaria 16 orrialdekoa izango da, 32koa izan beharrean. Zortzi orrialde izango dira Busturialdea, Lea-Artibai eta Mutrikuko informazioa jasoko dutenak, eta beste zortzik Bizkaiko informazioa emango dute.
Bestalde, HITZAk dei berezia egin gura du elkarlanerako, egunotan ere. Krisi egoeretan informazio eskubidea izaten da askotan kaltetuetako bat, eta esfortzu berezia egiten ari da lantaldea eskubide hori bermatzeko. Segurtasun neurriak hartuta, etxetik ari da lantalde ia osoa, eta bulegora txandaka joaten dira kazetariak, egin beharreko lanak han egotea eskatzen duenean. Hala, informazio iturriekin telefonoz, eta posta elektroniko bidez jartzen dira harremanetan. Hala ere, ez da erraza egoera berezi horretan lan egitea, eta udal, talde, elkarte, eragile, langile, sindikatu eta abarren laguntza eskatu du, hartu-emanak mantentzeko eta informazioa ematen jarraitzeko. Posta elektroniko orokorrak honakoak dira: busturialdea@hitza.eus, lea-artibaietamutiku@hitza.eus. Sare sozialak ere erabiltzen ditu: Twitter, Facebook eta Instagram.