Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak 841 milioi euroko lehen neurri sorta onartu du gaur
Osasun sistema indartzera 200 millioi euro bideratuko dituzte, eta 586 milioi euro enpresa txiki eta ertain eta autonomoei laguntzeko izango dira. Lehendakariak esan du langileen "segurtasunarekin bateragarria den jarduerari" eusten saiatu behar dela.
Eusko Jaurlaritzak koronabirusari aurre egiteko neurri ekonomikoak iragarri ditu. 841 milioi euroko diru-funtsa onartu du, eta horietatik 200 milioi euro osasun sistema indartzeko izango dira. 55 milioi euro egoera ekonomiko ahulenean dauden kolektiboak laguntzeko erabiliko dituzte eta 586 milioi euro bideratuko dituzte enpresa txiki eta ertainentzat eta autonomoentzat.
Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak bilera egin du bideokonferentziaz, eta bertan onartu dituzte neurri ekonomiko-sozialak. Jarraian, Iñigo Urkullu Lehendakariak eta Nekane Murga Osasun sailburuak agerraldia egin dute, aipatutako erabakien berri emateko. “Momentuko larrialdiei erantzuteko ekinbide zuzenak dira gaur onartu ditugunak. Onartu dugun 841 milioi euroko inbertsioaren bidez, birusak eraginda sortu diren premiazko helburuei erantzuten diegu. Eusko Jaurlaritzak aurre egin diezaioke egoera honi gure kontuak orekatuta daudelako eta beharrezko kaudimena dugulako”, azaldu du Urkulluk.
Osasun sistemari laguntzeko 200 milioi euroko partida sendagaien kudeaketara eta osasun alorreko materiala erostera bideratuko dute, besteak beste. Horrez gain, prebentzioko arretan, telefono bidezko aholkularitzan, ospitaleetako eta etxez-etxeko langileen babesean, ospitaleen berrantolaketan eta kutsatutako pertsonak artatzeko eremu berrietan inbertituko dute dirua.
Besteren artean, babes ofizialeko etxeetan alokairuan daudenek eta langabezian geratu direnek ez dutela apirileko eta maiatzeko alokairua eta komunitate gastua ordaindu beharko iragarri du gaurko agerraldian. Familiei emandako beste laguntza batzuen artean, Jaurlaritzak jantokietako bekak mantenduko ditu, haur eskoletako fakturazioa etengo du, eta gizarte larrialdiko laguntzak handituko ditu. Atal horretara 54 milioi euro bideratuko ditu.
Lehendakariak adierazi du jarduera ekonomikoa beharrezkoa dela oinarrizko zerbitzuei eusteko: “Behar-beharrezkoa da protokolo zorrotzak bermatzea enpresetan pertsonen segurtasuna zaintzeko, Egoera honetan, langileen segurtasunarekin bateragarria den jarduerari eusten saiatu behar dugu. Logistika, hornidura, energia eta oinarrizko kontsumoko produktuen banaketa martxan izaten. Hori da enplegua babesteko modua”. Argudiatu du ezinbestekoa ez den jarduera ekonomikoa gelditzea “estatu mailan hartu beharreko erabakia” dela, eta jarduera ekonomiko horrek sostengatzen dituela oinarrizko zerbitzu publikoak: “Muturreko neurri bat izango litzateke”.