Eusko Jaurlaritzak telelana ezartzeko eta aholkularitza emateko zerbitzua jarri du martxan
ETE eta autonomoei zuzenduta dago zerbitzua. Ohiko jardueragaz edo haren zati bategaz etxetik jarraitu ahal izatea ahalbidetuko die.
Koronabirusa sortzen ari den egoera ikusita, autonomo eta ETEek telelana berehala ezarri ahal izateko aholkularitza zerbitzu bat jarri du abian Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak, SPRIren bitartez. Inplantalariak zerbitzuak ohiko jardueragaz edo haren zati bategaz etxetik jarraitu ahal izatea ahalbidetuko die.
Jaurlaritzak jakinarazi duenez, zerbitzua doakoa izango da, eta autonomoentzako eta enpresentzako aholkularitza-esperientzia handia duen teknologia-aholkulari talde batek emango du modu telematikoan. “Horri esker, enpresan tresna teknologikoak modu eraginkorrean ezartzeko eta erabiltzeko moduari buruzko balio-ezagutza izango du, telelana bermeekin eta segurtasunarekin ezartzea lortzeko”.
Laguntza jarraitua emango diete gida baten bidez, eta telefono bidez eta urrutiko aholkularitza zerbitzuagaz osatuko dute laguntza ondorengo arloetan:
Informazioa bezeroekin, langileekin, hornitzaileekin eta bazkideekin komunikatzea eta partekatzea.
Lankidetza-lana egitea enpresa-dokumentazioa sortzeko.
Enpresarentzat funtsezkoa den informazioa urrutitik atzitzea, kontsultatzea, erregistratzea eta biltegiratzea.
Lanaren banaketa edo proiektuen egoera urrutitik kudeatzea.
Enpresaren kudeaketa eraginkorra ahalbidetuko duten informazioa aztertzea eta erabakiak hartzea, egoeraren, portaeraren eta joeren arabera, ohar kudeatzaileekin.
Agendak, hitzorduak, entregak enplegatuekin, bezeroekin edo bazkideekin sinkronizatuta kudeatzea.
Bulegoko ekipoetara urrutitik sartzea.
Enpresaren jarduera azkarrago egiten duten jarduerak bizkortzea eta geolokalizatzea.
Konponbide multzo horri segurtasuna emango dion zibersegurtasuna.
Zerbitzua eskatzeko, autonomoek edo ETEek SPRIko Bezeroarentzako Arreta Zerbitzura jo behar dute, 902 70 21 42 telefono zenbakira deitu edo info@spri.eus helbidera idatzi. Zerbitzu horrek Inplantalariak zerbitzuarekin harremanetan jarriko du, eta zerbitzuak zer arlotan jardun dezakeen azalduko dio, telelanaren bidez.