Babes neurriekin lanera joan dira Salikako zenbait behargin
45 langile inguru deitu dituzte, printzipioz astelehena bitartean lanera joateko. LABeko delegatu Aintzane Larrabasterrek esan duenez, gaur segurtasun protokoloari jarraituta lan egin dute
Bermeoko Salica kontserba enpresak zenbait langile deitu ditu lanera joateko. Gaur goizean bueltatu dira lanera 45 behargin inguru, eta goiza nahiko “lasai” joan dela esan du LAB osasun arloko delegatu Aintzane Larrabasterrek. Arlo desberdinetako jendea izan da gaur lanera joan behar izan duena, eta lanpostuen artean distantzia nahikoa dagoela esan du Larrabasterrek; “gune zabal batean egon dira lanean, eta segurtasun distantzia mantendu ahal izan dute.
Langileen osasun egoera bermatzeko, COVID-19 birusaren aurrrean zelan jokatu jakiteko segurtasun protokoloa idatzi zuen enpresak, eta paperean idatzitakoari jarraitzeko gai izan direla esan du LABeko delegatuak. “Langileak maskarillekin egon dira lanean, desinfektatzeko produktuak ian dituzte eskura, eskuak garbitzeko aukera ere izan dute behar beste, eta ez dute eguneroko lan erritmo azkarra izan. Lasaiago ibili dira gaur, eta horrek posible egin du langilea bera ere segurtasun neurriak betetzeari adi egotea”, esan du Larrabasterrek.
Beldurra ere izan dute –Larrabasterren esanetan–, beraiekin esperimentatzen ari diren sentsazioa dutelako. Bihar 15 bat langile gehiago joango dira lantegira, beste makina batean lan egiteko. “Makina horretan bai egon daitezke arazoak distantziak mantentzeko, eta aurpegiko maskara jantzi beharko dute nahi eta nahi ez, deserosoa izan arren”. Hori dela eta, bihar langileen gainean eta adi egon beharko dutela esan du LABeko ordezkariak, “akats txikiena ere egon ez dadin”.