Busturialdean 13 kasu zenbatu dituzte gaur goizera arte
Osasun baliabideen hornidura bermatzea dela erronka esan du Urkulluk gaurko agerraldian.
Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak emandako datuen arabera, gaur goizeko 08:00etara arte, Busturialdean koronabirusak kutsatutako 13 herritar daude; atzo baino bi gehiago. 7 Bermeon, 2 Busturian eta Gernika-Lumon, eta bana Morgan eta Mundakan.
Atzora arte, Busturian eta Gernika-Lumon koronabirusaren kasu bakarrak detektatu ziren, baina gaurko datuen arabera, bi kutsatu daude herri horietako bakoitzean.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gaur eguerdian emandako datuen arabera, 18 hildako zenbatu ziren atzo, “pandemiaren hasieratik kopururik handiena”. Hori horrela, guztira, 71 euskal herritar direla koronabirusaren eraginez hildakoak esan dute. Bestalde, 21 pertsona dira sendatu direnak.
Halaber, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan beste Euskadin beste 275 COVID-19 kasu erregistratu direla jakinarazi dute eguerdiko prentsaurrekoan. Beraz, kutsatutakoak 1.465 dira, eta horietatik 550 daude ospitalizatuta; atzo baino 105 gehiago. Lurraldeka, honako hau da banaketa:
- GIPUZKOAN 223 positibo daude, eta horietatik 79 ospitalizatuta daude.
- BIZKAIAN 539 lagun daude kutsatuta, eta horietatik 247 ospitalizatuta.
- ARABAN, 703 kasu zenbatu dira, eta horietatik 224 ospitalizatuta daude.
Euskadiko Babes Zibileko Planaren aholku batzordea batzartu da goizean, Gasteizen, eta ondoren agerraldia egin dute Iñigo Urkullu Lehendakariak, Nekane Murga osasun sailburuak eta Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak. Besteak beste, Urkulluk, Beltran de Herediaak, hiru lurraldeetako ahaldun nagusiek, Gorka Urtaran Eudeleko presidenteak eta Denis Itxaso Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak parte hartu dute bileran.
Urkulluk adierazi du Osasun baliabideen hornidura bermatzea dela erronka, eta ildo horretatik, materiala “arduraz” erabiltzeko eskatu, eta Osakidetzako profesionalen “osasuna eta gogo aldartea” zaintzearen garrantzia azpimarratu du.
Egun “zail eta mingarri” egun hauen ondoren ere, beharrizan handiagoko eta erne egoteko uneak helduko direla ohartarazi du: “Bizi dugun egoerari buelta emateko asko geratzen da oraindik, asteak behar izango ditugu, eta kalte ekonomiko eta soziala oso handia izango da. Krisiaren hasieratik osasun agintariok bidea markatu dugu, eta horrela izaten jarraituko du, atsekabe handia sortzen ari den pandemia gainditzeko bidea delako”. Euskal gizartea maila ematen ari dela, zerbitzu publikoek gaitasuna dutela, eta “kalitate profesional handia eta konpromisoa azalduz” Osakidetza eta Ertzaintza “oinarrizko bi zutabe” direla erakutsi dutela nabarmendu du. Babes neurriak zorrotz betetzea eskatu die berriro ere Urkulluk herritarrei.
“Elkarrekin lanean jarraitzea dagokigu, atsedenik gabe, eta erabakietan asmatuz. Aurretik gogorrena dugu: pandemiaren ondorio pertsonalak. Oinarrizko zerbitzuak eta osasun arreta bermatu behar ditugu, eta aldi berean, posible den heinean, enplegua eta jarduera ekonomikoa mantendu”, adierazi du.
Lehentasunak. Osasun arloan bost lehentasun finkatu dituztela azaldu du Lehendakariak.
Osasun langileentzako material suntsikorra lortzeko, aurrea hartzea ezinbestekoa dela esan du. Norbera babesteko ekipamenduak eta arnasgailuak, zahar-etxeetan, osasun garraioan eta etxez etxeko arretan ari diren profesionalek ere behar dituztela azpimarratu du. Foru aldundiekin elkarlanean, zahar-egoitzetan osasun arreta bermatu behar dela aitatu du, eta ospitaletan Zainketa Intentsiboetako Unitateak garatzea eta kolektibo bereziak (espetxeetan eta adingabeen eta buruko gaitzen zentroetan daudenak, esaterako) artatzea ere lehentasun moduan finkatu dituzte. “Administrazioek gizartearen oinarrizko beharrizanak bermatu behar dituzte, eta lehentasunen artean pertsona ahulenak eta adinekoak daude; babestu behar dira”.
Ekonomia. Jarduera industrialaren eta komertzialaren suntsiketarekin “kezkatuta” agertu da Urkullu: “Denda txikiak, profesionalak, autonomoak, tailerrak, enpresa txiki eta ertainak, gure enpresa handiak. Sektore guztiek jarduera mantentzeko zailtasunak dituzte”. Eusko Jaurlaritzak krisiari aurre egiteko neurri ekonomikoak hartu dituela gogorarazi du lehendakariak, baita aldundiek eta udalek ere: “Euskadiko sare ekonomikoaren oraina eta etorkizuna babesteko neurri guztiak martxan jartzea gure ardura da. Erantzukizun handienarekin eta batasunarekin jokatu behar dugu”. Erakunde guztien arteko “harreman eta lankidetza etengabea” aldarrikatu ditu.