Sollubekoek Hiru Haundiak egingo dituzte bost etapatan
Guztira, 117,070 kilometro egingo dituzte. Dagoeneko 23 lagunek izena eman dute, hala ere, oraindik badago lekua. Errazena Gorbea izan daitekeela uste dute.
Gorbea (1.481 metro, Araba), Anboto (1.331 metro, Bizkaia) eta Aizkorri (1.523 metro, Gipuzkoa) hartzen dituen Mendi Lasterketa da Hiru Haundiak; mendiko iraupen lasterketa erreferentea da Euskal Herrian. 24 ordutan egin beharreko proba hori, baina, bost etapatan banatuta egingo dute Sollube 707 Mendizale Taldekoek.
1987an hasi ziren proba antolatzen. Hasieran lasterketa urtero egiten bazuten ere, 1996tik aurrera bi urterik behin antolatzen hasi ziren. Aurtengo lasterketa urriaren 17an egingo dute, eta 22. aldia izango da.
Hiru Haundiak 100 kilometroko ibilbidean egiten dituzte 24 orduko lasterketan parte hartzen dutenek. Bermeoko mendizaleek, hala ere, kilometro gehiago egingo dituzte, hori bai, bost etapatan banatuta. Autobusak ezin daitezkeenez leku guztietara iritsi, 117,070 kilometro egingo dituzte, hain zuzen ere, «autobusetik eta ibilbidea hasi edo amaitu arte tartea dagoelako».
Sollube 707 Mendizale Taldeko kide Sabin Bilbaok azaldu duenez, ez da erraza izango, baina «tipi-tapa» egingo dutela dio: «Modu horretan, parte hartzaileek Hiru Haundiak egin dituztela esateko aukera izango dute, beste modu batera bada ere».
Amaierako etapa kontrako norabidean egingo dutela zehaztu du, Araian hasiko dira Urbiako landetan amaitzeko. Izan ere, egun horretan, parte hartzaile guztiek elkarrekin bazkalduko dute Urbian. Gainontzeko etapetarako, mendizale bakoitzak bere bazkaria eroan beharko du, eta egunerako beharko duen guztia.
Etapa «nahikoa zailak». Ibilbidea «lasai» egiteko asmoa daukatela iragarri du, horregatik jarri dituzte, bataz besteko 24 kilometroko etapak. Eguraldia eta mendizaleen erritmoa kontuan hartuta, denbora gehiago edo gutxiagoko etapak izango direla dio Bilbaok.
Etapa guztiak «nahikoa zailak» izango direla uste dute. Errazena Gorbea izan daitekeela dio, basazko mendia baita: «Lainoak ez bagaitu harrapatzen, errazena izan daiteke». Mendian gora eta behera asko ibiliko dira, mendi asko zeharkatuko baitituzte, guztiak, gainera, 1.000 metrotik gorakoak dira.
Anboton eta Aizkorrin kareharria dago: «Laban egiten du asko euriagatik bustita baldin badago. Hortaz, egoera horretan baldin bagaude, bi kasu horietan ibilbidea apur bat moldatu genezake, arriskurik ez edukitzeko. Mendia, igo eta jaitsi beharrean, zeharkatu egingo genuke».
Mendiz mendi ibili bai, baina hori baino gehiago ere bada; izan ere, ingurua ezagutzeko aukera ere badaukate mendizaleek, bai eta istorio eta bitxikeria ugari ere. Ibilbidean zehar ubideak eta urtegiak, urperatuta egon zen herritxo bat, parke eolikoa, trikuharriak, menhirrak eta tumuluak… eta askoz gehiago ikusiko dituzte. Era berean, mendiek eta mendikateek eskaintzen dituzten ikuspegi ederrez gozateko aukera «bikaina» ere edukiko dutela adierazi du Bilbaok.
Euskaraldiagaz bat. Orain dela bi urte Ardoa eta Arrainaren ibilbidea egin zuen Sollube 707 Mendizale Taldeak; iaz, berriz, Idiazabal gaztaren ibilbidea egin zuten. Aurten, gogoa zeukaten Hiru Haundiak egiteko, eta, hortaz, hori egitera doaz. Ehun miliak egitea zen aurtengo beste aukeretako bat, baina ibilbidearen zati handi bat iaz egindako Idiazabal gaztaren ibilbidearen berbera zenez, beste urte baterako uztea pentsatu dute.
Izena eman dutenak ere badaude, 23 lagun animatu dira dagoeneko. Oraindik, hala ere, lekua badago. Hortaz, joan gura dutenek 619 79 31 98 (Sabin) telefono zenbakira deitu beharko dute. Posible da bost etapak egitea, bai eta ere haien artean aukeratzea. Hala ere, azken uneko ezustekorik egon ezean, ohikoena osorik egitea izaten dela dio Bilbaok. Bermeotarrak zein inguruko herrietako bizilagunak animatzen dituzte parte hartzera, «esperientzia polita» baita. Bermeoko mendizaleez gain, inguruko herrietakoek ere parte hartu izan dute antolatutako azken ibilbideetan.
Aurten Euskaraldia datorrela eta, kartel handi bat egingo dutela jakinarazi du Bilbaok. Modu horretan, etapa bakoitzean, kartelagaz argazki bat aterako dute, Euskaraldiaren alde egin eta babesa adierazteko.
Koronabirusaren egoera dela eta, ez dakite posible izango duten aurreikusitako datetan irteerak egitea. Hedapena zelan doan ikusita erabakiko dute data aldaketak egin edo bertan behera utzi, eta jakinaraziko dute.
Hiru Haundiak etapaz etapa
Lehenengo etapa.
– Apirilak 26.
– 24. 620 metro.
– Murua-Gorbea-Ubide
-Otxandio.
Bigarren etapa.
– Maiatzak 17.
– 22.520 metro.
– Otxandio-Urkiola-Anboto
-Orixol-Kurtzeta Mendatea.
Hirugarren etapa.
– Ekainak 14.
– 24.730 metro.
– Kurtzeta mendatea-Jarindo-Landa-Mugarriluze. Handik
jaitsi, autobusa hartzeko.
Laugarren etapa.
– Ekainak 28.
– 23.430 metro.
– Arrugetik (Ozeta) Mugarriluzera igo ibilbidea hasteko. Mugarriluze-Urbiako Bentara.
Handik Arantzazura jaitsi, autobusa hartzeko.
Bosgarren etapa.
– Uztailak 19.
– 21.770 metro.
– Araia-Iturriotz Iturria-Azkosaroi-Aizkorri Arbelarko bordak-Urbiako Benta. Urbiako Bentatik Arantzazura jaitsi, autobusa hartzeko.