SATSE sindikatuak baliabide falta salatu du
Erizain gehiago egotea beharrezkoa dela azpimarratu dute beste behin, "koronabirusagaz gaixotutakoak eta profesionalak hobeto artatu eta zaindu ahal izateko".
“Erizainen plantillak indartzeko lan egin behar da, koronabirusak eragindako pazienteak eta profesionalak hobeto artatu eta zaindu ahal izateko”, horixe da SATSE erizainen sindikatuek egindako eskaria.
Osasun langileen erabiltzen dituzten Norbera Babesteko Ekipamendu (NBE) falta salatu dute beste behin, eta gogora ekarri dute erizainek “segurtasun berme handienekin” lan egin ahal izateko ezinbestekoak direla. Material faltari lehenbailehen konponbidea emateko exijitu du sindikatuak.
Osasun agintariek esan moduan, argi daukate kutsatuta dauden pertsonei edo susmagarriak diren kasuei ahalik eta egokien erantzuteko neurri eraginkor guztiak hartzeko beharra dagoela. Baina, koronobirusaren aurkako borrokan dabiltzan profesionalei baimenak eta lizentziak kentzea “kaltegarria” izan daitekeela ohartarazi dute, atseden fisiko zein psikologia hartzeko tartea horrela baldintzatzeak ondorioak izan ditzakeelako eurengan zein euren lanean, “pazienteak artatzeko alerta edo zaintza egoeran eta adi egotea” eskatzen zaielako: “Gau eta egun lan egiten duten erizainen etengabeko lan gainkargak bajak eragin ditzake nekeagatik eta estresagatik, eta horrek are gehiago zailduko luke ospitaleetan, larrialdi-zerbitzuetan, osasun-zentroetan eta beste osasun zentro eta zentro soziosanitario batzuetan beharrezkoa den osasun arreta”.
Gainera, azpimarratu dute ezinbestekoa dela prebentzio neurriak ahalik eta gehien zaintzea, “protokoloak modu homogeneoan eta zorrotzean aplikatuta”, infekzioari aurre egiteko eta osasun langileak babesteko eraginkorrak izan daitezen.
Bestalde, bart Bizkaian zendu den erizaina gogoratu eta familiari doluminak emateaz gain, Bizkaiko Erizainen Elkargoak ere berretsi du funtsezko neurrietako bat dela osasun arloko profesionalen jardunean arrisku biologikoa saihesteko segurtasun neurri guztiak hartzea, eta horretarako neurri gehiago eskatu ditu. “Elkargoak ondo baino hobeto ezagutzen ditu administrazio publikoek helburu hori berehala lortzeko egiten dituzten ahaleginak. Lankide erizainaren heriotzak agerian uzten du, beste behin, gure herrialdean milaka profesionalek bizi dituzten arrisku egoerak alderdi guztietan aitortzeko aldarria”.
Elkargoa agintari publikoekin lankidetzan dagoela zehaztu dute, “zuzenbide publikoko korporazio gisa duen eginkizunaren bidez osasun-sistemari mobilizatu daitezkeen baliabide guztiak ematen laguntzeko”. Ildo horretan, iragarri berri dut, plantillak indartzeko Osakidetzak deitutako erizain guztiei “doan eta berehala” elkarteko kide egiteko aukera luzatuko dietela: “Gainera, osasun agintariek behar dutenean lanean hasteko prest daude erizain boluntarioen zerrenda bat prestatu dugu”.
Omenaldia. Bart Bizkaian hildako erizaina omentzeko deialdiagaz bat egin du elkargoak. Osasun arloko profesionalen lana eskertzeko egunero leiho eta balkoietara txaloak jotzeko deialdia egiten dute, eta gaur, hildako erizaina omenduko dute, 20:00etan.