LAB: "Langileen osasun eskubideak bermatzea da lehentasuna"
Ajangizko Maier kooperatibak erabaki du langileak etxera bidaltzea apirilaren 8ra bitartean. Beste enpresa batzuk ere zer egin erabakitzen ari direla dio sindikatuak, eta egoera aldakorra izango dela datozen egunetan.
Bizitzak erdigunean. Azken urteetako aldarrikapenari eusten dio LAB sindikatuak COVID-19 birusaren pandemiari aurre egiteko orduan. Lehentasuna langileen osasun eskubideak bermatzea dela dio sindikatuak, eta ondoren langileen bizitza duina bermatzea.
Maier kooperatibak lantegia itxi du apirilaren 8ra bitartean, eta harentzat lan egiten duten lantegi txikiak ere itxi egin dituzte. Salican, bestalde, jarduna eten dute enpresa barruan koronabirusaren kasu bat atzeman ostean.
LABeko ordezkarien esanetan, onena jendea etxera bidaltzea eta enpresak kostu hori %100 bere gain hartzea litzateke, enpresa-buruak hasiak baitira gobernuari laguntzak eskatzen. Baina enpresariek hori onartzea zaila ikusten dute, ” eta gobernuek ere ez dute ahalmen politikorik enpresa gizonei holakorik dekretuz inposatzeko”. Horregatik, zoritxarrez, duten aukera bakarra neurri partzialak hartzearena dela diote, langileen kalterako. “Berriro ikusten ari gara 2008. urteko krisi ekonomikoan antzera gertatuko dela; hau da, enpresak langileen lepora bota nahi dutela erantzunkizun ekonomikoa eta enpresariala. Eta hor dago borroka”. Langileentzat eragina ahalik eta txikiena izateko lan egingo dutela dio LABek, eta beharginen eskubideak bermatzeko antolakuntza aktibatzen ari dira. “Espero dugu erantzukizun sozial bat ematea eta datorren asterako enpresa askok onartzea jendea etxean geratu behar dela. Gero ikusiko da zelan edo zein baldintzatan doazen etxera, baina etxean gera daitezela”, esan du sindikatuak.
Behin-behineko langileek, kontratu finkorik ez dutenak etxera bidaltzen ari dira Busturialdean. Kontserba enpresa batzuetan, adibidez, kontratu iraunkor zatikatua duten emakume langileen figura esistitzen da. “Horiek etxera bidaltzen ari dira, eta gero baliteke ERTE bat iragartzea finkoak direnetzako”.
Berriro ikusten ari gara 2008. urteko krisi ekonomikoan antzera gertatuko dela; hau da, enpresak langileen lepora bota nahi dutela erantzunkizun ekonomikoa eta enpresariala. Eta hor dago borroka”
Gauza onik ez, baina antolatzeko deia. Koronabirusaren pandemiak, azkenean, etortzekoa zen krisiaren mamua “errematatu” egingo duela esan dute sindikatuko ordezkariek. “Orain osasuna zaintzea tokatzen da, baina langileen bizitzak ere zaindu beharko dira”. Egoera zaila izango da pandemia amaitzean, baina alarma sortu beharrean itxaropen mezuak zabaltzeko unea dela dio sindikatuak: “Langileok antolatuta egon behar dugu datorrenari erantzun ahal izateko. Gauza onik ez dakar honek, baina orain lehentasuna da gure osasuna zaintzea. Gero begiratuko diogu gure bizitza laboralari, eta, horretarako, garrantzitsua da transmititzea langileak elkarrekin bagaude gauzak lortu daitezkeela. Ezin dugu onartu krisi hau ere langileen kontura izatea”.
Autonomoen kasuan, sindikatuak dio bereizi egin behar direla. “Badira aberastu eta krisiari aurre egingo diotenak, eta autonomo txikiak, herrietako enpresak. Azken horiek badaude egoera txarrean, eta gu, sindikatu soziopolitikoa garen heinean, haien alde egongo gara”. LABek dio askok ezingo diotela egoerari aurre egin, eta kasu horietan argi du gobernuek ipini beharko luketela bitartekoak. “Ez dugu uste nahikoa denik autonomen kuota ordaintzeari uztea. Uste dugu laguntza gehiago eman behar zaizkiela galerak izango dituztenei”.
Errealitatea beltza dela dio LABek, eta etorkizuna beltzagoa, “baina esperantza mantendu eta borrokatu egin behar gara. Hemendik ere aterako gara, eta etorkizunean ekonomiari buelta emango diogu”.