Gernika-Lumok osasun larrialdirako mahaia eratu du
Zazpi pertsonak osatuko dute emergentziazko mahai hori, eta alarma egoerak iraun bitartean antolatuta jokatzea du helburu. Behin-behineko aurrekontu partida bat zabalduko du udalak, egoera zaurgarrienetan dauden familiak laguntzeko.
Gernika-Lumok Osasun larrialdiari aurre egiteko mahaia eratu du, eta zazpi lagunek osatzen dute: Gernika-Lumo ospitaleko zuzendariak, anbulatorioko medikuen buruak, Ertzaintzako buruak, Udaltzaingoaren buruak, babeserako zinegotzi arduradunak, udaleko idazkariak eta alkateak.
Gernika-Lumoko alkate Jose Mari Gorroñok azaldu duenez, osasun emergentziak iraun bitartean antolatuta jokatzeko asmoz sortu dute mahai hori. Gainera, esan du udalak behin-behineko aurrekontu partida bat zabalduko duela, egoera zaurgarrienetan dauden familiak laguntzeko.
Orain arte hartu dituzten erabakien artean honakoak aipatu ditu alkateak: Gernika-Lumoko anbulatorioa zabalik egongo da 08:00etatik 17:00etara, baina joan aurretik familia medikuari telefonoz deitu behar dela esan du. Hala, medikuak berak erabakiko du pazientean osasun etxera joan behar duen ala ez. Telefono zenbakiak honakoak dira: 94-603 58 00/94-627 40 35. Era berean, Gernikaldea ospitalaren larrialdi zerbitzuek eguneko 24 orduetan emango dute arreta. Bestalde, Osakidetzak arreta emateko ibilgailu gehiago ipiniko dituela esan du alkateak, eta Ertzaintzak ere gidaridun autoak ipiniko ditu osasun zerbitzuen menpe. Bidebusak ere zerbitzua ematen jarraituko du, osasun etxeetara joan behar direnak garraiatzeko.
Osasun neurriak eta segurtasuna. Bestalde, udal langileei dagokienez, Udaltzaingoaren plantilla osoa mantenduko du Gernika-Lumok, segurtasuna bermatzeko eta behar duenari laguntza emateko. Garbiketa enpresak ere jardun osoan jarraituko du, eta egunero zaborrontziak, heldulekuak eta denda, supermerkatu, okindegi eta abarretarako sarrerak desinfektatuko ditu. Udaletxean, bestalde, herritarrei arreta emango diete bakarrik urgentziazko dokumentuak behar dutenei. Gainontzeko kasuetan, telefonoz edo telematikoki egin beharko dira kudeaketak.
Neurri horiez gain, emergentzia egoera kudeatzeko mahai horrek erabaki du Iparragirre kaleko autobus eta tren geltokietan komunak jartzea, osasuna babesteko neurriak indartuz horrela. Zentzu berean, irekita dauden denden sarreretan desinfektatzeko produktuak jartzeko eskatu du, eta babes neurriak bermatu ditzaten.
Jose Mari Gorroño alkatearen esanetan, “Osakidetzako arduradunek adierazi dute Gernikan ez dela koronabirusaren kasurik eman orain arte”. Horregatik, arduratsuak izaten jarraitzeko eskatu die herritarrei.