Atzora arte Busturialdeko 11 herritarrek eman zuten positibo koronabirusaren proban
Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren datuen arabera, atzora arte Bermeon 7 kasu eta Busturian, Gernika-Lumon, Morgan eta Mundakan bana zeuden. Atzora arte, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 4.028 proba egin zituzten, horietatik 1.190 herritarrek eman zuten positibo eta 2.838k negatibo.
Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak emandako datuak argitaratu dituzte gaurko aldizkari ofizialean, eta koronabirusari buruzko atzora arteko hainbat datu ageri dira. Horien arabera, atzora arte Busturialdean 11 kutsatu zeuden: 7 Bermeon eta Busturian, Gernika-Lumon, Morgan eta Mundakan bana.
Iñigo Urkullu Lehendakariak eta Nekane Murga Osasun sailburuak agerraldia egin dute gaur eguerdian, koronabirusaren bilakaeraren berri emateko, eta Koronabirusagatik hildako lehen osasun langilea gogoan izan dute. Gaur jakin denez, 52 urteko erizain bizkaitarrak sei egun zeramatzan ospitaleratuta Bizkaiko zentro batean, eta bart hil da. Horregatik, Lehendakariak eta sailburuak dolumina helarazi diete emakumearen familiari, lankideei eta Osakidetzako profesional guztiei eta Osakidetzako profesional guztien lan eredugarria nabarmendu dute. “Koronabirusaren hedapena geldiarazteko egiten ari zareten lana eredugarria da, eta zuen konpromisoa eredugarria da gizarte osoarentzat”, adierazi du Urkulluk.
Datu eguneratuak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan beste 217 COVID-19 kasu erregistratu direla jakinarazi dute gaurko agerraldian. Beraz, kutsatutakoak 1.190 dira eta horietatik 455 daude ospitaleratuta. Gaur arte, 53 euskal herritar hil dira koronabirusagatik. Lurraldeka, honako hau da banaketa:
- ARABAN: 621 kasu zenbatu dira, eta horietatik 224 ospitalizatuta daude.
- BIZKAIAN: 393 lagun daude kutsatuta, eta horietatik 117 ospitalizatuta daude.
- GIPUZKOAN: 176 positibo daude, eta horietatik 54 ospitalizatuta daude.
Aldizkarian ageri diren datuen arabera, atzora arte, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 4.028 proba egin zituzten, horietatik 1.190 herritarrek eman zuten positibo eta 2.838k negatibo. Positiboen artean, ia erdiak Gasteizen daude: 502. Jarraian, Bilbo (83) eta Basauri (71) daude koronabirusarengandik gaixo gehien dituztenen artean.
Hain zuzen ere, iragarri dutenez, gaurtik aurrera, Osasun Sailak datu guztiak “eguneroko informazio-buletin osoago batean bildu eta argitaratuko ditu”, horrela koronabirusak autonomia erkidegoan daukan bilakaeraren azterketa zabalagoa egin ahal izateko. Buletin hori egunero argitaratuko da webgunean, herritarrei eta komunikabideei informazio gehiago emateko.
Koronabirusaren aurkako borrokan “pertsona bakoitzaren konpromisoa ezinbestekoa” dela koronabirusak eragindako erronka “hasi berria” dela azpimarratu du berriro ere Urkulluk: “Ezin dugu pentsatu konponbidea medikuen edo adituen eraginkortasunari esker bakarrik etorriko dela. Ezinbestekoa da norberak prebentzio-neurriak zorroztea, arauak errespetatzea eta joan-etorriak saihestea. Ahal dugun fronte guztietan ari gara lanean: neurri sanitarioak, sozialak, ekonomikoak, fiskalak, antolakuntzakoak, komunikaziokoak, hornikuntzen ingurukoak hartuz… horrela jarraituko dugu: atsedenik gabe eta erabakitasun osoz”.
Bazterketa egoeran edota etxerik gabe dauden pertsonentzako arreta indartzeko funts bat sortuko dutela iragarri du, eta Gizarte Larrialdietarako Laguntzetarako bideratutako aurrekontu-partida handitzeko asmoa daukatela: “Arreta berezia eskainiko diegu behar handiena duten familiei”. Krisi honek enpleguetan izango dituen ondorioez galdetuta, “kezkatuta” dagoela eta indarrean dauden lan-erregulazio espediente gehienak aldi baterakoak direla adierazi du: “Denok nahi dugu krisi hau aldi baterakoa izatea eta lan merkatuaren normaltasuna lehenbailehen berreskuratu ahal izatea”.
Prebentzioa indartzeko aplikazio sozial berria. Eusko Jaurlaritza mugikorrerako aplikazio bat lantzen ari da, kasuen prebentzio, jarraipen eta identifikazio lana indartzeko. Tresna hori datorren astean egongo da eskuragarri, eta “medikuntzako eta datuen babeserako berme guztiak” izango dituela zehaztu dute. Herritarrak erregistratu, hurbilen dituzten kontaktuak txertatu eta haien osasun egoera erregistratu ahal izango dute. “Euskadi lanean ari da euskal enpresa batek Osasun Sailarekin eta Osakidetzarekin elkarlanean garatutako aplikazio sozial horretan. Beraz, lankidetza publiko-pribatuaren ondorioa da”.
Aplikazio hori “aurrerapausoa” izango dela azpimarratu dute: “Osasun Publikoaren arloa epidemiologia-lanarekin egiten ari den lana indartzen duelako, bai eta asistentzia eremurako ere. Pertsonak prebentzio neurriez eta haien osasun egoeraren jarraipenaz kontzientziatzen ere lagunduko du”.
Azaldu dutenez, horrelako aplikazioak beste herrialde batzuetan baliagarriak direla frogatu dute, eta Osasunaren Mundu Erakundearen jarraipen eredua lantzen du, baita Gaixotasunak Kontrolatzeko Europako Zentroa edo Korean erabiltzen dena.