Argia noiz eta zelan ikusiko dute?
Osasun larrialdi egoerak estualdi ekonomikoa ekarri du, besteren artean, ostalarientzat eta merkatarientzat. Bermeoko eta Gernika-Lumoko sektoreko elkarteen ikuspegiak, kezkak eta beldurrak batu ditu HITZAK.
Koronabirusak udalerrietako dendak eta tabernak ixtea suposatu du, eta horrek tokian tokiko merkataritzan zuzeneko eragina dauka. “Gure egoera oso larria da. Momentu gogor batean geunden, eta honek egoera larriagotu besterik ez du egin”, dio Naira Iturbe Gernikako Merkatari Elkarteko kideak. Arazoa ez dela bakarrik etxean geratu behar izatea eta dendak ez zabaltzea diote: “Ez dakigu guzti honek zelako ondorioak ekarriko dituen etorkizuneko ekonomian. Oso kezkatuta gaude”.
Bermeoko merkatariak “baikor” baina “arduratuta” daudela dio Bermeoko Berton txiki-erdi enpresen elkarteko teknikari Amaia Galvanek, “ez dakite zer etorriko den”. Maria Gonzalez Lamas Bostaleko Bermeoko ostalarien elkartearen presidenteak dioenez, hamabost egunerako esan dieten arren, hau luzerako izango dela argi daukate. “Nor etorriko da Bermeora? Ez da izango erraza. Taberna batzuk oso txarto daude”.
Ordutik ordura eta egunetik egunera gauzak asko aldatzen direla diote Gernikako Merkatari Elkartekoek, eta aukera guztiak aztertzen dabiltza: “Eusko Jaurlaritzak zein Espainiako Gobernuak ematen dituzten azalpen eta aukerak aztertzen gabiltza. Baina, egoera, oso gogorra da. Martxoan gaude, eta erropa dendek denboraldi honetarako euren eskaerak eginda dituzte; ordainketa handiak batzuk. Denboraldi berriaren hasiera da, eta ezin dugu gaurkoa uztailean saldu”.
Egungo egoerak eragingo dienagaz kezkatuta daude
Ostalaritzan ere, egoera gaitza dela diote Gernikako Merkatari Elkartekoek. “Etxean geratzeko neurria dago aginduan, eta horrek erosketak egiterakoan denda handietara joatea dakar, dena leku berean aurki daitekeelako”, diote, eta tokian tokiko elikagaien establezumenduak kontutan hartzeko ere eskatu dute. Izan ere, elikagaiak saltzeko zabaltzen dituzten herriko establezimenduetara bezeroen %20 baino gutxiago joaten dela diote.
“Establezimendu bakoitzak bere analisi propioa dauka. Baina egia da, lehengo egoera txarra zela, eta honek egoera gaitzago batean uzten digula. Milaka kaleratze egongo dira, egoerak hori dakarrelako. Eta ikusteko dago zelakoa izango den langile horien berrezartzea edota zer gertatuko den gastuekin”, diote Gernikako Merkatari Elkartekoek.
“Milaka kaleratzen egogno dira, egoerak hori dakarrelako”
Bermeoko merkatari gehienak autonomoak dira, eta egoera “latza eta zaila” daukatela dio Galvanek: “Kuotak eta kostuak ordaindu behar dituzte. Komertzio bat mantentzea zaila da, gauza asko ordaindu behar dira, eta orain, ez daukate diru sarrerarik”. Bermeoko Udalarekin harremanetan ere badabiltza, “udal zergak ordaintzerakoan erraztasunak bilatzeko”. Merkatarien egoeran jartzea “ezinbestekoa” dela deritzo, “agian ezingo zaie zerga guztien ordainketak barkatu, baina murriztu ahalko balira ondo legoke”. Bermeoko Udalagaz bide guztiak lantzen ari direla dio, hala ere, oraindik gauza asko etortzeko daudela gaineratu du.
Orain arte iragarri dituzten neurri ekonomikoak “ez direla nahikoak” izango uste dute gainera: “Betiko modura, betikoak aterako dira galtzen. Egoera hau, hala ere, muturrekoa da. Autonomoak ekonomiaren motorra direla esaten da, baina gero, eurak dira egoera hauetan kaltetuenak”.
Martxoaren hasieratik ez dutela “beharrik eduki” dio Bostaleko presidenteak, bezero gutxi izan dituzte. Ez dakite zer pasatuko den: “ERTEen aukera hor dago, batzuk erabiliko dute, baina beste batzuk oraindik itxaroten ari gara”. Laguntzak behar dituztela nabarmendu du, eta asteon Espainiatik zein Jaurlaritzatik iragarritako laguntzekin mesfidati dago: “Oraindik gauza ez dakigu ondo. Autonomoen kuota ez dugulako ordainduko esan digute, baina ez dakigu. Ez naiz fidatzen”.
Bere adibidea jarri du Gonzalezek: “Guk ere bi langile ditugu, baina guk ez badugu fakturatzen zelan ordainduko dizkiegu soldatak. Hile honetan ez dugu dirurik sartu etxera. Autonomoak jabeak garenez, enpresariak garela-eta jendeak uste du ez dugula arazorik; fakturatzen dugu bai, baina gastuak ditugu. Tabernariori diruri sartzen ez bazaigu, ez daukagu ezertarako dirurik. Gastuei aurre egin behar diegu: alokairuak, argindarra, ura, hornitzaileei…”. Alokairuei dagokienez, jabeekin hitz egiteko zain daude, egoera aztertzeko: “Ez dakigu alokairuak zelan ordainduko ditugun; fakturatzen ez badugu, ezin dugu. Nondik aterako dugu dirua? Ez daukagu dirurik. Egoera honek irauten duen bitartean, alokairuak bertan behera geratzea exijitu beharko lukete agintariek”. Elkarteko kideen egoera antzerakoa bada ere, badaude kasu esanguratsuak: “Antzokikoak laupabost langile ditu nominagaz. Tabernako horniketei aterabidea eman ezinik egoteaz gain, emanaldi guztiak bertan behera utzi behar izan dituzte. Ikaragarria da. Elkarteko beste kide batek taberna ireki berri eduki du; astebete egin du zabalik, eta beste batek taberna osoa berritu egin du”.
“Autonomoak ekonomiaren motorra direla esaten da, baina gero, eurak dira egoera hauetan kaltetuenak”
Aurrera egiteko %0ko maileguak edota laguntzak ematea beharrezko ikusten dute. “Langileak etxean baina langabezia kobratzen badaude, nik eta alabak egingo dugu behar tabernan, eta ea horrela aurrera ateratzen dugun”. Hamabostaldia pasatuta, negozioak zabaltzeko baimena ematen badiete ere, “alferrik” izango dela uste dute: “Zer salduko dugu kafe pare bat? Horregaz ze egiten da? Taberna ireki bai, baina non dago jendea? Turismoa nondik etorriko da? Inondik ere ez. Herriak ez du kalera irten gura, eta arrazoiagaz”. Irabazik ez dutela dio: “Behar dan moduan lan egin behar da horretarako, eta guk ezin dugu”.
Etorkizuneko egoera, zalantzan. Egoera latza da, eta etorkizuna zalantza bat da Gernikako Merkatari Elkarteko kideen ustetan. “Dendak zabaltzeko aukera lortuz gero, jendeak gastatzeko aukera izango du. Baina herritarrek gastatzeko aukerarik ezean, zer egingo dugu? Hor hasten da arazoa, geroko egoeran. Guri aldundiak zerga ordainketa atzeratu digu, baina gero horiek ordaintzeko gai izan behar gara, eta ez dakigu zelakoa izango den etorkizuna. Zelan ordainduko ditugu zergak irabazirik barik?”, adierazi du kezkatuta Iturbek. Halaber, dendariek euren hornitzaileekin dituzten kreditu ordainketak zelan egingo dituzten ere ez dakite: “Zelan ordaintzen ditugu horiek jendeak erosten ez badu?”.
Tabernek eta jatetxeak Hozkailuak beteta dituzte. Martxo hasieratik igarri dute bezeroen beherakada
Aste honetako zubian eta Aste Santuko oporraldian bertokoek zein turistek utzi ahal zizkieten irabazirik barik geratzea kolpe latza da ostalarientzat Gonzalezen iritziz: “Momentu honetan ez dago erarik turismoa etortzeko, eta ulertzen dugu. Baina, guretzat Aste Santuko turismoa dana da, gauza handia. Oso garrantzitsua” Neguko hilabate txarren ostean, urteko lehen zutabea izaten dela nabarmendu du: “Asteburu honetarako ere aurreikuspen onak genituen, eta itxaropentsu geunden, negua amaitzen delako. Zubiko irabaziekin martxoa salbatuko genuke. Neguan oso gutxi fakturatzen dugu; justu-justu bizirauten dugu neguan. Hau uda amaieran gertatu izan balitz, egoera bestelakoa izango litzateke. Udako irabaziekin indartsuago egongo ginateke”. Neguko hilabeteetan negozio askok berritzeak egiteko edo bestelako obretan inbertitzeko aprobetxatzen dituztela kontatu du, “udako irabaziak aprobetxatuta”.
Hozkailuak beteta dituzte. Martxo hasieratik igarri dute bezeroen beherakada: “Taberna zabaldu eta egunean 100 euroko kaxa izaten genuen. Hileko 15.000 euroko gastuei aurre egitea ezinezkoa da horrela. Ikaragarria da”. Tabernak ixtera behartuta egotearen beldur dira: “Orain dela gutxira arte, tabernak ixtea eguneroko kontua zen. Tabernok eta jatetxeak odoluste izugarria jasan dugu. Egunero itxierak egon dira, eta egoera honek are gogorrago jarriko du kontua”.
Euren moduko enpresari txikiak apur bat bakarrik daudela aitatu du Gonzalezek: “Aurre egiteko fakturatze ezinbesteko da. Orain ditugun lau pezetekin, langileen hileko nonimak ordaindu behar ditugu. Apirileko nominari zelan aurre egingo diogu? Ezinezkoa litzateke. Horregatik ERTEak irtenbidea dira. Taberna eta dena txikietakook soldata arrunta eroaten dugu etxera. Ez da askorik irabazten, bizitzeko adina, bizirauteko”.
Ikaratuta dagoela dio Gonzalezek: “Semea gaixorik dago, eta birusa etxera ekartzeko beldurragaz nago, eta aurreko astera arte tabernara lanera joan behar izan dut. Ixtera behartu gaituztenean, lasaitasuna sentitu dut”.
“Krisia igaro eta gero, kalera atera behar da. Herriko kaleei bizitasuna ematen dieten komertzioei bizia eman behar zaie”
Tokiko merkataritza bultzatu. Negar ere egin dute ostalariek, baina halako momentu ilunetan elkar animatzen ari dira. “Elkar laguntzen dugu, eta batzuek egoera honetatik aterako garela diote, baikor daude. Baina, guztiok ezingo gara irten, ziur nago. Halako egoera larrietan, kaltetuenak, gehien galtzen dutenak enpresa txikiak eta autonomoak gara. Ez digute laguntzarik ematen. Triste, nekatuta eta miserian hondoratuta gaude”, zehaztu du Bostaleko presidenteak.
Hori horrela, egoera amaitzerakoan, herriko dendetan erosteko deia zabaldu dute Bertonetik, “laguntza beharko dutelako”. Bermeo beti herri solidarioa izan dela dio Galvanek: “Ea guzti hau amaituta Internetez erosi beharrean herrian gehiago erosten den. Dendetakoak bermeotarrak dira eta herrian bertan mugitzen dute dirua”. Interneteko webguneek saltzen jarraituko dute, hortaz, dioenez, ez dituzte galera nabarmenik izango.
Gernikako merkatari elkarteko Iturberen ustetan, “hausnarketarako garaia” da, eta etorkizunean tokiko merkataritza bultzatzearen beharra azpimarratu du: “Krisia igaro eta gero, kalera atera behar da, ez dugu etxetik erosten jarraitu behar beti. Herriko kaleei bizitasuna ematen dieten komertzioei bizia eman behar zaie”. Eta aurrerantz joateko tokiko merkataritza suspertzea “ezinbestekotzat” jo du.
Horretarako, bizimodua eta kontzientzia aldatu behar direla dio: “Edo egiten dugu esfortsua herriko merkataritza, ostalaritzari eta zerbitzuei laguntza emateko, edo koronabirusagaz bizitakoagaz jarraitu beharko dugu: gure etxetik erosten herriko dendak zarratuta egongo direlako”.