Ikertu, zaindu, ikasi eta irakatsi
Urdaibai Bird Centerrek proiektu aberasgarri bezain anbiziotsua garatu du Busturiko Arrotegi zaharren egoitzagaz elkarlanean; adinekoak hegaztien zaindari eta ikertzaile bilakatu dira.
Txoria txori du izenburu Mikel Laboaren abestiak, eta txoriak txori izate horretan terapeutikoak ere izan daitezke. Hala erakutsi du Urdaibai Bird Centerrek Busturiko Arrotegi Zaharren egoitzagaz elkarlanean martxan duen proiektuak. Zahartze aktiboa izendatu dute, proiektu pilotua da, eta neguan hegaztientzako janlekuak jartzean datza. Janariaren bitartez, txoriak erakartzen dituzte janlekuak dauden inguru horretara.
Arrotegi egoitzan ere janlekuak ipini dituzte, eta hango egoiliarrena da horien ardura. «Mota askotako txori txikiak hurbiltzen zaizkie, eta nagusiek egiten dutena da goizero-goizero beraien jardueren artean tartetxu bat hartu janleku horiek behatzeko», azaldu du proiektuaren arduradun eta Urdaibai Bird Centerreko biologo Edorta Unamunok. «Ordu erdi bat-edo egoten dira bertan, ikusteko janleku horretara zein txori mota hurbiltzen den». Gainera, egunero aukeratzen dute ordezkari bat, txorien kontaketa egiteagaz arduratuko dena: zenbat txori datozen, zein motatakoak diren…
Amerikako Estatu Batuetatik hartu zuten ideia. Han, txorizaleak diren elkarte batzuek hegaztiak erabiltzen dituzte zaharren egoitzetan proiektuak garatzeko. Batez ere, adinekoekin psikomotrizitatea, ikusmena eta abar lantzen dituzte. Tresna bat dira hegaztiak, eta bai adinekoei zein gaixoei eguna alaitzeko baliagarriak dira.
Burua astintzeko. Busturiko Arrotegi egoitzako zaintzaileak ere pozik daude proiektuak izan duen emaitzagaz. «Oso hunkituta ikusten zaiela diote, eta pozik daudela. Beste umore bategaz daudela esaten digute, eta proiektu honi esker elkarrizketarako gai bat ere badutela. Txoriei buruz berba egin eta burua martxan ipintzen dutela», esan du Unamunok.
Izan ere, proiektu horri esker, Arrotegi egoitzakoek ikusi ahal izan dute txorien artean ere zelako aberastasuna dagoen. Gainera, horietako asko identifikatzeko gai direla esan du Unamunok: «Txori motak ezagutzen dituzte, gainera, eta luxu bat da. Arrotegin daudenetako asko baserrian bizi izandakoak dira, eta guk baino ezagutza handiagoa dute zenbait kasutan. Batzuk ehizean ere ibili dira, eta luxu bat da haiekin berba egitea». Bestalde, txoriak izen desberdinekin ezagutzen dira herri batean edo bestean, eta hori ere irakaspen bilakatu da. «Kaskabeltz bat zer den erakusterakoan ohartu ginen beraientzat txamilotx handia dela. Gainera, Mendatakoak izen bategaz ezagutzen du, eta Busturikoak beste bategaz», esan du biologoak.
Terapeutikoa. Egunero 12:00etatik 13:00etara janlekuetako datuak biltzen dituzte, eta, horrela, beraiek dira ikertzaileak. Nagusiek erroldak egiten dituzte, eta Urdaibai Bird Centerrekoek urtean-urtean eboluzioa ikusten dute. «Datozen txoriak, tarderinak, tarinak, kurloiak… ezagutzen dituzte, eta dena apuntatzen dute». Urtarrilaren 13tik 17ra, adibidez, 12:00etatik 13:00etara egin zuten behaketa egunero, eta aste horretan 115 amilotx, 91 tarderin, eta egun haizetsu batean kardantxilo asko erroldatu zituzten.
Inguruko hegaztiak proiektuaren baitan jartzen dituzte janlekuak. «Arrotegiko nagusiek ardura hartu behar dute janlekuan jatekoa egon dadin, kakahueteak edo pipak eduki behar dituzte, eta beraiek bete behar dituzte». Batzuetan kakahueteak osorik ematen dizkiete, horiek zuritzean esku eta atzamarren mugikortasuna landu dezaten. Tresna terapeutikoa dira hegaztiak beraientzat, eta txoriei esker aktibo mantentzen dira. «Bestalde, bestelako arazoak dituztenak, dementzia edo mugitu ezin direnak kasu, gauza sentsorialak lantzen dituzte panpinen bitartez. Txantxangorriaren soinua, eialarena eta beste txori batzuena entzuten dituzte».
Arrotegi zaharren egoitzagaz egin dutena Busturialdeko egoitza denetara zabaltzeko asmoa dute. Egitasmo handizalea da, eta Busturiako esperientzia memoria batean bilduko dute. Hurrengo urtera begira finantziazioa lortu gura dute, Gaztetze aktiboa izenagaz ezagutzen dutena ahalik-eta leku gehienetara eramateko: «Edonon inplantatu daiteke», dio Unamunok. «Janlekuak ipini, eta beraiei pauta batzuk ematen dizkiegu janlekuen gaineko kontrola lantzen joateko. Arrotegikoekin ohartu gara den-denek daukatela nozioren bat txoriei buruz, baita bizi osoan Gernika erdian pisu batean bizi izan denak ere».
Duela 10 urte hasi ziren Inguruko hegaztiak proiektuagaz. Erresuma Batuan 600.000 dira proiektu hori lantzen duten familiak. Beraien etxeetan –jardinean, balkoian…–, janlekuak ipintzen dituzte eta hegaztiak erakartzen dituzte. Modu horretara, familiak bilakatzen dira ikerlari. Hiritarren partaidetza bat dela azaldu du Unamunok, «txoriei buruzko datuak biltzen dituzte, eta, horri esker jakin dezakegu inguru horretara negu horretan zein txori etorri den».
Busturialdean ere hainbat dira proiektuagaz bat egin duten familiak. Horiek guztiek biltzen dituzten datuak konparaketak egiteko baliatzen dituzte: «Modu horretan, datu horiek baliatuta, urteetako eboluzioa aztertu dezakegu».
Orain, udaberrian, habiak ere ipiniko dituzte, eta horietara datozen txorien kontrola egingo dute Arrotegin.