Joseba Agirreazkuenagarentzat da 2019ko Euskadi Ikerkuntza Saria
Gizarte Zientzietako eta Humanitateetako hainbat arlotan ibilbide luzea egindako lau ikertzailek erabaki dute saria Busturiko bizilagunari ematea.
Hezkuntza Sailak urtero banatzen duen saria jasoko du Busturiko bizilagunak. Hala erabaki du Gizarte Zientzietako eta Humanitateetako hainbat arlotan ibilbide luzea egindako lau ikertzailek osatutako epaimahaiak.
Epaimahaikideek Agirrezkuenagaren dibulgazio lan garrantzitsua nabarmendu dute, bere ikerketa-ildoei jarraitzen dieten taldeak sortzeko gaitasuna eta ezagutza euskal gizarteari trensferitzea.
Aurtengoa sariketaren 24.aldia da. Urte bakoitietan, Gizarte-Zientzien eta Humanitateen modalitatean egiten da deialdia; urte bikoitietan, aldiz, Zientzia eta Teknologia arloko profesionalen lana aitortzen du sariak.
Euskadi Ikerkuntza Sariak jarduera zientifikoa sustatzea du helburu nagusia, bai eta honako beste hauek ere: Euskal Autonomia Erkidegoko eta Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko ikertzaileek eta talde kualifikatuek egiten dituzten ahaleginak sustatzea eta bultzatzea, betiere, horien lanak oso eragin positiboa badute Bizkai, Araba eta Gipuzkoan.
Joseba Agirreazkuenaga Zigorraga, (Bilbo, 1953) Historia Garaikideko katedraduna da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta bertan aritu da irakasle eta ikertzaile lanetan 1980tik. Agirreazkuenaga irakasleak 1972an hasi zuen bere ikerketa jarduera, Jose Migel Barandiaranen zuzendaritzapean. Bere doktore tesi zuzendaria Julio Caro Baroja izan zuen. 1988tik ikerketa talde bat zuzentzen du. Gaur egun, 17 ikertzailek osatzen dute taldea, eta euskal historiografia garaikidea berrikusten eta berritzen lagundu duten emaitzak dituen ikerketa-kontzeptu bat aplikatzen du, baita hainbat ikerketa-ildotako ezagutzaren aurrerapena ere. Horien artean honakoak nabarmentzen dira: foru-ogasunak, legebiltzarrak eta ordezkaritza-batzarrak, biografiak eta hiztegi biografikoak, memoria historikoa eta publikoa eta euskararen historia soziala. Bere ikerketa lanaren emaitzek euskaldunen historia orokorra sakon berritzen lagundu dute, ikuspegi orokor eta metodologikoki eguneratu batetik.
Agirreazkuenagaren ikerketa ibilbide luzean azpimarratzekoak dira bere ikerketa historikoak. Gainera, ekarpen metodologiko eta teorikoak egin dizkio biografien azterketari hiztegi biografikoen esparruan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ordezkaritza Batzarren eta Legebiltzarren izaera eta historia nazioarteko foro eta ikerketa-sareetan kokatu ditu, eta horrek euskal historiografia nazioartean zabaltzen lagundu du.
Era berean, Joseba Agirreazkuenagaren lanean nabarmentzekoa da transferentzia zientifikorako hainbat ikerketa-egitura sortu izana.