Hamaika Gara ekimena aurkeztu dute, erreferendumaren alde
Sinadura bilketa nagusiki digitalki sustatuko dute; 16 urtetik gorako herritarrei parte hartzeko deia egin diete. Bermeon gaur aurkeztuko dute ekimena eta bihar Busturian.
Martxoaren 11 aukeratu du Gure Esku-k Hamaika Gara ekimena aurkezteko. Erreferendumaren aldeko sinadura bilketa martxan dago, horrenbestez. Tabakaleran (Donostia) egin dute aurkezpen ekitaldia. Amalur Alvarez eta Josu Etxaburu Gure Esku-ren bozeramaileek parte hartu dute, bai eta egitasmoaren gainerako eragile sustatzaileetako ordezkariek ere.
Oraingoz, 24 eragile dira sustatzaileak, hala ere, ateak zabalik dituzte herri ekimen horrekin bat egin nahi duten eragile guztientzat. Eragile sustatzaileek manifestu bat prestatu dute sinadura bilketarako. Printzipio batzuk jaso dituzte bertan, eta, ondoren, lurralde eremuka bereizi dituzte eskakizunak edota konpromiso adierazpenak. Hala, Eusko Legebiltzarrari eta Nafarroako Parlamentuari eskatzen diete etorkizun politikoari buruzko eztabaida sustatzea. Hain zuzen, lehenari eskatzen diote “erreferendumak egiteko ahalmen osoa bere gain hartu, arautu eta garatzea”. Bigarrenari, berriz, “etorkizuna erabaki ahal izateko bideak jorratu eta tresnak bereganatzeko, erreferendumak egiteko ahalmena barne”. Ipar euskal herritarrek, berriz, horiei eragiten dieten “gai edo auziei buruzko erabakiak hartzeko ahalmena izateko nahia” adieraziko dute dokumentua izenpetuta, eta diasporako kideek “borondatea eta konpromisoa” adierazteko aukera izango dute “euskal diasporatik norabide horretan ekarpena egiteko”.
“Gure etorkizun politikoaz eta gai guztiez erabaki nahi dugu eta argi dugu gehiengo zabal batek partekatzen duela nahi hori”. Eta, hori da, hain zuzen ere, sinadura bilketa masiboaren bidez irudikatuko dutena: “Hamaika garela —asko eta anitzak— eta hamaika arrazoi ditugula erabakitzeko”.
Sinadura bilketa nagusiki digitalki sustatuko dute; hamaikagara.eus webgunean sinatu daiteke dagoeneko, eta laster paperean ere sinatzeko aukera egongo da herrietako taldeen bidez. 16 urtetik gorako herritarrei parte hartzeko deia egin diete.
Digitalki zein paperean sinatu, emandako atxikimendua kalean adierazteko aukera egongo dela adierazi dute eskumuturreko gorri baten bidez, eta eskumuturreko horiek helburu bikoitza dutela diote; “batetik, kanpaina indartzea gure konpromisoa kalean adieraziz eta, bestetik, ekimenari sostengua ematea edo finantzatzea”.
Beraz, behin sinatuta, ekimenaren aipatu eskumuturreko bereizgarria janzteko gonbidapena luzatu dute. Horiek herrietako taldeen bidez eta online dendan eskuratu ahalko dira datozen egunetatik aurrera.
Hamaika Gara ekimena “mugarri bat” izango dela argi daukate: “Herritarron eragiteko gaitasuna areagotu egin da urtetik urtera, eta etapa berri honetan, erabakitzeko eskubidea arautzea da gure helburua. Badakigu nora goazen, eta badakigu bide honetan ezinbesteko urratsa dela herritarron gehiengoa erreferendumak legeztatzearen aldekoa dela irudikatzea, eta batez ere, gehiengo hori saretu eta burujabetzarako prozesuan inplikatzea”.
Eragiteko unea dela diote: “Estatus politikoari buruz erabakitzearen aldeko olatu berri bat dator eta ezin dugu olatua pasatzen utzi”. Burua altxa eta aurrera begiratzen jakitea “garrantzitsua” da. Diotenez, kontua ez da gaur gaurkoz zer ikusten den posible eta zer ez; “kontua da zer egin dezakegun guk orain posible ez dirudiena aurrerago posible izan dadin”. Horregatik, indarrak batzeko garaia dela deritzote, “indarrak batu, eta aurrera egitekoa”. Herritarren indarrean “bete-betean” sinesten dute: “Hamaika gara. Denon artean, posible egingo dugu”.
Sinadura bilketa soil bat baino gehiago izango dela adierazi dute, gainera; mota guztietako ekintza eta mobilizazioak egingo dituzte 2020ko udaberrian. Oraingoz, bi hitzordu aurreratu dituzte. Lehena, maiatzaren 16an izango da; Euskal Herri osoko herritarrak Durangon elkartzera deituko dituzte, mobilizazio egun handi batean.
Bestalde, ekainaren 13an Hamaika Gara eguna ospatuko da herriz herri. Egun osoko egitaraua antolatzea da asmoa, tokian tokiko mota guztietako eragileen parte hartzearekin. Mugarri horietatik harago, herriz herri “burujabetza eta erabakitzeko eskubidearen aldeko” era guztietako ekintzak antolatzen eta sinadurak biltzen ibiliko dira.
Busturialdeko herri askotan taldeak batuta daude jada, eta herritarrei kanpaina berria aurkezteko gogoz dabiltza. Bermeon gaur aurkeztuko dute ekimena, 19:00etan, Arrantzaleen Museoan. Gainera, Gure Esku-ren Bermeoko lantaldeak kontzertu berezia prestatu gura du, eta herriko artista, musikariak, abeslariak, txalapartariak… deitzen dituzte martxoaren 18an egingo duten batzar batean parte hartzera; 19:30ean batuko dira Kabidxen.
Busturian, berriz, bihar aurkeztuko dute ekimen berria; 19:00etan, Altamirako kultur etxean.
Mundakan eta Ereñon joan den astean batu ziren herritarrak ekimena ezagutzeko.