EAJk ez dio Gaztelugatxeko aparkalekua baztertzeko eskatuko aldundiari
Ezohiko osoko bilkuran SOS Gaztelugatxeren mozioaren alde bozkatu du oposizioak, eta EAJ abstenitu egin da; jeltzaleek euren mozioa onartu dute.
Guzanek eta EH Bilduk deitutako ezohiko osoko bilkura egin zen atzo, Bermeon. Alde batetik, SOS Gaztelugatxek aurkeztutako mozioa aintzat hartzea eta bozkatzea eskatzen zuten; Gaztelugatxe inguruan aldundiak egin gura duen aparkalekuaren alde edo aurka bozkatu behar zuten alderdiek. Mozioaren alde, eta hortaz, aparkalekuaren aurka agertu dira EH Bildu eta Guzan. Eusko Alderdi Jeltzaleko (EAJ) zinegotziek, berriz, abstentzioa eman zuten. Bestetik, Bizkaiko Foru Aldundiari egiteko eskaera bat ere bazegoen gai zerrendan, hau da, Gaztelugatxera iristeko bideak, II Fasea izeneko proiektua behin-betiko bertan behera uzteko eskaera, hain zuzen. Eskaeraren aurka bozkatu du EAJk, eta EH Bilduk eta Guzanek, berriz, alde bozkatu dute.
Gaztelugatxera iristeko sarbidearen bigarren faseari buruz Bermeoko Udalaren iritzia jakin gura zuten SOS Gaztelugatxe plataformako kideek, eta horregatik aurkeztu zuten mozioa. Proiektuak sortzen dizkieten kezkak eta ardurak zehaztu dituzte horretan. Hala eta guztiz ere, oposizioak eskatutako ezohiko osoko bilkura egin aurretik, udal gobernuak deitutako ezohiko osoko bilkura egin zuten. Horretan, EAJk Gaztelugatxeri buruz aurkeztu duen mozioa bozkatu zuten, eta onartu egin zen jeltzaleen aldeko botoekin. Guzan eta EH Bildu abstenitu egin ziren.
“Hemen ikusi daiteke zein den EAJk behin eta berriro esaten duen elkarlanerako daukan gogoa; mozio bat egon beste bat aurkeztu dute, eta ezohiko osoko bilkura baten ordez bi egin dituzte”, esan du SOS Gaztelugatxe plataformako kide Eider Gotxik. Gogoratu duenez, otsailaren 4an aurkeztu zuen mozioa plataformak, eta EAJk otsailaren 26an. Hortaz, EAJrena SOS Gaztelugatxerena baino lehenago landu izana kritikatu du.
SOS Gaztelugatxek ez du ulertzen zer ari den gertatzen: “Aparkalekuaren aurka egonda, zein da arazoa aldundiari proiektua bertan behera uzteko eskaera egin gura ez izateko?”. Udalak behin eta berriro aipatzen ditu martxan jarriko dituzten neurriak, eta plataformako kideak “pozik” daude neurri horiekin. Hala ere, publizitatea egiteaz gain, “eraginkortasuna” eskatu behar dela deritzote.
Aldundiak orain arte “urrats gutxi” eman ditu SOS Gaztelugatxekoen iritziz. Diotenez, Bizkaiko Foru Aldundiaren errepideetako seinaleztapen politika ez dator bat erakundeak agertu dituen mugikortasun jasangarrirako planekin. “Errepideetan jarri dituzten kartelek auto pribatuan eroaten dituzte bisitariak Gaztelugatxeko atariraino, eta ez Bermeoko Pergolako aparkalekuraino. Azken hori da seinaleztatu behar dena, hortik abiatuko baitira bisita gidatuak, autobus zerbitzua eta proposatzen diren beste neurri guztiak. Esaten dutena eta egiten dutena bat etorri behar dira, eta hori da hemen faltan botatzen duguna”.
Turismoaren aurka ez daude, baina turismoa “era egoki batean ordenatu” beharra dagoela uste dute. Ekonomia sustatzea “beti ondo” dagoela ere badiote, baina betiere “duintasunezko ekonomia” bada.
Bestalde, aldundiak biotopo ondoko aparkaleku berriaren proiektua behin-behinean bertan behera utzi badu ere, “aldi berean, autobusentzako aparkaleku modura berregiten ari direla” kritikatu dute; “toki berean, biziberritutako baso batean, alegia”. Aipatu aparkalekua autoentzat edo autobusentzat izan, inguruko bioaniztasunean eragin kaltegarri bera edukiko lukeela gaineratu dute.
Gaztelugatxerako aldundiak baimendu duen edukiera ere aipatu dute; martxoaren 14tik aurrera, gehienez 3.024 bisitari hartuko ditu. SOS Gaztelugatxek, berriz, Europarc enpresak egindako ikerketa baten datua aipatu du. “Horien arabera, gehienez 1.333 bisitari hartu beharko luke Gaztelugatxek”.
Hiru eskaera. Jeltzaleek aurkeztutako mozioak hiru eskaera ditu aldundiarentzat. Hala, Gaztelugatxe inguruan ibilgailu pribatuen erabilera murrizteko urratsak ematen jarraitu dezala eskatu diote, “garraio publikoaren erabilera sustatzeko apustua sendotuz, eta oinezko konexioak indartuz”. Era berean, etorkizunean ibilgailuentzako azpiegituren garapena beharrezkoa izango balitz, udalerrietatik ahalik-eta hurbilen egiteko eskaria ere luzatzen diote. Azkenik, Gaztelugatxera garraio publikoa erabilita nola iritsi daitekeen azaltzen duen informazioaren zabalkundea egitea eskatu diote.
Jeltzaleek azaldu dutenez, “begi onez” ikusi dute aldundiak Gaztelugatxera iristeko bideak II. Fasea izeneko proiektua behin-behinean bertan behera utzi izana, eta aukera modura ikusten dute, “aldundiak berak eta udalek hartutako neurriek zirkulazio antolakuntzan daukaten eragina aztertu arte”. Garraio publikoa lehenesteko, udala zein aldundia “urrats egokiak” ematen ari direla uste dute, eta bide horretatik jarraitu beharra daukatela diote.
Turistek Gaztelugatxera etortzen jarraituko dutela argi daukate; “hori da errealitatea”. Egoera horren aurrean, jeltzaleen iritziz, bi aukera daude: “Begiak zarratu eta berdin jarraitzea edota irtenbide jasangarri eta positiboak bilatzea”. Bigarren aukeraren aldeko apustua egiten dutela nabarmendu dute EAJko zinegotziek. Modu horretan, udaletik ibilgailu pribatuen erabilera murrizten lagunduko duten hainbat urrats eman dituztela gogorarazi dute: Aste Santuko bisita gidatuak eta autobus zerbitzua, Bizkaibus zerbitzua jartzeko eskaera, Gaztelugatxe inguruan jarriko duten udaltzain zerbitzua…
Proposamenak egiten jarraituko dutela diote, oposizioari gauza bera egiteko eskaera eginez. Izan ere, EAJren ustez, udal gobernuak eta batez ere foru aldundiak biotopoarentzat proposatu dituen neurrien kontra besterik ez dute egin, “irtenbiderik proposatu barik”. Hala, eztabaida partidistak alde batera utzita, Gaztelugatxe eta Bermeoren aurrerabidea bermatuko duten neurriak lantzen jarraitzeko eskua luzatu die.
Jarraipen batzordea. EAJren udal gobernuak berriro ere SOS Gaztelugatxek egindako eskaerei “bizkarra ematea” salatu dute Guzanek eta EH Bilduk. Era berean, jeltzaleek mozioa aurkeztu izana kritikatu dute: “Aparkalekuen gaia ekidin gura izan dute, ez bustitzeko. Mozio horretan ez dute eskatzen Gaztelugatxeko aparkalekuaren proiektua behin-betiko bertan behera uztea”.
“Herritarren parte hartzea eta gardentasuna bermatu beharrean, alderdiaren interesak lehenesten ari dira”, salatu dute, eta, egoera horren aurrean, arduratuta agertu da oposizioa: “Argi utzi dute herritarren iritziak, eskaerak eta ekarpenak ez direla euren lehentasunak. Komunikabideetan saltzen dabiltza hartzen ari diren neurri desberdinak, baina benetako arazoa ezkutatu nahian dabiltza. Horregaz, hala eta guztiz ere, ez da arazoa konponduko. Herritarren eskaerei erantzun beharrean, azpijokoetan ari dira, parte hartzeari oztopoak jarrita”.
Oposizioak Gaztelugatxeri buruzko informazioak lantzeko jarraipen batzorde bat eratzea eskatu du, “elkarlanean aritzeko”. Batzorde horretan teknikariak eta SOS Gaztelugatxeko kideak egon daitezen eskatu dute.