Gasteizko derbia irabazi dute basurdeek
Gernika Rugby Taldeak 22-38 irabazi dio Gaztedi Rugbyri 21. jardunaldian.

Ligaren azken txanpan, garaipena eskuratu du Gernika Rugby Taldeak. Atzo jokatu zuten Ohorezko B Mailan 21. jardunaldia, eta Gaztedi Rugby-ri 22-38 irabazi zion talde gernikarrak, Gamarran.
Atzoko partidua ez zen basurdeek aurreikusi bezala joan. Neurketa hasi eta lehen ordu laurdena bete zenean, zigor ostiko batez baliatuta aurretik jarri ziren, baina taldea ez zen zelaian gustura sentitzen. Hala ere, 20. minutua pasatuta iritsi zen partiduko lehen entsegua; Peio Urrutiak lortu zuen gernikarrentzat.
Jokoan gauzak ez ziren nahi bezala irteten ari, baina, lehen ordu erdia bete zenean, Kitone Toaono NG LAM-ek bigarren entsegua lortu zuen. Atsedenaldira iristeko bost bat minutu falta zirenean, iritsi zen etxeko taldearen lehen entsegua, Winrey Duwayne Stoffels-en eskutik. Horrela, 5-17ko markagailuagaz bukatu zuten lehen zatia.
Bigarren zatia hasi bezain pronto Gaztedi zigor ostiko batez baliatu zen markagailuan hurbiltzeko. Baina, laupabost minutu beranduago, Langi Lolotongak entsegu batekin erantzun zien etxekoei. Lehen zatian bezala, bazirudien bigarrenean ere gernikarrak ez zirela gustura sentitzen. Hala eta guztiz ere, denborak aurrera egin ahala, beste bi entsegu egitea lortu zuen; Matias Barrerak eta Lolotongak egin zituzten (8-36).
Basurdeek neurketa irabazi eta erasoko bonus puntua eskuratu nahi zuten. Gaztedikoek, ostera, ez zuten erraz usteko asmorik izan, eta azken hogei minutuetan bi entsegu egin zituzten Lohan Potgieterrek eta Gaston Valerak.
Getxorengandik zazpi puntura. Erasoko bonus puntuak ihes egin zion talde gernikarrari, eta hortaz, lau puntu gehiagorekin, 88 puntu ditu orain. Sailkapen orokorrean bigarren postuari eusten dio, Getxo liderrarengandik zazpi puntura.
2019-2020 denboraldiaren 21 partiduetatik hamazortzi irabazi eta bi galdu ditu; Kaleido Universidade de Vigo RCren kontrakoa bertan behera geratu zen 12. jardunaldian.
Azken jardunaldian Real Oviedo Rugby hartuko du Urbietan. Lehen itzulian, basurdeak alde nabarmenagaz nagusitu ziren El Narancon (7-78).