Segurtasun lanak bukatu dituzte Laidan
Ibarrangeluko Udalak segurtasuna eta iriste erraztasuna bermatzeko hainbat hobekuntza lan egin ditu.
Laida hondartzako errepidean, herriko Arketa kanpinaren ondoan, hainbat hobekuntza egin ditu Ibarrangeluko Udalak, oinezkoen segurtasuna bermatzeko, leku irisgarriagoa egin eta GR ibilbideen arteko lotura egiteko helburuagaz.
Kanpinetik hondartzarako norabidean, eskumako alderdian espaloia egin du udalak eta bidea alde batetik bestera pasatzeko zebra-bidea margotu. Oinezkoen segurtasuna bermatzeko, semaforoen bidez erregulatzen da orain zirkulazioa. Horrez gain, egindako hobekuntzei esker, GR 123 ibilbidea orain seguruagoa dela azpimarratu dute udaletik.
Lanek 39.500 euroko aurrekontua eduki dute eta horietatik 28.373 euroko diru laguntza jaso du udalak Ihobe Eusko Jaurlaritzako sozietate publikotik. Semaforoen instalazioa, berriz, Bizkaiko Foru Aldundiak exekutatu du, 17.000 euroko aurrekontuarekin.
Horrela ba, egindako lanei esker, orain arte egon den puntu iluna ezabatzea lortu du udalak: “Kontuan izan behar da, gune horretan GR 123 ibilbideaz gain, herriko kanpina eta oilaskoen erretegia ere badaudela eta udan 1.000 pertsona inguru ibiltzen direla egunero hondartzara joan-etorrian, paseoan, aisialdi librean eta bestelako ekintzak egiten”.