Bermeoko Euskaraldiaren Batzordea bihar batuko da
19:00etan batuko dira Gizarte eta Kultura Etxeko Gaztelekuan, eta 20:30erako amaitzea aurreikusten dute.
Hamabost egun hartuko ditu aurtengo Euskaraldiak, azaroaren 20tik abenduaren 4ra, hain zuzen. Aipatu ekimena prestatzen hasi gura dute Bermeon, eta horretarako hitzordua jarri dute biharko; 19:00etan batuko dira Gizarte eta Kultura Etxeko Gaztelekuan, eta 20:30erako amaitzea aurreikusten dute. Hortik abiatuta lanean hasiko da Euskaraldiaren Bermeoko Batzordea.
Aurten, Ahobizi eta Belarriprest rolez gain, entitateetan ariguneak ere sortuko dira. Beraz, bihar, arigune horiek zelan martxan jarri daitezkeen lantzen hasiko dira, eta herritarrak eta bereziki gazteak Euskaraldira erakartzeko ekintzak definituko dituzte, bai eta horiek zelan komunikatu ere.
Bestalde, Bermeon Euskaraldia prestatzeko buruan dauzkaten hainbat ekintzen berri emango dute biharko batzarrean: pregoi-ibiltaria, talentu lehiaketa, herriko entitateen mapeoa…
Era berean, batzordea honako galderei erantzuna ematen saiatuko dela azaldu dute: Nolakoa izango da 2020ko Euskaraldia? Zer egingo dugu Bermeon? Nola antolatuko gara? Noiz elkartuko gara berriz?.