Matxitxakoko gudatik 83 urtera, herriaren alde egiteko deia egin dute
Berba erabilita, "gure izatea" aldarrikatzeko unea dela esan dute Itsas Gudari egunean
83 joan dira 1937ko martxoaren 5ean Matxitxakoko uretan gertatu zen batailatik. Galdames ontzia babesten Baionatik Bilbora zetozen Bou Gipuzkoa, Bou Bizkaia eta Bou Nabarra Canarias ontziagaz topo egin eta Nabarra hondoratu zuen. Bertan zihoazen 52 gizonetatik 18 bizirik atera ziren. Itsas Gudari horiek herriagatik bizia eman zutela gogoratu dute gaur Matxitxakon, Eusko Alkartasunak deituta Nestor Basterretxearen eskulturaren ondoan egin duten ekitaldian. Esan dutenez, “gaur, beste era batera, gure herriaren alde lan egitea tokatzen zaigu. Berba baino ez dugu erabili behar gure izaera aldarrikatzeko”. Gaineratu dutenez, inoiz baino lan gehiago dute herritarrek Euskal Herriaren alde egiteko, eta borrokatu beharreakoak ere gogoratu dituzte.
Hain zuzen, herri aske baten alde egin behar dela esan dute, “gure Euskal Herria guk antolatzeko eta arazoei irtenbide arinagoa eta hobea emateko”. Herriko arazoak konpontzeko herrimina, sentimendua, lana eta besteekin arduratzea “beharrezko ehunak” direla aipatu dute. Elkar ulertzearen aldeko apustua ere egin dute, eta estatus politiko berria ardatz hartuta lan egitearen alde. “Herri aske, euskaldun eta garatu bat gura badugu, denok ipini beharko dugu gure aletxoa; bestela ez dago herri hau aurrera aterako duenik”.
Gogoratu dute gizartean gero eta arazo gehiago daudela: “batzuk lanik ez dute; beste batzuk, lana eduki arren hil bukaerara ez dira heltzen, edo zorrak dituzte. Adinekoak ere, pentsino duinak eskatzen dabiltza, emakumeak berdintasuna aldarrikatzen…”. Hizkuntzarena ere arazo modura ikusten dute EAkoek: “Gero eta gutxiago gara euskaraz bizi gura dugunok, eta bere hizkuntza galtzen duen herriak ez du parkamenik”.
Hala, Matxitxakoko batailan borrokatu ziren itsas guradiak gogoan, gaur egun ere herriaren alde egitea tokatzen dela esan dute.
Matxitxakoko omenaldiaren ostean, Nestor Basterretxea aretoan bildu dira, urteroko ekitaldia egiteko.