Martxoaren 3ko biktimei eta euskal langileriari elkartasuna
Elkarretaratzea egin zuten atzo iluntzean, Merkurio iturriaren aurrean
Poliziak 1976aren martxoaren 3an hil zituen bost langileak eta zauritu zituen ehundik gorakoak gogoan izan zituzten atzo iluntzean Gernika-Lumon. Merkurio iturriaren aurrean batu ziren, elkarretaratzean.
Askatasun Haizea herri ekimenak deituta, lan istripuan hildako beharginak ere gogoan hartu beharrekoak direla aipatu du. “Gasteizko langileak hil zirenetik hona, milaka dira hildako langileak. 2008tik 2009ra Euskal Herrian 734 langile hil dira lanean, eta epe berdinean Hego Euskal Herrian amiantoaren ondorioz onartutako heriotzak 2.048 izan ziren”. Heriotza horiek lan baldintza txarrengatik eman direla dio herri ekimenak, eta gogoratu du urtea hasi denetik, dagoeneko, 13 langile hil direla, “Zaldibarren lurpean daudenak barne”.
Horregatik, Askatasun haizea herri ekimenak uste du “langileen aurkako erailketak” ez direla iraganeko kontuak, “irabaziak pertsonen gainetik jartzen dituen klase politiko batek eusten duen ekonomia sistema batenak baizik”. Egoera horren arrazoiak ideologia galtzea, bildurra eta klase nortasun galera izan direla uste dute, elkartasun ezara heltzeraino.
Hori dela eta, marxtoaren 3a gogoan izateko eguna dela uste du Askatasun haizeak, eta borrokatzekoa, “euskal herri langilearentzat eredugarria elkartasunetik hain urrun dagoen ekonomia sistema honen aurrean”. Izan ere, gaur egungo sistema hori planeta hiltzen ari den sistema dela dio herri ekimenak, emakumeen aurkako indarkeria erabiltzen duena, gizartea kontsumismo ase ezin eta bihozgabe batetara daramana eta gizaki zapaldu eta esplotatuetan sostengatzen dena.