Bertoko azoka, salmentetatik harago doan ekimena
Hegaztiek nekazariei zein onura dakarzkien azaldu du Urdaibai Bird Centerreko Edorta Unamunok Eako azokan
Euriak ez ditu herritarrak kikildu, eta Eako udaletxe aurrea jendez bete da eguerdian. Bertoko azoka egin dute gaur, eta salerosketetaik harago doan ekimena dela erakutsi dute. Tokiko zein Euskal Herriko produktuen aldeko kontsumo arduratsua sustatzeaz gain, produktuen ekoizpenerako baliagarriak diren gakoak ere zabaldu dituzte aurten, Eako azokan.
12:00etan egin dute Bedaokelaren banaketa, eta Bertoko Azokako postuak prest izan dira ordurako. Eguraldiak lagundu ez arren, Euskal Herriko produktuen salmentara hurbildu dira hainbat eatar. Arabako patata, Errigorako produktuak –Argedasko nafar arroza eta Martinelli nafar pasta–, kiwiak, mermelada, Oraska ogia edota Bizkaiganeko esneki eta txarrikiak ipini dituzte salgai azokan.
Errigora nafar olioaren dastaketa ere egin dute, eta kalzota eta gibel pintxoak dastatzeko aukera ere izan da.
Aurten, gainera, ‘Ortua eta hegaztiak’ saioa antolatu dute eta, horretarako, Urdaibai Bird Centerreko Edorta Unamuno gonbidatu dute Bertoko azokara. Jendaurrean, bertoko hegaztiek ortuei ekar diezaizkien onurak azaldu ditu biologoak. Hala, esan du kardamiru, amilotx edota berderoia bezalako hegaztiek ortuko produktuak kaltetu ditzaketen intsektu eta landareak jaten dituztela. “Batzuetan guk ekoizten ditugun ortuariak jaten dituzten arren, gure ortuei onurak dakarzkien hegaztiak dira”. Gainera, hegaztiek ortuko jakiak ez jateko bitarteakoak egon badaudela gogoratu du, sareak jartzea, adibidez.
Azaldu du, baina, berotegi efektua dela eta, badirela hegazti handi asko ez direnak Urdaibaira bueltatzen. Hori dela eta, hegazti horiek ekartzeko programa du Urdaibai Bird Centerrek.
Herritarrek ere, nork bere aletxoa ipini dezakeela esan du Unamunok. Hegaztiak erakartzeko proiektuen artean familiekin egiten dituztenei buruzko azalpenak eman ditu: hegaztientzako janlekuak jartzearena, hain zuzen. “Azaro eta martxoa bitartean ipintzen ditugu, eta hegaztiek gustoko dituzten jatekoak ipintzen ditugu bertan; kakahueteak eta pipak, zehazki”. Hala, hegaztiak janleku horietara joaten ohitu egiten direla esan du Unamunok, eta leku egokirik aurkituz gero, habiak egiten dituzte inguruan. Habiak egiteko baldintzarik ematen ez badira, hegaztientzako bizitokiak jartzeko aukera ere azaldu du biologoak, eta nolakoak izaten diren erakutsi du.
Kumaldiak bertan eginez gero, hegaztiak Urdaibain geratzeko baldintzak hobetu daitezkeela esan du Unamunok.