Ein GO taldeak, Euskal Herrian sustraitutako abestiak oinarri, publiko guztien inplikazioa lortzen du, formatu malguen bitartez; herririk herri, hazten jarraitu nahi du.
Ibarrangelun elkartu ziren lehenengo bider, On Domingoren omenezko Pastoralean, orain bost urte, antolatzaileek musikariak behar zituztela eta. Bazeukaten elkarren berri, baina bakoitza bere bidetik zebilen musika munduan. Esperientzia gustatu, eta harrez gero talde modura jardutea erabaki zuten. Ein GO taldearen lehenengo urratsak ziren.
Musika tresna asko batzen dira Ein GO taldean; musika tresnak eta ahotsa. Euskal Herrian sustraitutako kantutegia eskaintzen dute; batez ere, euskal kantutegia. Hala ere, ez derrigorrez. Izan ere, jendearen inplikazioa bilatzen dute Ein go taldekoek, eta, batzuetan euskaraz, eta hurrengoan gaztelaniaz abesten dute, euren bueltan batutakoak habanera eta rantxera zaleak badira. Azken batean, ikusleagaz bat egin nahi izaten dute, eta, horretarako, erreakzioei adi-adi egoten dira. Horren eraginez, malgutasunez jokatzen dute. “Plaza batera edo bestera joan, publikoa desberdina da, eta, hortaz, horren araberako errepertorioa prestatzen dugu. Dena dela, jotzen hasi eta erregistroa aldatu beharra ikusten badugu, aldatu egiten dugu”, adierazi du Iker Allur musikariak.
Plazen bilakaera. Ofizioaren eskarmentuak ematen duen begi zorrotzagaz, musikariek euskal plazaren bilakaera jarraitu dute. “Nik uste dut musikariok momenturen batean nasaitu-edo egin ginela, eroso geunden eta; erosoegi. Eta publikoa pasibo bihurtu zela. Era berean, egon badago musikarako eta kanturako gosea, eta jende artean tentalari lanak hartzea da gakoa“, arrazoitu du.
Hiru formatu lantzen dituzte. Bat edo beste aukeratu, helburua jendearen parte hartzea bultzatzea da
Eta ez bat eta ez bi: hiru formatu lantzen dituzte. Lehenengo eta behin, kaleko formatu ibiltaria, Ein GO kantan ta dantzan izenagaz. Bigarrenik, Ein GO erromeria, soinu, pandero eta bonbo elektronikoagaz; plaza dantzez gain, euskal tradizioan oinarritutako dantzak eta antzinako joku dantzak proposatzen dituzte. Eta, hirugarrenik, Ein GO plazan dantzan, gidatutako herri dantzaldia, iaztik martxan. Formatu bat edo beste aukeratu, helburua jendearen parte hartzea bultzatzea da.
Txirula, trikitia, gaitak, dunbala, panderoak, akordeoia, kaskainetak, bibolina,…. Edozein musika tresna ongietorria da. Eta ahotsak hartzen duen lekua ere bada aipagarri. “Entzun dezala jendeak herria kantan”, aldarrikatu du Allurrek. Momentu oso bereziak lortzen direla nabarmendu du. “Askotan, musikariok denok isiltzen gara, eta bakarrik kantatzen entzuten duzu. Hori oso gauza polita da”.
Ein GO komunitatean, batetik, musikariak daude; eta, bestetik, jarraitzaileak
Ein GO komunitatea. Jende multzo zabal batek egiten du posible Ein GO taldearen arrakasta. Multzo horrek izena dauka: Ein go komunitatea; 5 urtetik hasi eta 80 urtera artekoak barnebiltzen duen talde zabala. Komunitate horretan, alde batetik, musikariak daude, hamalau bat lagun, eta, bestetik, jarraitzaileak; Ein GO zaleak: kontzertu bat edo ikastaro bat non, haraxe datozenak. “Bakoitzak bere papera hartzen du. Batzuek, abestu egiten dute; beste batzuek, dantzan. Eta, era horretara, giroa ziurtatuta daukazu”, dio Allurrek.
Bateko eta besteko, 140 lagun inguruk osatzen dute Ein GO komunitatea, Allurren esanetan. Asko eta asko, Busturialdekoak; Lea-Artibaiko batzuk ere bai, eta Bilbo inguruko bat edo beste. Mugarik ez dio ikusten, ordea. “Martxan dagoen gurpila da; eta hazten jarraitzen badu, jendearen parte hartzeari esker izango da”, gogoratu du Allurrek.
Beste alde batetik, Ein GOren eskaintzan inor ez da protagonista. Horretxek bereizten ditu beste eskaintza batzuengandik, Alurrek esaten duenez. “Kaleko formatuan, zirikatzaile papera hartzen dute batzuek, eta jende artean banatuta egoten gara; nahastuta. Oraintxe leku batean, eta oraintxe bestean. Nahiz eta zuzendari bat egon behar den kantugintza gidatuko duena, hortik aurrera ez dago protagonistarik. Ez gaude alde batean geu eta bestean besteak”.
Ekitaldietan eskaintzen dutenaz gain, bueltan jasotzen dutena dago. Taldeko dinamikak “askatasuna eta poztasuna” ematen diola adierazi du kide batek. “Asteburuetako plana”, beste batek. 2020an ere edukiko dute sentsazio onak eurenganatzeko aukera; oraindik eta sarriago, iazko kopurua gainditu egin nahi dute eta. Horrela, 150 saio ingurura heldu nahi dute, aurreko urtean baino 30 gehiago.
Horren atzetik, Eingotar SLU enpresa dago. Taldearen Merchandising-az arduratzen da, haren irudiaren sustapenaz, baina ez hori bakarrik. Beste arlo batean ere murgiltzeakotan dira: musika eskolen kudeaketa integralean. Horrela, Ondarroako Musika Eskolaren kudeaketa lehiaketara aurkeztuko dira. Grina piztuarazten dien proiektua da.
[HURRENGO HITZORDUAK]