"Aniztasuna aberastasuna izan beharko litzateke, eta gizartean arazoa da"
Sehaska Guraso Homosexualen Elkartearen sortzailea da Esti Egidazu Ugaldea. Esperientziak partekatu eta hezkuntzan eta ikusgaitasunean lan egiten dute elkartean.
Nola jaio zen Sehaska?
2011n sortu genuen elkartea esperientziak eta arazoak partekatzeko, eta, batez ere, gure seme-alabengan arreta jartzeko helburuagaz. Gure familia ereduak eurengan gizartean eduki ahal duen eragina landu beharra dago. Ez gaude bisibilizatuta eta integratuta. Gero eta gehiago, bai, baina oraindik ere sekulako lana egin behar da.
Zein da zuen jardun nagusia?
Ikusgarriak izan nahi dugu, baina baita gardenak eta irekiak ere. Baliabide eta diru faltagatik, ahal dugunera heltzen gara. Hilero ekintzaren bat egiten dugu, horrela familiak elkar ezagutu eta gauzak partekatzen ditugu. Garrantzitsua da hori. Elkartea handitu da, eta orain baditugu beste helburu edo ideia batzuk. Gure indarra hezkuntzan zentratzen dugu, eta ahal dugun neurrian ikusgaitasuna landu. Orain dela bi urte ikusgaitasuna lantzeko kanpaina egin genuen metroan; gure familiak agertzen ziren. Iazko Gabonetan, berriz, markesinetan egin genuen.
Domekan Astran egin zenuten saio bat. Zer landu zenuten?
Ipuin kontalari bat ekarri genuen. Bera ahalik eta eskola gehienetara eroaten saiatzen ari gara. Eskoletan, LH1etik LH5era familien aniztasuna lantzeko materiala egiten du. Hau da, ipuinen bitartez lantzen du gaia.
Zelako programak garatzen dituzue?
Urteko egutegia daukagu, eta hilabetero domeka batean elkartzen gara, umeentzako eta guretzako ekintzak uztartuz. Urtean behin asteburu bateko topaketa egiten dugu. Hori da elkartearen topaketarik garrantzitsuena. Denon artean elkarteari dagozkion gaiak erabakitzen saiatzen gara. Gero eta jende gehiago gara, eta orain lantalde bat daukagu.
Hezkuntzaren garrantzia azpimarratu duzue. Formakuntza eskaintzen al duzue?
Oraindik ez, baina proiektua martxan dago, eta aurten hasiko gara. Proiektua onartzea eta diru laguntza eskuratzea falta zaigu. Hezkuntza dena da; guk ez daukagu indarrik politikan sartzeko. Politika mailan itzelezko indarra egiteko gai diren LGTBI elkarte pila bat daude. Eta Madrilen eta Bartzelonan badira familien elkarteak, indar handiagaz.
Ikastetxeetan egiteko asko dago oraindik?
Guraso homosexualen familiak eskoletan ez gara ikusgarri, ez gara existitzen. Ez gaituzte aitatzen. Ez dago gure eredurik, ez argazkietan, ez marrazkietan, ipuinetan… Guraso homoparental edo monoparentalak ez gara agertzen. Etengabe horma baten kontra topo egiten dugula ematen du. Arazo hori hor dago. Aniztasuna ez da agertzen. Edozein ikasgaitan ematen diren adibideetan ez da kontuan hartzen. Gainditu gabeko ikasgaia izaten jarraitzen du. Soilik dibertsitatea lantzen dutenean agertzen gara, edo familiaren egunean, eta egunerokotasunean era askotara presente egon beharko ginateke. Gainera, eskola batzuetan aitaren eta amaren egunak egiten dituzte oraindik, eta gogorra da. Ez da eskoletan bakarrik, akademietan ere antzeko egoerak bizi dituzte umeek. Zorionez, aldaketak ematen ari dira leku batzuetan. Esaterako, irakasle gazteenetan igartzen da; lanketa egiten dute. Ez da zertan horri buruz berba egin behar; irudien bidez agertu daiteke, edo ipuinen bidez, edo matematika buruketa batean.
“Dena hasten da hezkuntzatik, eta hor egin behar da lanketa”
Elkartea sortu zenutenean errealitatea bestelakoa zela aitatu duzu. Zer lortu da?
Gizarte arauak eta legeak aldatu dira, baina mentalitate aldetik ez, eta hor dago erronka. Oraindik asko dago egiteko eta aldatzeko. LGTBI familiak gara, baina berez gizartean familia bezala ez gara agertzen. LGTBI pertsonak bagaude, eta agertzen gara, baina familia bezala, seme-alabekin ez. Dena hasten da hezkuntzatik, eta hor egin behar da lanketa. Errespetu falta da, azkenean. Gizartean errespetua ez da asko landu. Aniztasuna arazo bat da gizarte honetan; aberastasun bat izan beharko litzateke, eta arazo bat da. Denok ezberdinak izatea gizartearentzat «rollo» bat da, denok molde eta bide beretik joan beharko bagina modura.
Egunerokotasunean dituzuen oztopoak edota zailtasunak zeintzuk dira?
Zortez sotilak dira, ez dugu egunerokotasun gogor bat; ez gara Afganistanen bizi. Ondo bizi gara, eta ez gara egon behar egunero borrokatzen. Baina, noski, badaude. Umeek hezkuntzan dibertsitatea lantzen dute –eskola batzuetan bai, behintzat–. Baina gure umeek egoera zailak bizi dituzte, eta adi egon behar duzu. Adinaren arabera egoera desberdinak ematen dira. Gertatu da umeak esatea bi ama dituela, eta beste batek erantzutea hori ez dela posible. Euren erantzunekin ikusten da hori etxetik datorrela. Errespetua ez dago guztiz barneratuta oraindik. Erasoak ere ematen dira. Oso sotila da, baina egunerokotasunean hor dago. Gizartean, neurri handi batean, ez dago guztiz ondo ikusita bi aita seme bategaz ikustea, hor ama faltako balitz bezala, eta bi emakumeren kasuan, aita faltako balitz bezala. Nahiz eta kanpotik eraso zuzenik ez jaso, horrelakoak badaude. Ematen du dena ondo dagoela, baina sakonean ez da horrela; sentimendua bestelakoa da. Erasoak egunero daude.
Zelako erasoak?
Esate baterako, gutako baten umearen eskolan gaiari buruzko lan batzuk egin zituzten, eta asteburuan jendea sartu eta horien kontrako pintaketak jarri zituzten. Gauza bat da eskola, eta beste gauza bat pertsonak. Beste adibide bat: edozein inprimaki betetzerakoan, beti dago ama/aita aukera. Kide baten alaba 2011n sartu zen 2 urteko gelara, eta eurak harritu egin ziren idazkietan ama/ama eta aita/aita agertzen zelako. 2014ean beste alaba sartzean, ostera, zuzendaritza aldatu zutenez, ez zegoen horrela. Batzuetan aurrerapausoak eman edo horrekin jarraitu ordez, atzerapausoak ematen dira. Bestalde, lehen inprimakiena aitatu dugu, eta, adibidez, telefono konpainiaren batetik deitzean, zure senarrari buruzko erreferentziaren bat egiten dizute. Gainditu beharreko beste estereotipo bat da, bi homosexualen arteko bikote batean, batak amaren papera eta besteak aitarena daukala. Ez dago patroi hori, eta ardurak partekatu egiten ditugu.
Beraz, instituzioen babesa eduki arren, politiketan eta administrazioan asko dago egiteko?
Gutako askok aitatasun baja hartu dugu, eta orain legea aldatzeko badaude ere, familia bat osatzeko ezkontzera behartzen gaituzte. Orain arte intseminazio edo adopzio bidez edukitako seme-alabak erroldatzeko ezkonduta egon behar izan gara. Legeak derrigortzen gintuen. Adoptatzera zoazenean aholkatzen dizuten lehen gauza ezkontzea da. Elkarte bezala jarri genuen erronketako bat legeak arakatzea izan zen; legedi arloan egunean egotea. Momentuz, ez gara horrenbestera heltzen.
“LGTBI familiak gara, baina berez gizartean familia bezala ez gara agertzen”
Guraso izateko erabakia hartu eta izan arteko prozesuan zailtasun edo oztopoak dituzue?
Emakumeontzat bidea errazagoa da, ez dugu zailtasun handirik. Gizonezkoek itzelezko zailtasunak dituzte. Adopzioaren edo haurduntza subrogatuaren artean aukeratu behar dute. Gaur egun, batez ere, gizonek eskatzen dizkigute aholkuak. Orain dela gutxi bi familiak deitu digute, bikote batek bi aukeren artean zalantzak zituen, eta besteak argi zeukan haurduntza subrogatuaren bidez izango zirela guraso, eta gauza bera egin duten bikoteren bategaz berba egin gura zuten. Elkarte moduan, berez, ez gara horretan sartzen. Familiaren batek aholkuren bat nahi badu, edo zein bide jarraitu galdetzeko deitzen badu, informazioa ematen diogu. Esperientzia bizi izan duen familiaren bategaz harremanetan jartzen dugu. Informazioa nahi dutenek www.sehaska.es webgunean sartu edo telefonoz deitu ahal digute (626-94 10 87/609 29 47 07) edo mezua idatzi: asociacion.sehaska@gmail.com.
Esku artean edota etorkizunerako dituzuen erronkak zeintzuk dira?
Helburuak baino gehiago aurrerapausoak dira; helburu horiek lortzeko ekintza zuzenak. Orain, hezkuntzan eta eskoletan sartzen gara, sorreran baino proiektu potoloagoak lantzen ditugu. Helburu gehiago eduki ordez, urrunago heldu nahi dugu. Gure diru sarrerak urriak dira, baina azken urteetan laguntza publiko batzuk lortu ditugu, eta hasi gara gauzak aldatzen.
Zer ikasi duzue esperientzia gehiago daukaten elkarteengandik?
Eurekin hartu-emana daukagu, eta oso baliotsua da guretzat. Formatzeko, ikasteko, arlo desberdinetan euren esperientziak ezagutzeko,… aukera ematen digu. Azken batean, lortu nahi duguna da gure diskurtso propioa izatea, eta horretarako guk ere ikasi behar dugu. Gai asko daude mahai gainean jarri eta gure artean hitz egiteko. Adibidez, topaketa batean gure seme-alabak zelan ahaldundu landu genuen. Gure esperientziak partekatu genituen: bakoitzak nola lortu dituen aurrerapausoak, zer egin dugun… Familia batek kontatu zuen ipuin bat prestatu zuela zelako familia zeukaten azaltzeko. Askok esan zutena da zuzenean seme-alabekin hitz egin behar dela. Gauza guztiak ahalik eta lehenen hitz egitea garrantzitsua da. Gure familia eredua dela eta, eurek egoera desberdinak bizi dituzte. Eta euren prestaketaren, autoestimuaren eta nortasunaren arabera modu batera edo bestera eragiten die. Eta erantzuteko gai dira edo ez, egoerari aurre egiteko gai dira edo ez. Gure zalantza da guk zelan lagundu ahal diegun; ze erreminta eman eurei. Ez dago gaiari buruzko gidaliburu bat.
“Umeen artean egoera zailak ematen dira, eta adi egon behar duzu”
Egoerak gertatu aurretik hitz egiteak laguntzen du?
Bai. Eurek bizi ahal dituzten egoeretara aurreratzea garrantzitsua da. Badakizu etorriko direla, beraz, prestatuta egon eta eurekin aurretik lantzea komeni da. Adibidez, gure elkarteko ume bat beti aurkezten da bere izena esaten, eta inork galdetu aurretik berak esaten du ‘honek nire amak dira’. Bera aurreratzen da, bere erreminta hori da. Bitxia da, gurasoek ezer landu gabe hasi zen hori egiten, naturaltasunez. Eurak ere babesten dira. Beste adibide esanguratsu bat da gutako familia bati oraintsu gertatutakoa. Perura joatekotan daude, eta semeak badaki han ez dagoela bikote homosexuala ondo ikusita. Horregatik, esan zien, ‘hemen bi ama ditudala esaten dut, baina han ama eta izeba zaretela esango dut’.
Orokorrean, umeek nagusiek baino modu naturalagoan bizi dituzte egoerak?
Gehienetan beste umeen artean normaltasunez hartzen dute, naturaltasunez, eta gurasoak lotsatzen edo deseroso sentitzen dira. Horregatik, hezkuntzan landu behar da, baina gurasoek etxean landu behar dute. Umeek gai askori buruz galderak egiten dituzte, normala den moduan, eta prestatuta egon behar da. Azaldu egin behar zaie; ez ihes egin edo gaia aldatu. Garrantzitsua da guk aurrez jakitea eurek zelan bizi duten prozesu hori. Batzuetan ez dira gai sentitzen egoera batzuei aurre egiteko. Ez da hain erraza eurentzat. Askotan gauza txikiak dira, baina horiek pilatzen zoazenean, mundu bat da. Umeei zein guri gertatzen zaigu. Guk aurrera egiten dugu, ikusgarritasuna lantzen dugu, baina gure borroka delako; guk hori egin behar dugu. Ez da gure seme-alabena; beraiei ez dagokie ezer borrokatzea.