Ahanzturan utzi ezin daitekeena
Bi urteko lan sakonaren ostean, 'Gerra Zibila Busturian' argitalpen bikoitza kalean dago. Busturiko Udalak herritar guztien etxebizitzetara bidaliko ditu liburuak.
Busturiko Udalak eta Eusko Ikaskuntzak lankidetzan egindako emaitza esku artean daukate busturiarrek. 2016an abiatu zuen Xabier Herrero historialariak Busturian 36ko gerrak izan zuen eraginari buruzko ikerketa beka baten bitartez. Bi urteko lan sakonaren ostean, bi liburu argitaratu dituzte.
Busturia (1916-1937): Berrezarkuntza, diktadura, II. Errepublika eta Gerra Zibila aleak tokiko erakundeen bilakaera politikoa aztertzea du helburu, Berrezarkuntzatik 36ko gerra amaitu arte. Bertako bilakaera instituzionala ahaztu barik, ikerketak II. Errepublikagaz eta 36ko gerragaz lotutako udalerriko hainbat alderdi sozial ditu ardatz, hala nola, ideologia ezberdinen ezarpena, gatazka sozialak, mobilizazio militarra, erbestea edo errepresioa.
Bigarren aleak, berriz, Busturia (1937-1945): lehen frankismoa izenburua darama. Erregimen diktatoriala ezarri zen bitartean biztanleriaren aurka erabili zen errepresioaren azterketan zentratzen da, errepresaliatuen izen propioei arreta berezia jarriz. Lanak, gainera, herrian frankismoaren lehen epealdi hari lotutako beste alderdi batzuk aztertzen ditu: erbestea, nazional-katolizismoa, errazionamendua, biztanleriaren mobilizazioa matxinatutako gudarostean edo izaera totalitarioko taldeetan, besteak beste.
Uste baino lan gehiago aurkitu du bidean Herrerok. Hainbat bidaia egin ditu, artxiboz artxibo. Urte bat izan zuen ikerketa egiteko, eta beste bat idazteko, «denbora gutxi» dio: «Busturiko Udalak, hala ere, denbora apur bat gehiago eman zidan dokumentazio asko aurkitu nuelako Ferroleko (Galizia, Espainia) artxiboan. Pena bat zen errepresioari buruzko lan batean erreprimitutako jendea ez agertzea».
Garai hartako Busturiko bizilagunen datu base bat oinarri hartuta, modu batera edo bestera Espainiako gerragaz edo errepresioagaz zerikusia eduki zuten herritarrak bilatzen abiatu zuen ikerketa.
«Garrantzitsua» izan da Herrerorentzat aipatu ikerketa egitea, aukera eman baitio 36ko gerrari buruz dakiena erakusteko. Orain arte ikerketa ezberdinak egin baditu ere, lehenengoz ikusi du argitaratuta bere ikerketa bat. Bilatzea eta ikertzea baino zailagoa da Herreroren ustez material guztia ordenatzea eta idaztea: «Jende asko agertzen da, mikrohistoria ugari, izen eta abizen asko, familia ugari… hori guztia ordenatzeak denbora darama».
Bere ustez, ez da lan gogorra izan, «edozein ikerketatan egin beharreko lanak baino ez ditu egin behar izan». Hori bai, denbora asko eskatzen duenez, «senide edo lagunei kendutako denbora» ere bada: «Askotan ez da ikusten, eta mota honetako lanetan asko gertatzen da».
Liburua irakurri eta bertan senideren baten izena aurkitzen duten horiei esan gura die ez daukala arazorik bilatu duen informazio guztia horien esku jartzeko. Are gehiago, liburuak idazteko erabili duen material guztia Busturiko Udalaren esku jartzea pentsatu du, «herritarrek dokumentazioa eskura eduki dezaten».
700 ale argitaratu dituzte, eta euskaraz zein gaztelaniaz irakurri daitezke. Liburuen aurkezpenean egon zirenek dagoeneko badauzkate euren aleak, eta gainontzeko herritarrek etxebizitzetan jasoko dituzte.
Ideia urrunetik datorrela dio Busturiko zinegotzi Naiara Ruizek. Urtero, abuztuaren 5ean, herriko fusilatuak gogoan izateko omenaldi xumea egiten dutela gogorarazi du, «xumea, baina berezia». Herriko fusilatuak gogoan izateko hainbat gauza egin dituzte: plakak, monolitoa… Urtez urte gogoan izan beharreko gauza dela aipatu dute.
2015ean udal gobernura sartu ostean antolatu zuten lehenengoz ekitaldia, eta EHUko irakasle Joseba Agirrezkuenaga busturiarra hurbildu zitzaien: «Oroimen historikoa lantzea ondo legokeela esan zigun, herrian 36ko gerra bizi izan zutenak gutxi geratzen zirela eta, horien bizipenak eta herriko historia berreskuratzeko sasoia zela esan zigun». Hala, jarraian, Oroimen Historikoa lantzeko Batzordea eratu zuten. Deialdia zabala izan zen; Busturiko Udaleko alderdi politiko guztiak, herriko elkarteak eta eragileak, herritarrak, Ahaztuak, Gernikazarra… denak gonbidatu zituzten, bai eta Agirrezkuenaga bera ere. «Gura baino gehiago luzatu arren», liburuak hortik datozela diote.
Ikerketa eta diagnostikoa egin bai, baina egindako lan hori guztia publikatu beharra zegoela uste zuten, eta publikaziorako dirua behar dela diote; «aurrekontua ez zen iristen, eta apur bat itxaron beharra eduki dugu».
Lan asko eman badu ere, emaitzagaz «pozik» daudela esan du Idoia Etxebarria zinegotziak: «Gogorra ere izan da, egin gura eta ezin, eta herritarrak behin eta berriz galdezka».
Busturiko Udalaren asmoa herriko historia kontatzen jarraitzea da, «zer kontatu badagoelako», eta bekekin jarraitzeko asmoa daukatela adierazi dute: «Aurtengo aurrekontuan diru sail bat gorde dugu horretarako». Ideia Oroimen Historikoa lantzeko Batzordera eroango dute, denen artean eztabaidatzeko.
Gogorarazi dutenez, Labayrugaz batera ere badabiltza herriaren memoria historikoaren beste alor batzuk lantzen; «urtez urte, badaukagu zer kontatu». Errotak, migrazioak, antzerkizaletasuna… landu izan dituzte. Gainera, herriko antzinako zeramika ere berreskuratu dute. Hori guztia herriarentzako geratuko den gauza bat izanik, «garrantzitsua» dela diote.
Ludger Mees ikerketaren zuzendariak dio Euskal Herrian gutxi direla bere historiaren ezagupen «horren sakona» daukaten herriak, eta beste herriek Busturiaren bidea jarraitzea espero duela gaineratu du. Haren ustez, memoria historikorik gabeko gizakia osatu gabeko gizakia da: «Iraganaz jakitea ez da kapritxo bat, ezinbesteko beharrizan bat baino».