25 haritz landatu dituzte iazko Arrain Azokak ingurumenean eragindako inpaktua konpentsatzeko
Arranotegi auzoko Longane baserriaren inguruan batu dira gaur Bermeoko alkate Aritz Abaroa eta Arrain Azoka Elkarteko kideak zuhaitzak landatzeko.
XXV. Arrain Azokak ingurumenean eragin zuen inpaktua aztertu dute, bertan sortu zen CO2 kontuan hartuta. Hiru egun horiek utzitako karbono aztarn,a 25 haritz landatuta konpentsatu daitekeela uste dute; diotenez, espezie horrek, 25 urtetan, “karbono kantitate hori xurgatu dezake arazorik gabe”.
Arrain Azoka Elkarteko kideek eta Bermeoko alkate Aritz Abaroak parte hartu dute goizeko landaketan. Hain zuzen ere, Arranotegi auzoan dagoen Longane baserriaren inguruan landatu dituzte haritzak.
2019ko Arrain Azoka Ihoberen Erronka Garbia ekitaldi jasangarrien ekimenera batu zen. Horren bitartez, ekitaldiak gauzatzean ingurumenean sor daitezkeen inpaktu negatiboak minimizatu nahi dira. Hala, iazko Arrain Azokan parte hartu zuten agenteek ingurumen-inpaktu potentzialak identifikatu, horiek murrizteko neurriak diseinatu, eta azkenik, ekitaldi osoaren inpaktua kalkulatu dute, Erronka Garbia metodologia erabilita.
Ekimena barneratzen duten Arrain Azoka moduko ekitaldiek hainbat jasangarritasun neurri ezartzen dituzte, sei ardatz hauek kontuan hartuta: mugikortasuna, energia, ura, erosketak, azpiegiturak eta hondakinak.