"Musikaren bitartez harrapatu gura ditugu entzuleak"
Bermeoko laukoteak 'Gure Hizkeran' diskoa kaleratu zuen iaz. Musika 'kañeroa' egiten dute, melodia politagaz eta mezu zuzenak bidalita. Diskoa aurkezteko biran dabiltza.
Olatu handi bat hartu dute aspaldion Bermeoko gazteek osatutako musika taldeek; horietako bat da Etxekalte. Unai Irisarrik (Bermeo, 1994. Ahotsa/gitarra ), Jonan Juarezek (Bermeo, 1998. Baxua), Iker Etxebarriak (Bermeo, 1994. Bateria) eta Iñaki Olondok (Bermeo, 1994. Ahotsa/gitarra) osatzen dute Etxekalte.
Gogotsu daude, gustura egiten dute musika eta agertokietara dena emateko prest igotzen dira. Gure Hizkeran diskoa kaleratu zuten iazko Durangoko Azokara begira. Diskoa aurkezten dabiltza herriz herri, eta oraindik asko dira aurreikusita dauzkaten hitzorduak.
Grunch, posthardcore, rock alternatiboa…Etxekalte taldearen musikak ñabardura ezberdinak ditu. Iker Etxebarria taldekidearen esanetan, “musika kañeroa egiten dute, melodia politagaz eta mezu zuzenagaz”. Beraien abestietan botatzen dituzten mezuak zuzenak dira, baina “apainduta” doaz.
Laukote modura 2016an sortu zen Etxekalte. Gure Hizkeran diskoa kaleratu aurretik maketa bat egina zeukaten. “Modu prekarioan grabatuta zegoen. Oraingo lana, baina, askoz ere serioagoa da”, dio Olondok.
“Alde nabarmena” dago batetik bestera, “maketak ez dauka produkziorik”. Produkzioa alde batera utzita, gainera, Gure Hizkeran diskoaren abestiek taldearen nortasuna daramatzate, ez ordea, lehenengo maketakoek. Etxebarriak dio taldea ezberdintzen zuen zerbait bilatu beharra zeukatela, eta diskora begira bilatzen hasi zirela; “nortasun finkoagoa” behar zuten. Soinu aldetik, berriz, estudioko lana ere egin dute oraingoan; izan ere, James Morgan eta Asier Renteriarekin grabatu dute diskoa Mungiko MagicBox Musika estudioetan.
Abestiak eurak sortutakoak dira: “Gertatu diren gauzak kontatzen ditugu, baina gure ikuspegia sartuta edo buelta emanda; hau da, orokorrean kexatu egiten gara. Asmoa da jendea pentsatzen jartzea; gauza bat esaten dugu entzuleek beste modu batera uler dezaten. Abesti sozialak dira pare bat, eta beste hiruzpalau kantu pertsonalak. Musika melankolikoa egiten dugu, eta hortaz, letrak ere zenbaitetan melankolikoak edo tristeak dira. Apur bat katastrofistak gara. Gure tranpa, hala ere, musika da. Musikaren bitartez harrapatu gura ditugu entzuleak”.
Uste dute, gainera, abestietan botatzen dituzten mezuek entzuleengana iristen direla, “oraindik hurbileko lagunei bakarrik, baina badoa zabaltzen”. “Harritu eta poztu” egiten dira bere abestiak elkarbanatuta ikusten dituztenean.
Agertoki gaineetan gustura ibiltzen dira: “Publikoarekin aurrez aurre zaude eta dena eman behar da». Olondok dio gaur egun ez dela beldurtzen zuzenekoetan, nahiz eta urduritasun puntu bat beti daukaten, “normalean hasieran”. Euren zuzeneko kontzertuetan Gure Hizkeran diskoko abestiak eta aurreko zenbait ere jotzen dituzte. Hala ere, hasierako horiek kentzen hasi dira “ez datozelako bat” gaur egun egiten dutenagaz. Normalean, 12 kantu jotzen dituzte, eta horien artean bertsio bat. Taldekideen ustez, Etxekaltek asko irabazten du zuzenekoetan: “Jendeak esaten digu zuzenean ikusi ostean harrapatzen ditugula, horrek egiten duela gure jarraitzaile izatea”.
Abestiak batueraz idatzita badaude ere, bermeotarra edo bizkaiera noizbait sartzen dute. “Euskara txukuna eta ulergarria” erabiltzen dutela esaten diete.
Taldekideen iritziz, euskarazko musikak badu etorkizuna, “bidea irekita dago”: “Uste dugu euskal musika eta kultura geroz eta gehiago hedatzen ari direla. Guk euskaraz egiten dugu hori delako gure hizkuntza, modu horretan ikasi dugu. Gutxi-gutxika goaz, eta Euskal Herrian lekutsu bat edukitzea gustatuko litzaiguke”.
“Oso serio” dabiltza lanean, eta hainbat kontzertu lortu dituzte. “Orain arte, batez ere, gu mugitu gara kontzertuak bilatzeko, eta lan asko ematen du”.
Aurrerantzean aurreikusita dauzkaten kontzertuen artean, martxoaren 14an Bartzelonan daukatena nabarmendu dute, bai eta apirilean Gernika-Lumoko Iparragirren daukatena ere. Irisarriren arabera, Iparragirre Bizkaiko edo Euskal Herriko lokalik onenetarikoa da. “Gustura jotzen dugu Gernikan, jende asko etortzen da gu ikustera. Astran egon ginen azaroan eta bete egin zen”. Atzerrian kontzerturen bat edukitzea gustatuko litzaieke; “Kalifornia (AEB) aldetik bada, hobeto, handik datorkigulako musika eragina”, diote barrezka. Hala ere, leku asko dauzkate buruan: Bilboko Kafe Antzokia, Elorrioko Gaztetxea, EHZ jaialdia…
Diotenez, gazteen talde asko ari dira gogotsu, “belaunaldi berri bat dator”. Bidean batera doazela diote, eta eurengandik ikastea “garrantzitsua” dela uste dute. Bira honen helburua “eskarmentua hartzea eta jendea ezagutzea” da. Bermeotik ere hainbat talde dabiltza hara eta hona: “Ez dakigu nahastu egin garen edo zorte hutsa izan daitekeen. Uste dut, gure kasuan, Bermeon norbaitek bidea egin digula. Esaterako, Urgatzeko Xabi Ojinagak sartu gaitu lekuetan, eta talde bereko Asier Renteriak eman zigun diskoa grabatzeko aukera. Beste alde batetik, Gatomeko Iñigo Iriondo ere beti dago gurekin. Oso harreman estua dago gure artean”.
Gure Hizkeran diskoaren aurkezpen biragaz badabiltza ere, sortzen jarraitzen dute; “horrek inoiz ez dauka etenik, probak egin eta gustukoenak gordetzen ditugu”. Izan ere, epe luzerako proiektuen artean daukate beste disko bat grabatzea, “pertsonalagoa eta modernoagoa”, euren nortasunean gehiago sakonduko duena. Etxekalte, beraz, denbora luzez gerra emateko prest dago.