Lointek Gernika Bizkaiak Fontetan agurtu du Eurokopa
Valentziak joanekoan lortutako hamar puntuko errenta gainditu behar zuen talde gernikarrak kanporaketa pasatzeko, baina 72-50 galdu du bueltakoa.
72-50 amaitu zen atzo Valencia Basketen eta Lointek Gernika Bizkaiaren partidua. Eurokoparen final-zortzirenetan agurtu du talde gernikarrak aurtengo abentura. Joanekoan hamar puntugatik galdu zuen Malosten, eta atzo hori gainditzea zen erronka, baina talde valentziarra hobea izan zen.
Ezinezkorik ez dagoelako, Lointeken jokalariek kanporaketa hau gainditzeko ahalegina egin zuten atzo, eta lehen zatiko zenbakiak hori erakusten dute. Batez ere defentsan egindako lan itzelagatik, lehen zatian markagailuan aurretik egon zen; 12-19 amaitu zuten lehen laurdena eta 29-31 heldu ziren atsedenaldira. Gero, atzean apalago aritu zen talde gernikarra; minutuek aurrera egin ahala, gasolina galtzen joan zen defentsan zein erasoan. 49-42 heldu ziren azken laurdenera. “Hirugarren laurdenean hiruko asko sartzen hasi dira, eta gure defentsa ez zegoen ondo moldatuta eta horrela puntu errenta handia atera dute”, azaldu zuen Itziar Ariztimuño jokalari bilbotarrak.
Belen Arrojo jokalari andaluziarrak eta Mario Lopez entrenatzaile gernikarrek adierazi zuten taldeak lehen zatian ondo jokatu zuela, baina bigarren zatian egindako hutsegiteen ondorioz, partidua galdu zutela.
“Hasiera oso ona eduki dugu; lehen bi laurdenetan saskibaloi ona erakutsi dugu. Defentsan ondo aritu gara, eta euren erasoko puntuak zarratzen eta gure erasorako dohainak aprobetxatu ditugu, baloia ondo mugituz”, azaldu zuen Lopezek.
Taldeak borrokatu egin duela azpimarratu zuen Arrojok eta lehen zatiko lana bigarrenean ez egiteagatik galdu zutela uste du: “Lehen minutuetan, lehen laurdenetan pauso bat aurrera eman dugu. Talde teknikoak eskatutako lana egin dugu. Bigarren zatian erritmo apur bat falta izan zaigu, eta lehen zatian ondo egindako gauzak egiteari utzi diogu. Hori giltzarria izan da”.
Atsedenaldiaren ostean, sei puntuko abantailagaz egon zen Lointek, baina laupabost hiruko jarraian egin zituzten etxekoek, eta Lopezen berbetan, borrokatu arren, defentsan erritmoa galtzen joan ziren. “Gainera, erasoan bi baten kontra aritzera behartu gara eta baloia ez dugu mugitu. Erasoan jarioa edota arintasuna falta izan zaigu. Egia da atzean barruko jokalariak estu hartu ditugula, baina eurak saskiratze asko lortu dituzte eta guri horretan asmatzea falta izan zaigu”. Valentzia Lointek baino hobea izan da final-zortzirenetako bi partiduetan, eta hori onartu zuen entrenatzaileak. Taldean lau jokalari min hartuta egon arren, laguntza prest agertu izana txalotu ta orain horiek errekuperatzeko unea dela esan zuen. Era berean, denboraldi amaiera honetan saskiratzeetako portzentaiak hobetzeko erronka daukatela zehaztu zuen.
Denboraldi amaieran pentsatzeko unea dute orain. Ligaren azken txanpan daude (5 jardunaldi falta dira), titulua lortzeko kanporaketak ere lehiatuko ditu taldeak, eta datorren astean Erregina Kopa lehiatuko dute. “Taldeak txip-a aldatzeko gaitasuna dauka. Falta zaigunerako prest dago taldea, eta hasierako ilusioagaz segitzen dugu”, nabarmendu zuen Arrojok. Orain datorrenagaz gozatzearen garrantziaz mintzo da Ariztimuño: “Eurokopan lan oso ona egin dugu, eta orain, kopan eta play offetan disfrutatu behar dugu”.
Galiziara. Emakumezkoen Ligari dagokionez, Gernika-Lumoko taldeak Lugon jokatuko du Duran Maquinaria Ensinoren kontra, zapatuan [otsailak 29]. Talde galiziarra etxean gogor ari dela adierazi du Arrojok. “Orain Lugon pentsatzeko momentua da, eta gero, Erregina Kopan. Ensinok bi talde handiri irabazi die etxean, eta beraz, han irabaztea garaipen garrantzitsua dela uste dut”.
Nogaye Lok Eurokoparen esperientzia oso positiboa dela dio, eta zapatuan garaipena eskuratzea funtsezkoa dela uste du: “Ahal dugun moduan irabazi egin behar dugu, batez ere sentsazio onak berreskuratzeko, eta kopara sentsazio positibo horiekin ailegatzeko”. Belaunean min hartuta egon arren, atzo minutu batzuk jokatu zituen: “Jokatu eta taldeari laguntzea ondo etorri zait. Baina oraindik ez nago %100; errekuperatzen ari naiz eta koparako ondo egotea espero dut”.