Zarragoitxin irisgarritasuna hobetu asmoz, lanak egiten dabil udala
Eskailera berria egingo dute, bihurgunea ekidin eta zuzenean igoko dena. Espaloi berria ere egingo dute.
Lanok Askatasun bidea kaletik Zarragoitxira igotzeko bidearen egoera hobetzea dute helburu, auzokideei etxera iristeko edo herrira jaisteko erraztasunak eman asmoz. Horiek egiteko, 242.000 euroko aurrekontua aurreikusi du udalak.
Bidearen arazo nagusiena malda da, eta bide ertzetik doan eskailerak arazo berdina daukala diote udal arduradunek. Eskailerak, gainera, zaharkituta daude eta berritu egingo dituzte. Orain, gainera, lekuz aldatuko dituzte; berriek bihurgunea ekidin eta beheko aldetik zuzenean igoko dira. Bidearen beste aldean, berriz, espaloi berria egingo dute.
Bestalde, goiko aldean, etxebizitzen alboan dauden eskailerak eta espaloia ere berrituko dituztela jakinarazi dute.
Hobekuntza lan horiei esker, auzotarren bizi kalitatea hobetuko dela diote, eta era berean, larrialdietarako ibilgailuen irisgarritasuna ere hobetuko da.
Udalak legealdi hasieran ezarri zuen helburuetako bat izan zen irisgarritasuna hobetzearena, eta azaldu dutenez, “pixkanaka” doaz hobetze lan horiek egiten.