Pello Bilbaok bigarren amaitu du gaurko Andaluziako etapa
Bahrain taldeko txirrindulari gernikarra hirugarren dago sailkapen orokorrean, Astana taldeko Jakob Fuglsang liderrarengandik 30 segundora.
Andaluziako Itzuliaren hirugarren etapa bigarren amaitu du Pello Bilbao Lopez de Armentia gernikarrak.
Jaen eta Ubeda artean 175,9 km-ko ibilbidea egin dute gaur. Esprintean erabaki da lasterketa; Astana taldeko Jakob Fuglsang izan da garaile (4:33.25). Bera da liderra eta atzetik ditu Bahrain taldeko bi euskaldunak. Mikel Landa murgiarra dago bigarren, liderrarengandik 14 segundora eta gernikarra 30 segundora dago.
Hirugarren etapan lau mendate igaro dituzte, tartean, lehen mailako Solera eta Sierra Magina. 44 txirrindulari sartu dira eguneko ihesaldian, baina desegiten joan, eta bost txirrindulari geratu dira lasterketa buru. Hala ere, helmugara heltzeko 2,5 km falta zirenean pelotoiak harrapatu ditu.
Bahrain taldean lehen denboraldia da Bilbaorentzat eta Andaluziako proban onenen artean sartzen ari da. Lehen egunean bosgarren amaitu zuen, atzoko etapa, berriz, hamahirugarren amaitu zuen eta sailkapenean seigarren jarri zen.
Laugarren eguna. Bihar 125 km-ko etapa egingo dute. Granadako Villanueva Mesian hasi eta hiriburuan amaituko dute. Txirrindulariek hiru mendate gainditu beharko dituzte; Alto de Purche izango da lehen mailako bakarra.