Martxotik irailera Bakearen Museoa zabalik egongo da astelehenetan ere
'Artea, memoria eta espazio publikoa' izeneko liburua aurkeztu berri du museoak, eta urte osorako egitarau zabala dakar
Martxotik irailera, Bakearen Musooa zabalik egongo da astelehen goizetan ere. Ordutegi zabalagoa eskaini gura dute, eta antolatzen dituzten jardueretan ere aukera eta eskaintza zabalagoa dakar museoak.
Hala, ibilbide gidatuei dagokienez, lau ibilbide desberdin izango dira, museorako sarrerarekin konbinatuta. Aire-kontrako babeslekuak izango da bata; Picasso eta Guernica bigarrena; Momentuak eta memoria hirugarrena eta Berreraikuntzari dagokiona laugarrena. Ibilbide guzti horiek, gainera, lau hizkuntzatan eskainiko ditu Bakearen Museoak.
Ordutegian ere aldaketak izango dira taldeen kasuan, eskaintza handituz: 10:15ean, 11:30ean, 12:45ean, 15:00etan eta 16:15ean. Norbanakoentzat, data zehatzetan eskainiko dituzte aipatu ibilbideak: martxoaren 8an, maiatzaren 16an, Aste Santu eta Pazko astean, ekainaren 30etik abuztuaren 28ra eta urrian 6tik 9ra, 13tik 15era eta urriaren 31n.
Ibilbide gidatuak bakarrik ez, eskaintza zabalagoa dauka Gernika-Lumoko Bakearen museoak, eta bi Memoritour Euskadi doan eskainiko du aurten: ekainaren 7an eta irailaren 27an, hain zuzen ere. tailer didaktikoak, hezkuntza material berria eta jarduera bereziak ere izango dira Bakearen museoan. Gainera, domeketan sarrera doakoa da, eta martxoa eta urria bitartean ordutegia zabalagoa izango dela jakinarazi dute: 10:00etatik 19:00etara.
Elkarlanean mamitutako liburu berria. Berritasunen artean, gainera, liburu berri bat ere aurkeztu du Bakearen museoak: Artea, memoria eta espazio publikoa. Gernikako Bakearen Museoak Granollersekin (argitaratzailea), Bartzelonarekin eta Nafarroarekin elkarlanean egindako liburua da, eta 239 orrialde ditu. Hain zuzen, liburu horrek Artea, memoria eta espazio publikoa mintegi ibiltariaren esparruan Gernika-Lumon, Granollersen, Bartzelonan eta Sartagudan egindako jarduerak biltzen ditu.