Zaila, baina ez ezinezkoa
Eurokoparen final-zortzirenetako joanekoan, Lointek Gernika Bizkaiak hamar puntugatik galdu du Valencia Basketen kontra. Otsailaren 26an jokatuko dute bueltakoa, Valentzian.
Zaila bada, ez da ezinezkoa, zaila bada, badago lortzea… horrela dio Urtz taldearen Ez gaitu inork geldituko kanta ezagunak. Eurokoparen final-zortzirenetako joanekoa 61-71 galdu du Lointek Gernika Bizkaiak Valencia Basketen kontra. Bueltakoa datorren eguaztenean [otsailak 26] lehiatuko dute Valentzian. Nork esan du, ezinezkoa da?
Kanporaketa oso zail jarri bazaie ere, ezinezkoa ez dela adierazi zuen Mario Lopez entrenatzaile gernikarrak partidua amaitu ostean, atzo: “Ezagutzen gaituenak badaki hara ez garela joango ez partidua ez kanporaketa galdutzat hartuta. Gure indar guztiekin saiatuko gara eta partidu honetako akatsetatik ikasi behar dugu”.
Jokatzen gozatu ez izana eta markagailuan aurretik joan arren, kantxan gustura sentitu ez izana aitatu zituen Lopezek. Azken laurdenean gasolina barik geratu zen talde gernikarra.”Bakarrik egonda jaurtiketa egin eta huts egiteak, mesfidantza sortzen dizu eta hurrengo jaurtiketan zalantzak dituzu. Gainera, Milicen laugarren faltak asko zigortu du taldea. Gigik irten den lehen aldian ondo eutsi dio, baina fisikoa falta izan zaigu, berari laguntzeko eta batuago egoteko”, zehaztu zuen Lointeken entrenatzaileak.
Valentziaren barruko jokoari aurre egiteko estrategia eragingarria izan zen hiru laurdenetan, baina azkenean, tarte handiak utzi zizkieten. Aurkariek markagailua irauli eta aurretik jartzean galdu egin zirela aitortu zuen. “Fisiko edo kontzentrazio faltagatik edo antsietateagatik izan liteke”. Tirera, Reisingerova, Abalde eta Raman jokalari handiek min asko egin zieten etxekoei eta Nogaye Lok jokatu ezin izatea igarri zuten: “Berak geldiarazi zuen Reisingerova aurrekoetan. Baina, bera ez da egongo hurrengoan ere eta horrela jokatu beharko dugu”.
Elkar ondo ezagutzen diren bi taldeen artean ez dago ezustekoetarako aukera askorik. Lehia hotz eta erritmo faltagaz hasi zuten. Valentziarrek sarraila ondo estutu zuten defentsan eta 4-10eko partzialak arriskuaren alarma piztu zuen. Gero, jokalariak txandakatzen hastean, baloia gehiago eta hobeto mugitu zuten etxekoek. 16-17 amaitu zuten lehen laurdena. Bigarrenean, Milic bosniarrari baloiak uztea zuten helburu eta horrela egin zuten. Orduan, markagailuan aurretik jarri ziren eta Ruben Burgos Valencia Basketen entrenatzaileak hutsartea eskatu zuen. Gainera, Mazyonite lituaniarrak defentsa lan itzela egin zuen Tirera geldiarazteko. Oro har, zonakako defentsan asmatu zuten etxeko jokalariek, eta bazekiten horrela jarraitu beharko zutela partidua irabazteko.
Hiru puntuko aldeagaz heldu ziren atsedenaldia: 32-29. Etxeko taldea bigarren zatian erritmoa ezartzeko helburuagaz kantxaratu zen. Bere bertikaltasunagaz Dietrickek hartu zuen taldea zuzentzeko ardura. Valentziak banakako defentsa zonakakoagatik aldatu zuen. Molinaren hirukoagaz partiduko errenta handiena lortu zuen Lointekek (48-41), baina partidua apurtzeko aukera ez zuen aprobetxatu hirugarren laurdenean. Valentziako Adams goitik aritu zen erasoan. 0-5eko partziala egin zuen Valencia Basketek.
52-46ko markagailuagaz sartu ziren azken laurdenera. Talde valentziarrak defentsa gogorragoaren aldeko apustua egin zuen eta ondo atera zitzaion. Gainera, hirukoetan ezin asmatuta zebilen etxeko taldea; 20 jaurtiketetatik hiru sartu zituen. 2-13ko partziala esanguratsua da. Dietrickek asmatu zuen, baina ez zen nahikoa. Milicen laugarren falta pertsonalak ere eragin zion taldeari. Lopezek hutsarteekin aurkarien jokoa geldiarazi gura izan zuen, baina ez zuen funtzionatu. Gasolina barik geratu ziren etxekoak. Valentziarrek konfiantza gehiago hartu zuten, eta etxekoek indarra eta konfiantza falta zituzten.
Hamar puntuko aldea egon arren, kanporaketa irekita dagoela esan zuen partiduaren amaieran Juana Molinak: “Nahiago genuke alderantziz izatea; errenta guk edukitzea, baina, kanporaketa irekita dago”. Valentziakoen barruko joko indartsua nabarmendu zuen Lointeken jokalariak. “Tirerak eta Reisingerovak min handia egin digute. Azken zatian taldea hustuta egon da, nekea igarri da. Hori da hurrengorako zuzendu behar duguna”
Zapatuan Gironaren kontra etxean daukaten ligako partiduan (18:00) pentsatu behar dutela gaineratu zuen Molinak. Orduan ere marea granatearen bultzada beharrezkoa izango dute. Izan ere, sailkapenaren bigarren postuaren borrokan daude bi taldeak. 36na puntu dituzte (Avenida liderrak baino puntu bat gutxiago), eta gaur gaurkoz talde gernikarra dago bigarren.