Sareren eskutik, sarean saretzen
Gernika-Lumoko Sarek gonbidatuta, Biztu Irratiaren uhinetatik zabaltzen den Sare On irratsaioan parte hartu zuen BUSTURIALDEKO HITZAk eguaztenean.
Elkarrizketatzaileak elkarrizketatu dituzte oraingoan. Hala zabaldu zuen Sare On saioaren aurkezle Ibon Meñikak eguazteneko tartea. Busturialdeko Hitzak 15 urte beteko ditu aurten, eta aitzaki hori baliatuta, proiektuari buruz, eskualdeari buruz, kazetaritzak bizi duen egoerari buruz eta, zelan ez, Sarek gidatzen duen saioa izanik, presoen aferari buruz aritu ziren Olaia Zabalondo eta Oihana Cabello kazetariak.
Hamabosgarren urteurrenera helduko zirenik ez zuten uste Hitzako kazetariek, hamarkada luze horretan egunkariak gorabehera eta zailtasun askori egin behar izan dielako aurre. Proiektu herrikoia indartsu jaio zela, baina osteko urteetan ahultzen joan zela azaldu zuten Hitzako kazetari direnek. Egoera ekonomikoak bultzatuta, 2011. urtean Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitzarekin bat egin beharra izan zutela ere gogoratu zuten. Dena den, 15 urte beteko dituzte, eta bide hori egiteko herritarren eta eragileen babesa indartzea gakoa izan dela aipatu zuten.
Kazetaritzaren egoera, kazetarien prekarietatea eta euskal komunikabideen egoera ere izan zuten berbagai. Hala, etorkizunaa bermatzeko garai berrietara egokitu beharra dutela azaldu zuten Hitzakoek, gaur egun kazetari multimedia izateak duen garrantzia azpimarratuz.
Presoen gaia egunkarian
Gernika-Lumoko Sarek gidatzen du Biztu Irratian emititzen den Sare On irratsaioa. 40 minutuz, giza eskubideen ganeko gaiak jorratu eta konponbideari ate bat zabaltzeko tartea izan gura du Sare On saioak. Hala, eguaztenean ere, preso politikoen gaiak Hitza egunkarian izan duen tartea eta tratamenduan izan duen eboluzioa berbagai izan zuten, horren ganeko hausnarketa eginez.
Elkarrizketa bera eta saioa bere osotasunean entzungai dago Biztu Irratiaren ondorengo esteka honetan: https://biztuirratia.wordpress.com/2020/02/19/sare-on-9/