«Erronka handia izan da; altuera horietan ez naiz lehenago inoiz ibili»
Gailurra zapaltzea ezinezkoa izan duen arren, 6.400 metroraino heldu da elantxobetarra. Ama Dablam tontorra egiteko asmoa du; beraz, noizbait Himalaiara bueltatuko dela argi du Uribarrenek.
Astebete da Lur Uribarren (Elantxobe, 1987) Himalaiatik bueltatu dela. Alex Txikonek gidatutako espedizioan parte hartu du, eta munduko mendirik gorenen artean amets bat bete duela dio.
Alex Txikonek Everestera egin duen espedizioaren parte izan zara. Zelako esperientzia izan da zuretzat?
Oso ona, amets bat bete dut. Mendizale batek Himalaia izango du beti buruan, eta hara joateko aukera izatea amets bat betetzea izan da. Gainera, Alex Txikonekin joateko aukera izan dut.
Eta kirolari legez, zer suposatu izan du?
Erronka handia izan da. Altuera horietan ez naiz lehenago inoiz ibili eta, egia esateko, ez naiz ondo prestatu ere hara joateko. Lesio bat izan nuen abuztuan, perone apurtu nuen, eta ezin izan naiz behar bezala prestatu. Pirinioetan bai ibili naiz eskalatzen, eta ondo prestatu gabe joan arren, dena ondo atera da.
Ondo egokitu zara hango klimara?
Ama Dablamen kostatu egin zitzaidan hasieran. Trekking-etik heldu eta lehenengo bi gauak txarto pasatu nituen, buruko min handiarekin eta botaka. Beraz, Alexek [Txikon] beheko herrixka batetara bidali zidan; alpisnista nahiko bajatu ginen. Gau bat egin nuen behean, eta gero, goiko kanpalekuetara bueltatu eta ez nuen arazorik izan.
Zein kotatan ibili zara?
6.400 metroraino heldu ginen, baina buelta hartu behar izan genuen.
Gorago heltzea zen asmoa, beraz.
Bai, gailurrera heltzea, eta Ama Dablamek 6.800 metro ditu. Zati handi bat geratu zitzaigun egiteko. Egin genuen lehenengo saiakeran lehenengo kanpalekura heldu ginen Felix [Criado] eta biok, baina eguraldi txarra zela eta, buelta emateko agindu ziguten. Beraz, oinarrizko kanpalekura jaitsi behar izan genuen. Bigarren saiakera ere egin genuen, eta bigarren kanpalekuko dorrea eskalatzera heldu ginen arren, horretan ari ginela Felixi kanpin dendak hegaz egin zion. Berandu zen, ezin ginen han lotan geratu. Espedizio buruek ez ziguten vivac egiteko baimenik eman; beraz, lehenengo kanpalekura bajatu ginen eta hurrengo egunean beheko kanpalekura, pena handiz.
Ez zenuten hirugarren saiakerarik egin.
Ez genuen aukerarik izan. Alex Everesterantza atera behar zen, eta besteek Katmandura bajatu behar ziren. Beraz, nik, gero, Alexen taldeagaz bat egin nuen.
Zelan batu zara espediziora?
Mendiko gidari izateko ikasketak egiten ari naiz Durangon. Praktikak egin behar nituen eta Alexek eta biok komunean dugun lagun batek, Beñat Ormaetxeak, jarri zigun harremanetan. Halanik, Alexek berak deitu zidan bere espedizioaren parte izateko.
Zein izan da zure egitekoa?
Ama Dablamera 14 alpinista joan ginen, eta talde burua ziren Alex, Jonatan [Garcia] eta Oscar [Cardo], euren sherpekin. Aurretik zindoazen, bideak ekipatzen, eta gu haien atzetik. Ama Dablamen, egia esan, ez nuen lan handirik izan, eta sukaldariaren ‘pintxe’ lanak egiten nituen. Everesten, bai. Alex eta bere taldea eskalatzetik atseden hartzera bajatzen zirenean gu igotzen ginen. Torlojuak kendu, horman utzitakoa batu eta bidea abalakov-ekin ekipatzen genuen, gero sherpak igotzeko hurrengo bidea prestatzera.
Zer da munduko tontorrik garaienaren magalean egotea?
Amets bat. Khumbu-ko ur-jausia izugarria da. Oinarrizko kanpalekua, justu, Khumbu gainean zegoen, eta asko mugitzen da. Krakadak entzuten dira etengabe, eta loak hartzea oso zaila da. Lohtse eta Pumori ere bertan daude, eta harri-jausiak ere etengabekoak dira.
Ama Dablam-i buruz, 1953an, inglesen espedizio batean (George Band) idatzi zuten tontor hori inork ez zuela eskalatuko. Baina zu bertan ibili zara.
Mendi oso konpletoa da, eta beronekin maitemindu naiz. Oinarrizko kanpalekura bidean ginela, trekking-ean, Namche Bazaar-en dagoen balkoitik ikusi nituen Everest eta Ama Dablam, eta irudi horrekin urduri jartzen hasi nintzen. Gau horretan ez nuen lorik egin. Munstro bat da, baina oso polita. Harainoko hurbilketa oso luzea da, lehenengo kanpalekura 4-5 ordu daude. Baina hara heldu eta eskalatu ahal izan genuen. Eskalatzeko mendi oso polita da, Arista de los Diablosen (Huesca, Espainia) antzekoa. Kasu honetan, baina, zero azpitik genbiltzan, haize hotzarekin. Eskalatzeko yumarrak erabili behar genituen, eta oxigeno falta asko igarri genuen. Hiru-lau pauso eman eta arnasa hartzeko atsedena hartu behar genuen. Mendi horrek denetik dauka. Edurrezko pala falta zitzaigun gailurrerako, baina buelta eman behar izan genuen. Hala ere, mendi horretan eskalatzea izugarria izan da.
Tontorra egin ez, baina helburuak beteta bueltatu zara?
Bai, duda barik. Uste baino gusturago ibili naiz. Mendi horiek irakurtzen jakin behar da. Arraunean, estropada eremura zoazenean zelako eguraldia dagoen, haizeak zelan jotzen duen, orduak eta denborak kontuan hartu behar dira. Mendian berdin. Izotza nola dagoen, eskaltzeko zein tarte datorren… Dena neurtu behar da, baina oso gustura ibili naiz eta asko ikasi dut.
Estuasunen bat ere biziko zenuen.
Eskalatzen nahiko seguru ibili gara, baina agian Khumbun bai. Sherak-en azpitik ibili gara eta arin ibili beharra genuen, kontu handiz. Korrika pasatu behar ginen, baina ezin genuen korrika egin, gailu asko generamatzalako gainean eta oxigenoa falta genuen.
Esan duzu ez dela izan Himalaiara egingo duzun azken bidaia. Zer duzu buruan?
Ama Dablam gailurra egingo dudala argi daukat. Beste mendi batzuetan saiatzea ere gustatuko litzaidake.
Etxera bueltan, egunerokotasunera buelta. Arraunean, Deustun duzu orain erronka.
Arrauna uzteko asmoa nuen, baina Deustutik deitu zidaten eta beraien proiektua interesgarria denez, batzea erabaki nuen. Bilbon talde indartsua nahi dute TKE Ligarako, eta mailaz igotzea da aurtengo erronka.
Eta bi urteko proiektuaren ostean, arrauna uzteko asmoz?
Ez dakit, ikusiko da.
Zer nahiago, mendia ala itsasoa?
Biak behar ditut. Mendiak lasaitasuna eta mendian bakarrik aurkitu ditzakezunak ematen dizkit. Eta itsasoan, talde batean nabil eta tentsioak askatzeko baliatzen dut.