Busturian egingo dute Busturialdeko 3. Txistu Eguna
Apirilaren 26rako antolatu badute ere, parte hartu gura duten txistulariek izena eman behar dute dagoeneko.
Bermeon egin zuten lehenengo Txistu Eguna, eta Foruan batu ziren iaz Busturialdeko txistulariak. Aurten, Busturia aukeratu dute Busturialdeko Txistu Eguna egiteko eta apirilaren 26rako [domeka] antolatu dute, hain zuzen ere.
Egun hori ahalik-eta hobeen antolatzeko asmoz, Busturialdeko Txistu Egunean batuko diren txistulari kopurua jakin gura dute antolatzaileek. Hortaz, aipatu egunean parte hartu gura dutenek 644 21 59 31 (Jon) telefono zenbakira deitu beharko dute. Parte hartzaileek zehaztu beharko dute txistua jotzen soilik joango diren, edota hamaiketakoan eta bazkarian ere pare hartuko duten. Bazkaria Palas jatetxean izango da eta 30 euro ordaindu beharko dira. Bestalde, partiturak bidaltzen joatea ere eskatzen dute antolatzaileek, txistua fa tonoan eta silbotea Si bemol tonoan.
Busturialdeko gazteak deitzen dituzte parte hartzera, eurak baitira eskualdeko etorkizuneko txistulariak.
Txistu Egunean parte hartuko duten txistulariek 10:20 eta 10:40 artean egon beharko dute BBKren udalekuen ondoko aparkalekuan, ordu horretan egingo baitute harrera.
11:00etan emango diote hasiera Txistu Egunari San Kristobal auzoan. Handik kalejiran abiatuko dira Altamirara, 12:15ean alardea egiteko. Ondoren, 13:00etan, Axpen Julian Borda (1871-1953) omenduko dute; txistularia, organista eta Busturiko bandaren zuzendari izan zen Borda.
14:15ean, berriz, Itsasbegitik atera eta Artadirantz kalejira egingo dute bazkaldu aurretik. 15:00etan, lagunarteko bazkarian batuko dira.
Busturiatik auzoz auzo ibiltzeko, autobusa jarriko dutela jakinarazi dute.
Busturialdeko Txistu Egunagaz lotuta, Musika lantzen Busturian 1915-1939 erakusketa jarriko dute Altamirako kultur etxean. Apirilaren 20tik 26ra bisitatu ahalko da erakusketa.
Iaz, Bermeoko, Mundakako, Gernika-Lumoko eta Busturiko 55 bat txistularik euren doinuekin bete zuten Foru.