Bermeoko Herri Babesak 42 sute itzaltzeko lanetan parte hartu du 2019an
Taldeak ateak zabalik ditu, eta boluntario izateko Berhaz bulegoan izena eman daiteke.
2019. urteko balantzea egin du Bermeoko Herri Babesak. Jakinarazi duenez, 42 sute itzaltzeko lanetan parte hartu zuten boluntarioek. 2018an baino gehiago izan ziren; orduan 27 sutetan aritu ziren.
Mota ezberdinetako esku hartzeetan ere parte hartzen dute Herri Babeseko boluntarioek, eta 2018an 104 irteera egin bazituzten, 124 izan ziren 2019an. Hainbat izaten dira esku hartzeak: eroritako kable edo zuhaitzak, gas ihesak, uholdeak garaje eta sotoetan, fatxadetatik erorketak, liztorrak, sorospenak etxeetan, kultur ekimenak…
Gaztelugatxeko San Juanera irteera ugari ere egiten dituzte. Ezbeharren bat baldin badago, SOS Deiaketik abisuak jasotzen ditu Herri Babesak; iaz, 89 abisu izan zituzten, 2018an baino nahikoa gehiago, orduan 58 izan ziren eta.
Irteerak baino askoz gehiago egiten dute, baina. Herri Babeseko koordinatzaile Jon Ojangurenek azaldu duenez, iaz erreken egoerak aztertu zituzten, herriko zein BI-631 errepideko kutxatilak, oinezkoen pasabideak, edukiontziak, eraikinak, kaleak, zuhaitz guneak… Eta azterketak eginda, horiei buruzko txostenak egin zituzten.
Gainera, denboraleei (itsasoa, haizea eta elurra) eta uholdeei buruzko protokoloak ere landu zituzten. Alde Zaharrera suhiltzaileen kamioiak sartzeko protokoloa ere egin zuten iaz.
Boluntarioen lanak gehiagorako ere ematen duela dio Ojangurenek, autobabeserako planak ere egin baitituzte; Gaztelugatxeko San Juanekoa, Artza frontoikoa edota su artifizialei buruzkoa, besteak beste.
Aspertzeko denborarik ez dute izaten. Lanik gogorrena suteak dira: «Estutasunagaz lan egiten dugu, bai barruan jendea egon daitekeelako edo baita ere asko direlako barruan egon daitezkeen gauzak. Zailak izaten dira baita ere etxeetako sorospenak. Ateak edo leihoak zabaltzen saiatzen gara etxebizitzetara sartzeko, ez dakigulako zein egoeratan aurkituko dugun barruan dagoena. Gaztelugatxera egiten ditugun irteerak ere estutasunez egiten ditugu, batez ere, esaten digutenean iktus edo infartu bat dela; ahalik-eta arinen heltzen ahalegintzen gara».
Iaz, Bermeoko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak sinatutako hitzarmen bati esker, Herri Babesak suhiltzaileen kamioi bat jaso zuen maiatzean. Kamioi hori, baina, Alde Zaharrerako handiegia dela dio Ojangurenek. «Ondo etorri zitzaigun orain dela gutxi San Migeleko baserri bateko sutea itzaltzeko, ur asko eroateko gaitasuna daukalako, baina Alde Zaharrerako ez da ona. Aldundia suhiltzaileentzako kamioi berriak erostera doa, hortaz, utziko dituzten kamioi txiki horietako bat eskatzen diegu». Bestalde, eskailera luze bat ere eskatzen dabil Herri Babesa: «Kenduko dituztenetako bat ematea ondo legoke, arriskuan jartzen ari garelako. Lekuetara igotzeko eskailera bat jartzen dugu kamioiaren gainean, eta oso arriskutsua da».
Era berean, ikastaroen beharra daukatela azpimarratu du taldearen koordinatzaileak: «Suteak itzaltzen egoten garenok ikastaroak egin izan ditugulako ari gara lan horretan, eta ekipamendu ezberdinak erabiltzen ikasi dugu. Boluntario berrientzat, baina, ikastaro gehiago gurako nituzke. Aldundiak esan zuen ikastaroak eskainiko zituela, baina horien berri ez dugu eduki».
Herri Babeseko ateak zabalik daudela gogorarazi du Ojangurenek, gura duenak izan ahal du boluntario. Bi baldintza bakarrik bete behar dira: 18urtetik gora izatea eta Bermeon bizitzea. Izena Berhaz bulegoan eman daiteke. Herritarrak animatu ditu boluntario egitera, esperientzia «aberasgarria» baita.
Hamalau boluntario inguruk osatzen dute Bermeoko Herri Babesa. Aktiboki, baina, zazpi-zortzi inguru ibiltzen dira.