First Lego League lehiaketa irabazi dute Sagrado Corazonekoek
Bermibot taldea Espainiako Txapelketan egongo da. Mondragon Unibertsitateko sariketan parte hartu zuten baita ere Gernika-Lumoko San Fidel ikastolako Zeni taldekoek.
Mundua leku hobea izateko nola berritu daitekeen badakitela erakutsi zuten joan den zapatuan Busturialdeko zenbait ikaslek. Euskal Herriko 126 taldek beren indarrak neurtu zituzten berrikuntza proiektu, robot eta askoz gehiagogaz First Lego League Euskadi Lehiaketan. Sari nagusietako bat, gainera, Bermeora ekarri dute Sagrado Corazon ikastetxeko DBH 4. mailako 11 ikaslek osatzen duten Bermibot taldekoek.
Sariagaz “oso pozik eta hunkituta” daude. Asier Oseguera ikasleak amari esaten dio “eskolan historia egin dutela”. Izan ere, Sagrado Corazon ikastetxeko ikasleak hirutan aurkeztu badira ere, aurten jaso dute lehenengoz saria, “eta lehenengoa, gainera!”.
Ikastetxeko protagonista nagusiak dira asteon, gainontzeko ikasle guztiek proiektu irabazlea ezagutu gura dute eta.
Gero eta talde gehiagok parte hartzen dute First Lego League Euskadin. Horregatik, aurten, lehenengoz, hiru lekutan egin dute lehiaketa. Bermibot taldeak Mondragon Unibertsitateko sariketan parte hartu zuen.
Martxoaren 28an eta 29an Tenerifen (Kanariak, Espainia) jokatuko den Espainiako Txapelketan egongo dira bermeotarrak Euskal Herriko beste bost taldegaz batera. Horretan, Espainiako Estatuko 70 parte hartzaile egongo dira. “Apur bat lan gehiago” eginda, goian egoteko aukera badaukatela uste dute ikasleek: “Oraingo proiektuari aldaketa batzuk egitea da asmoa, hobetu egin behar dugu orain aurkeztutakoa, besteen artean bereizteko”.
Lehiakideen artean maila “altua” dagoela uste dute; “mikroalgekin eta holakoekin lan egiten dute”, dio Izaro Isasi ikasleak. Espainiako lehiaketan aukera izango dute Estatu Batuetan, Japonian, Grezian, Brasilen eta Australian apirila eta uztaila bitartean egingo diren nazioarteko lehiaketetara joateko baimena lortzeko.
Lau hilabete “gogotsu” lanean ibili direla azaldu dute. Lana ematen badu ere, gogoa jarrita ondo eroaten dela diote. Eskola orduetan lan egin dute, baina baita jolasorduetan eta eskola orduak amaitutakoan ere. “Irakasleak bidelagun baditugu ere, gure kabuz egiten dugun zerbait da, gure modura egiten dugu”, dio Isasik. Talde lanaren garrantzia azpimarratu dute.
Iazko lehiaketara aurkeztutako proiektua ezagutzeko aukera izan zuten aurreko ikasturteko 3. neurketan. Handik ideiak hartu zituzten, eta aholkuak ere jaso zituzten egileengandik.
Irakasleek coach lana egiten dute. “Gu bidelagunak baino ez gara, bideak eta ateak zabaltzen dizkiegu, baina eurak dira dena aukeratzen dutenak. Eurek ikasten dute ikasten”, esan du Eneko Juaristi irakasleak. Ikastetxearentzako saria “pozgarria” dela aipatu du Juaristik: “Proiektu honen aldeko apustua egin genuen, eta poztu egiten du egindako lanaren fruituak ikusten direnean”.
Itziar Toja irakaslearentzat, bestalde, lanaren aintzatespena da saria: “Kanpokoek ikusi ahalko dute zein den gure maila”. Lehiari dagokionez, badagoela dio; eta, oraingoan Sagrado Corazon ikastetxeko ikasleei “borobil atera zaie”.
Lau zati ezberdin dauzka lehiaketak. Robot bat sortu dute, eta mahai batean misio ezberdinak egin behar izan ditu, jolasean jarri behar dute robota. Ondoren, bigarrenez, robotaren aurkezpena egin behar izan dute epaimahai baten aurrean. Hirugarren atala proiektu zientifiko bat egitea izan da. Aurtengo gaia espazio publikoetako arazoak konpontzea izan da etorkizunera begira. Isasik azaldu duenez, birziklatutako plastikoa erabili dute jolas lekuak egiteko, “txikienak kontzientziatzeko”. Azkenik, baloreen atalean, taldeko baloreak aurkeztu behar izan dituzte; bermeotarrek kantuan eta dantzan egin zuten aurkezpena.
Esperientzia “oso ona” izan dela diote, eta asko ikasi dutela.
Mondragon Unibertsitateko sariketan parte hartu zuten baita ere Gernika-Lumoko San Fidel ikastolako Zeni taldekoek. Auto elektrikoentzako bateria kargagarria sortu zuten ikasleek lehiaketarako. Juniorretan ere bi talde aurkeztu zituzten: Ekoetxe eta Roborrot.