Emakumeen ahalduntzea eta bizi kalitatea lantzeko jardunaldiak antolatu ditu Erroxapek
Hiru saio antolatu dituzte; denak 18:30ean hasiko dira Erroxaperen egoitzan.
Bermeoko Erroxape emakumeen elkarteak Emakumea eta Osasuna izeneko jardunaldiak antolatu ditu laugarren urtez jarraian. Aurreko urteetako arrakasta ikusita, berriro antolatzea erabaki dute.
Otsailerako antolatu dituzte jardunaldiak eta hiru saioz osatuta egongo dira, hain zuzen ere. Emakumea eta Osasuna jardunaldien bitartez, batetik, emakumeen ahalduntzea landu gura dute, eta bestetik, bizi kalitatea hobetzeko aholkuak emango dizkiete parte hartzaileei.
Bihar izango da aipatu jardunaldien baitako lehenengo saioa, eta hurrengoak otsailaren 20an eta 27an izango dira; hirurak eguenak.
Hiru saioak 18:30ean hasiko dira Erroxape elkarteak Erreten parkean daukan egoitzan, eta doan parte hartu ahal izango da guztietan.
Bihar, ondo eta polito zahartzeko aukerez ariko dira Itziar Gandia Quintanilla psikologoagaz. Jakinarazi dutenez, emakumeekin talde terapiak egiten dituen psikologoa da Gandia eta emakumea eta emozioak lantzen aditua da. Modu «oso positiboan» lantzen ditu gaiak: «Nagusiak egiten garen heinean, gauza asko galtzen ditugu, baina beste batzuk irabazi. Begirada horretatik abiatuko da Gandia».
Otsailaren 20an, barreterapiako tailer bat eskainiko dute; Xus Paul Moranchok eskainiko du, hain zuzen ere. Barreterapia tailerragaz batera, gorputza mugitzeko zenbait teknika ere azalduko dituela diote. «Helburua, egunerokotasunean daramatzagun hainbat tentsio askatzen ikastea da».
Azken saioa, otsailaren 27koa, norbere gorputza maitatzen eta haregaz gozatzen ikasteko tailerra izango da. Leire Zuluaga hezitzailea eta sexu heziketan formatzailea izango da hizlaria.
Jardunaldiak «oso interesgarriak» izango direlakoan, emakume guztiak gonbidatu dituzte parte hartzera.