Busturiko Udalak margotze eta mantentze lanak egin ditu Aingerubideko kultur etxean
San Bartolomeko mediku kontsultategian, berriz, ate berria jarri dute, «erraztasunak emateko».
Azken hilabeteetan mantentze eta hobetze lanak egiten ibili da Busturiko Udala; horien artean, Axpe auzoan kokatuta dagoen Aingerubideko kultur etxean margotze eta mantentze lanak egin dituzte, eta zaharkituta zegoen mediku kontsultategiko atea berritu dute.
Aingerubideko kultur etxean eguzki askorik ez da sartzen eta gune hezea dela dio Busturiko alkate Aitor Aretxagak: “Hezetasunaren eraginez, pintura txarto zegoen, jausita leku batzuetan. Bestalde, behekaldean daukan xafla ere herdoilduta zegoen”. Eraikin barruari, hortaz, aurpegia garbitu diote eta kanpoaldean ere zenbait margotze lan egin dituzte, “eraikinaren behekaldean, batez ere”.
Kirol ikastaroak egiteko erabiltzen dute Aingerubideko kultur etxearen beheko solairua, eta goikoa, berriz, batzarrak egiteko. Mantentze lan horiek egitera 4.100 euro inguru bideratu ditu Busturiko Udalak.
Berrantolatzeko asmoa. Altamira auzoko kultur etxean mantentze lanak egiteko asmoa ere bazegoela esan du alkateak, hala ere, 2020rako utzi dute: “2020ko aurrekontua egiten dugunean, berriro sartu beharko ditugu lan horiek”.
2016. urteko azken hiruhilekoan Altamirako frontoian berritze lanak egin zituztenean, frontoi ondoan kokatuta dagoen kultur etxearen hormak garbitu zituzten; hezetasunaren eraginez, belztuta zeuden-eta. Bigarren fase baterako utzi zuten, berriz, kanpoan zein barruan margotze lanak egitea bai eta leiho eta ateen markoak aldatzeko lanak egitea ere.
Altamira auzoko kultur etxean, hala ere, berrantolaketa lanak egiteko asmoa daukate: “Uste dugu etekin handiagoa atera ahal diogula. Orduan, eraikina hobetzeko zer egin daitekeen pentsatzen gabiltza; hau da, Kzgunea nora mugitu, ikasketa gelekin eta agertoki atzeko lokalagaz zer egin…birplanteatu egin behar dugu”. Kultur Etxea izateaz gain, liburutegia era bada eta irakurtzen edo ikasten joan gura duten horientzako lekua hobetu beharra daukatela uste du alkateak, “leku zaratatsua da eta jende asko mugitzen da”. Hortaz, dioenez, pentsatu beharra daukate zer den eraikin horretan egin gura dutena, ondoren beharrezkoak diren lanak egiteko.
Sentsore bidez zabaldu. San Bartolomen kokatuta dagoen mediku kontsultategiko atea ere aldatu dute. Handia zen eta pisutsua, beraz, “askorentzat zaila zen atea irekitzea”. Orain dela urte batzuk, irtenbidea bilatu asmoz, txirrina jarri zuten eta barrukoren bat hurbiltzen zen atea zabaltzera. Hala ere, ez zuten “egoki” ikusten eta ate berria jartzea erabaki dute: “Diru laguntzak eskatu baditugu ere, orain arte ez ditugu jaso”. Aurten, berriz, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren diru laguntza jaso dute.
Orain, sentsore bidez zabaltzen den kristalezko ate berritua dauka mediku kontsultategiak. Alkatearen esanetan «erabiltzaileei erraztasunak ematea da helburua».